NAIZ

Unai Aranzadiren ‘A costa dos Lançados’ dokumentala saritu dute Veracruzeko X. zinema jaialdian

Unai Aranzadi kazetari getxoztarraren ‘A costa dos Lançados’ lanak dokumental onenaren saria eskuratu du Mexikoko Veracruzeko X. zinema jaialdian. Lanak, «migrazio-mugimenduaren iraganari eta orainari buruzko paradoxa bat» erakusten du.

Dokumentalaren grabazioko irudi bat.
Dokumentalaren grabazioko irudi bat. (NAIZ)

Unai Aranzadi kazetariak idatzi eta zuzendutako  ‘A costa dos Lançados’ ikus-entzunezko lanak film luze dokumental onenaren saria eskuratu du Mexikoko Veracruz hiriko X. zinema jaialdian, Getxoko Udaletik jakinarazi dutenez.

Aranzadik 2021eko udazkenean egin zuen grabazioa, Ginea Bisau, Gambia eta Senegalen, migrazio-arazoaren sorrera road movie edo bidaia- eta historia- elementuekin erakutsiz. Dokumentalak migrazio-mugimenduaren iraganari eta orainari buruzko paradoxa bat erakusten du, «XV. mendean Afrika mendebaldeko kostaldean irtenbide gisa sartu ziren lehen europarren historia erakusten baitu», azaldu dutenez. «Lançatu izenarekin ezagutzen ziren, literalki, ibaian gora jaurtitzen zirelako», gaineratu dute.

Dokumentalak hainbat gai jorratzen ditu, hala nola kolonialismoa, esklabotza, giza eskubideak, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko desberdintasun-harremanak, ustelkeria edota Afrika beltzeko migrazio-arazoaren sorrera, Europarako bidaiari ekitera bultzatzen duen horretan fokua jarriz.

Udaletik egilea zoriondu nahi izan dute «merezitako errekonozimenduagatik» eta Udalak UN Etxea entitateak ekoiztutako «ikus-entzunezko lan garrantzitsu honi ematen dion babesa azpimarratu» nahi izan dute. «Dokumental honek kolonialismoari, esklabutzari eta giza eskubideei buruz hausnartzeko gonbita egiten du, baita gai horiek belaunaldietan nola uzten duten beren arrastoari buruz ere», nabarmendu du Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.