NAIZ

Peio Etxeberriak ez du hausturarik eta ostegunean erabakiko du jokatzeko gai izango den ala ez

Zenotzeko pilotariak eskuin eskuko haz txikiaren metakarpoaren hatz burua ez dauka hautsita, mediku azterketek erakutsi dutenaren arabera. Alabaina, aurrelari nafarrak gauzak presa gabe egin gura ditu eta ostegunera arte atzeratzea erabaki du bere azken erabakia.

Peio Etxeberria, eskuin eskuan min hartu zuen Labriteko partidan.
Peio Etxeberria, eskuin eskuan min hartu zuen Labriteko partidan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Eskuz Binakako Txapelketako bosgarren jardunaldiko partidan, Peio Etxeberriak, tanto bat galdu ostean, ukabilkada bat eman zion kontrakantxa eta harmailak bereizten dituen hormatxoari, eta zauri handia egin zuen hatz-koskorrean. Partida amaitu ondoren erradiografia bat egin zioten, non «haustura lerro» posible bat ikusten zen.

Baina asteartean Zenotzeko aurrelariari egindako proba osagarrietan eskuin eskuko hatz txikiko metakarpoaren burua hautsi duenik baztertu zen. Horrez gain, hilaren 24an Euskal Telebistari emandako elkarrizketa batean, pilotariak eskuan minik ez zuela sentitzen adierazi zuen.

Asteazken honetan Sestaon eta Tolosan jokatuko diren seigarren eta zazpigarren jardunaldietako pilota aukeraketetan arazorik gabe aritu da Etxeberria, baina ostegunean entrenamendu gogor bat egingo du eta orduan erabakiko du ostiraleko deman ariko den ala ez.

«Ondo aurkitzen naiz eta partida hil ala bizikoa balitz, orduan kantxaratuko nintzateke, zaantzarik gabe. Baina Binakako Txapelketa oso luzea da eta pazientzia behar da. Proba egingo dut lehenik eta orduan erabakiko dut. Ondo banago, ba aurrera, baina bestela, pare bat egunetan atseden hartuta hobeto egotea moduan izanez gero, ba ez dut arriskatuko», adierazi du aurrelari nafarrak.

Ostiraldean ez jokatzea erabakiko balu Peio Etxeberriak, Aspek ordezko bat ipini beharko lioke Jose Javier Zabaletarekin bikotea osatzeko. Orain arte Elezkano II.a aritu da ordezko aurrelari ordezko lanak egiten. Nolanahi, Javier Zabalaren garaipen-bolada onak errioxarrak bere aukera izatea suposa lezake.