NAIZ

Azken agurra eman diote Hendaian ‘Popol’ Arranbide «ekintzaile nekaezinari»

Robert ‘Popol’ Arranbideren ehorzketak izan dira gaur arratsaldean Hendaian. Berdin militante politiko gisara zein herriko hainbat elkartetan eginiko lanaren bidez agerturiko «engaiamendu nekaezina» nabarmendu dute ekitaldian.

Dantzari batekl aurreskua eskaini dio hil berriari.
Dantzari batekl aurreskua eskaini dio hil berriari. (Guillaume FAUVEAU)

Robert ‘Popol’ Arranbide euskal militante abertzalea joan zen abenduaren 21ean hil zen, 81 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. 

Gaur, 14.30etik aitzin, Hendaiako Bixintxo elizan bere aldeko hiletak izan dira.

Horren ostean, ekitaldi xume baten bidez, bere bizitza osoan zehar berdin militante politiko gisara zein herriko hainbat elkartetan eginiko lanaren bidez Arranbidek agerturiko «engaiamendu nekaezina» nabarmendu dute.

Lehenik eta behin, bertsolari bik bere bizitzaren hainbat pasarte aletu dituzte.

Ondoren, Biharko Hendaia zerrenda abertzalearekin herri kontseilaria izan zen Arranbideren ondoan jardun zuen beste hautetsi batek, Claire Legardinier-ek, hitzartze laburra egin du.

Hamarnaka herritarren aurrean, anartean Kotte Ezenarro auzapez sozialista zelarik, ‘Popol’ Arranbide «ekintzaile sutsu eta guztiengandiuik errespetatua» izan zela nabarmendu du egun Hendaia Biltzen taldeko herri kontseilari den Legardinier-ek.

«Zure ondoan militatu duten askok badakite zenbat zor dizugun eta herri mailan, ezaguna da elkartetan eginiko lanarengatik» jarraitu du.

Hala, Akelarre kultur elkartearen baitan, lehendakari gisa, prekarietate sozial larria pairatzen duten herritarren alde lan egiten duen Txoko elkartearen bolondres bezala edo Antxeta irratiko kolaboratzaile bezala jardun zuela oroitarazi du.

Bestalde, ‘Popol’ Biharko Hendaia zerrendaren lehen hautetsi abertzalea izan zela gogoratu du zinegotziak, eta «bere irrifarrarekin lagundu zuela gure ideak hedatzen» gaineratu.

«Oraindik entzuten dugu zure ahotsa pizten Herriko Etxeko Kontseiluan, bazenekielako nola transmititu eta defenditu zure posizioak», aitortu du.

«Erreleboa pasatu diguzu eta Hendaiako herriari eman diozun guztia saiatuko gara transmititzen eta praktikan jartzen», gaineratu du hautetsiak.

«Hendaiarren artean zubi eta lotura egiten zituen» ‘BIL’ aldizkarian Arranbidek eginiko ekarpena aipatu ondoren, Legardinier-ek azken aitormena egin dio hil berriari: «Altxor bat bezala gordetzen dugu, garai baten isla den eta zuk irudikatzen zenuen aktibismo nekaezina».

Akelarre kultur elkarteko lehendakaria izan zen ‘Popol’ eta taldeko dantzari batek ohorezko aurreskua dantzatu du bere hilkutxaren aitzinean.

‘Eusko Gudariak’ kantatuz amaitu da Arranbideri eskainitako omenaldia.