2023ko hamar telesail (berri) onenak
Tradizioak agintzen duen moduan, urteko azken testu hau ikusitako telesail onenak errepasatzeko aproposena izaten da. Zoritxarrez, aurten ere ezin izango dut euskarazko telesailik nabarmendu. «Primeran» iritsi da, baina oraindik herren dabilela iruditzen zait.
Zerrendara jauzi egin aurretik, garrantzitsua da honako hau aipatzea: 2023an estreinatu diren telesail berriekin osatutako sailkapena da; ez larritu, beraz, «The Bear», «Fargo», «Succession» edota «Time» ez daudelako.
The Last of Us
HBO MAX
Denok ezagutzen duzue jada telesaila, baina despistatuen taldean bazaude edo oraindik ikustera animatu ez bazara, honatx gomendioa, bikaina iruditu baitzait bideojoko ezagunaren moldaketa hau. Aurtengo fenomenoa, zalantza izpirik gabe.
Cordyceps izeneko onddo batek gizateria ia osoa suntsitu -gizakien gorputzaren eta garunaren jabe egiten da- eta hogei urte geroago girotutako telesaila da. Mundu ilun eta latz horren erdian Joel eta Ellie daude, koarentena eremu batetik atera behar duten protagonistak. Hortik abiatuta, haiekin batera bidaiatuko dugu, motxila barruan drama, umore apur bat, akzioa, beldurra eta, batez ere, emozio ugari sartzen diren bitartean.
Lehenik, Pedro Pascal eta Bella Ramsey aktoreen -eta jakina pertsonaien- arteko kimika magikoa iruditu zait, telesailaren euskarririk sendoena. Gustavo Santaolallaren soinu-banda zoragarria da; girotze lana, ezin hobea; erritmoaren erabilera, milimetrikoa eta atal bakoitzak osotasunarekin duen garrantzia ere nabarmena iruditu zait. Harrigarria da bideojokoaren diseinu artistikoa benetako irudietara nolako zehaztasunez egokitu duten.
Fleishman Is in Trouble
DISNEY+
Toby eta Rachel izeneko bikotearen dibortzioari buruzko istorioa da honako hau; horren ondoren datorrenari buruzkoa, zehatz-mehatz. Banaketaren ostean, egun batean, Rachel arrastorik utzi gabe desagertuko da; Toby bakarrik geratuko da, bederatzi eta hamaika urteko bi seme-alabekin batera. Ez da era honetan desagertzen den lehenengo aldia, baina inoiz ez hain denbora luzez eta are gutxiago aldez aurretik jakinarazi gabe.
Haustura horren protagonista nagusiak Jesse Eisenberg eta Claire Danes direla esan behar nuen, baina Lizzy Caplan ere ezinbestean sartu behar dut hirukotean; kontakizunaren eskutik doan behar-beharrezko off-ahotsa berea delako eta ezinbesteko pertsonaia bihurtzen delako horri esker.
Egitura narratiboa deigarria iruditu zait; emazte ohiaren desagerpena argitzeko asmoz, pertsonaia nagusia iraganeko pasarteei ainguratuta bizi da, eta telesailak egiten dituen denbora-jauziek, protagonistaren ikuspuntutik betiere, erritmo bizia ematen diote, muntaia lan apartaz eta Caroline Shaw-en musika dotoreaz lagunduta. 30-45 urte bitarte badituzu, protagonista bakoitzaren zati batekin identifikatuko zarela iruditzen zait edo, behintzat, enpatia sentituko duzula.
Jury Duty
PRIME VIDEO
Errealitatearen eta fikzioaren arteko hibridoa da «Jury Duty», eta planteatzen den jokoa, eta batez ere horrekin lortzen den emaitza, zoragarria iruditu zait. Dokumental formatuan, epaiketa bateko epaimahaikide jakin batzuen eguneroko lana erakusten du. “Baina” handi batekin: dena da faltsua. Epailea, epaiketa bera, lekukoak, abokatuak, epaimahaikideak... guztiak dira aktoreak. Tira, guztiak ez; hamabi epaimahaikide horietatik hamaika, zehatz-mehatz. Izan ere, kide horietako batek, Ronald Gladden-ek, ez baitaki dena gezurrezkoa denik eta zehatz-mehatz planifikatua dagoen istorio baten barruan murgilduta dagoenik.
Ez da reality show -a, ezta dokumentala ere. Serie honetan, pertsonaietako batek ez baitaki fikziozko telesail baten barruan dagoenik; adibidez, «The Office»-n pertsonaia guztiak aktoreak balira bezala, Michael Scott izan ezik. Los Angelesen girotuta dago «Jury Duty», eta hamazazpi egunez filmatu zuten, inprobisazioan esperientzia luzea duten hainbat aktoreri esker -tartean, James Marsden ezaguna ere ageri da-. Egun horietan guztietan “esperimentua” ezkutatu behar izan zioten Gladden-i.
Zeure aurpegian irribarre erraldoi bat marrazteko gai izango den proposamen originala, freskoa, atsegina eta oso dibertigarria. Altxor txiki bat iruditu zait.
Blue Eye Samurai
NETFLIX
Telebista itzali, ordenagailura joan eta testu hau idazten hasi naiz. «Blue Eye Samurai» amaitu berritan, ahalik eta arinen idatzi nahi nuen iruzkin hau, txundigarria iruditu baitzait; hipnotizatu egin nau.
XVI. mendean girotuta dago, Edo dinastiaren garaian, eta protagonista nagusia Mizu izeneko ezpatari mestizoa da. Klandestinitatean bizi da, eta mendeku bila dabil gizonak nagusi diren mundu batean. Gerlariak ezkutuan gorde beharko du bere generoa, baita begietako kolore salatzailea ere.
Animazio lana, eszenaratzea eta akzio eszena odoltsuak iruditu zaizkit bereziki deigarriak, eta jakina, Mizuren pertsonaia misteriotsua ere bai. Jidaigeki generoari -Japoniako historiako Edo aldian girotutako “garaiko dramak”- ikuspegi interesgarriagoa eskaintzen dio. Eragozpen bakarra jarriko nioke: aro horretan girotuta ko istorioa izanda, ingelesez grabatua egoteak sinesgarritasuna kentzen dio eta helburu komertzialaz harago ez diot inolako zentzurik ikusten.
Le Buone Madri
DISNEY+
Italia hegoaldeko Calabriako erakunde kriminala da ‘Ndrangheta. Siziliako Cosa Nostra edota Napoliko Camorra erakundeen nolabaiteko parekidea. Euskarara ekarrita, “gizontasun adoretsu” moduan uler genezake. Benetako gertaeretan oinarritutako Italiako telesail honek erakunde horretako hiru emakumeren istorioa azaltzen du: emakumeek Alessandra Cerreti izeneko fiskalarekin bat egingo dute inperio kriminal hori barrutik akabatzeko.
Hiru emakumeren istorio zirraragarria da “Le buone madri” (Ama onak) eta mafiaren mundu patriarkala emakumeen ikuspegitik azaltzen duena. Tentsioz betea, iluna eta interpretazio sendoz lagunduta. Poliziaren eta mafiaren arteko gerra azaldu baino gehiago, familia horietan sakontzen du, baina ez ditu mafiako klanak osatzen dituzten gizonezkoen ohiko traizioak, borrokak eta mendekuak azaltzen; gizon horiek klan horietako emakumeei eragindako guztia baizik.
Beef
NETFLIX
Bi ezezagunen arteko trafiko gorabehera-istilu batek bien alderdirik ilunena azaleratuko duen gatazka bat sortuko du. Danny Cho bere kabuz lan egiten duen gizona da, kontratatzen duten etxeetan era guztietako konponketak egiten dituena. Bizitza nahiko bakartia eta prekarioa darama. Amy Lau, aldiz, arrakasta handiko enpresaria da, diruduna eta, ustez behintzat, ametsetako bizitza daraman emakumea. Txikikeria dirudien gorabehera arrunt hori tsunami bat eragingo duen ur tanta izango da.
Bi pertsona oso desberdinen krisi existentzialari buruzko kontakizuna da, eta arazo pertsonal horrek, hain zuzen, lehen aipatutako gertaera “txiki” horrekin uztartuta, geldiezina izango den eztanda nola eragiten duen azaltzen duena. Era oso desberdinetan bada ere, gizarte klaseen bi aldeetan sufritzen dela erakusten du telesailak. Aparta iruditu zait. Umore beltzez jositako telesail bizia, nahiko basatia, oso entretenigarria eta bisualki nortasun handikoa.
La Mesias
MOVISTAR+
Argi eta garbi esango dizuet: Espainian inoiz egin duten telesailik onenetarikoa da. Zazpi ataletan banatutako telesail honen hasieran, Enric eta Irene ezagutuko ditugu, elkarren artean harremanik ez duten neba-arrebak. Harreman hori etetearen arrazoia apurka deskubritzen joango gara, baina iragan traumatiko eta ilun bati lotua dagoela aurreratuko dizuet. Hiru hamarkada baino gehiagotan hedatzen den istorioa da, baina betiere bi pertsonaia nagusien begiradatik azaldua.
Thriller familiarra, drama, beldurra eta komedia apur bat uztartzen dituen proposamen deserosoa eta xurgatzailea da, su motelean prestatua. Algoritmoen garai honetan, non guztia erritmo frenetikoan kontsumitzera behartzen gaituzten eta ikus-entzunezko lengoaia ere modu horretan eraikia dagoen -adimen artifizial batek sortua izan balitz bezala-, zenbat eskertzen ditudan honelako proposamen ausart eta desberdinak.
Questo mondo non mi rendera cattivo
NETFLIX
Zerocalcare komikigile italiarraren lan berria. 2021. urtean «Strappare lungo i bordi» bikaina estreinatu zuen, bere bizipenetan oinarritutako animazio seriea. Erromako marrazkilari gazte batek, gizarte kontzientzia oso sakonekoak eta armadilo erraldoi bat kontzientziatzat duenak, bere bizitza ibilbideaz eta maitasunaz hausnartzen du hiritik kanpo bidaiatzen ari den bitartean.
2023an, «Questo mondo non mi rendera cattivo»-rekin itzuli da. Protagonista eta unibertso bera, baina istorio eta egoera desberdinekin. 2021eko telesailaren mezu nagusian garuneko osasuna eta depresioa jorratzen ziren eta honetan ultraeskuinaren gorakadaz dihardu, eta egiten duguna egiten dugula mundua kaka bat dela eta pikutara doala.
Somewhere Boy
FILMIN
Danny da protagonista nagusia. Umea zen, ama auto istripuan hil zenean. Oinazeak gaindituta eta hura ere galtzeko beldurrez, umea etxean giltzapetuta uztea erabakiko du aitak. Kanpoan munstroak daudela, mundua arriskutsua dela… haurraren burua beldurrez eta izu-ikaraz betetzeko helburuz, etxetik sekula ez ateratzeko araua ezarriko dio.
Hala, telesailaren hasierako haur hori hemezortzi urteko nerabea den garaian girotuta dago seriea, aitak bere buruaz beste egiten duen unean. Danny gaztea izeba Sueren etxean hartu dute. Amaitu dira aitak ezarritako isolamendua eta gehiegizko babesa, baina benetako erronka orain hasiko da berarentzat. Pixkanaka, ia estralurtarra balitz bezala, Dannyk kanpoko mundua deskubritu beharko du.
Argumentua irakurri ostean, ez pentsa misterioz beteriko thriller dramatikoa ikusiko duzunik, telesailaren helburua eta tonua oso bestelakoak baitira. Gogorra da oso, baita hunkigarria ere, baina bereziki maitasunari, doluari eta ukazioari buruzko erretratu zoragarria da. Lewis Gribben-en antzezpen lan harrigarriaren bitartez, kanpoko munduan ezagutzen ez dituen gauza guztien aurrean duen nahasmen orokorra ezin hobeki islatzen da telesailean.
Poker Face
SKYSHOWTIME
Rian Johnson zuzendari eta Natasha Lyonne protagonista dituen ekoizpen bizia eta oso entretenigarria. Lyonne-k Charlie Cale hezurmamitzen du, kasino bateko langilea eta gezurrak atzemateko berezko gaitasuna duen emakumea. Kasinoko nagusiarengandik ihesi, eta berezkoa duen dohain hori erabiliz, krimen bitxiak konpontzen saiatuko da, hainbat pertsonaia deskribaezinarekin topo egiten duen bitartean.
Atal bakoitzean istorio bat jorratzen da, eta misterio eta krimen horiei indarra eta sostengua emateko, telesaila izar gonbidatuz josia dago: Adrien Brody, Nick Nolte, Joseph Gordon-Levitt eta abar. Kontakizun osoa egituratzen duen premisa 70-80ko hamarkadetako telesailei egindako omenaldia dela iruditu zait -«Columbo» edota «Murder, She Wrote», esaterako-, baina Coen anaien kontakizunetatik zipriztinduriko umore beltza eta erritmoa erabiliz. Generoaren zalea bazara, bereziki gozatuko duzu proposamen honekin.