NAIZ

Errenteria, Zarautz eta Basauri, udalerri «bikainak» inbertsio sozialean

Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien Estatuko Elkarteak inbertsio sozialean «bikaintasuna» lortu duten udalerrien zerrenda argitaratu du ostiral honetan. Errenteriako, Zarautzeko eta Basauriko udalerriek lortu dute izendapen hori Hego Euskal Herrian.

Errenteria izan da inbertsio sozialean «bikaintasun» izendapena jaso duen Euskal Herriko udalerrietako bat.
Errenteria izan da inbertsio sozialean «bikaintasun» izendapena jaso duen Euskal Herriko udalerrietako bat. (Andoni Canellada | FOKU)

Errenteria, Zarautz eta Basauri dira Hego Euskal Herriko udalerri bakarrak inbertsio sozialean «bikaintasunaren nibela» lortzen dutenak, Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien Estatuko Elkarteak ostiral honetan argitaratutako sailkapenaren arabera.

Elkarte honek, zazpigarren urtez jarraian, 20.000 biztanletik gorako 404 udalek Gizarte Zerbitzuen eta Gizarte Sustapenaren partidara bideratzen dituzten aurrekontuen azterketa egin du, Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioak argitaratzen duen 2022ko Aurrekontu Likidatuari dagozkion datuekin. Informazio ofizial horretatik abiatuta, udalak hainbat kategoriatan sailkatu dituzte, beren gizarte inbertsioaren hainbat irizpideren arabera.

Euskal Herrian hiru udalerri «bikain» izendatu dituzte: Errenteria, Zarautz eta Basauri. Pasa den urtean, udalerri hauez gain Eibarrek ere jaso zuen izendapen hau. Aurtengoan ere, ez da Nafarroako herririk ageri zerrendan; kontuan hartzekoa da 20.000 biztanle baino gehiagoko herriak soilik aztertzen dituztela.

37 udalerri «bikain»

Aztertutako 404 udalerrietan, 37 udal «bikain» daude, udalerri guztiek egindako gastuaren batez bestekoaren %160ra iristen baitira (94,57 euro biztanleko), biztanle bakoitzeko urtebetean 151,31 euroko gutxieneko inbertsiora iritsi arte.

Lehen postuan Jaengo Alcala la Real udalerria dago (320,55 euroko inbertsioa biztanleko), ondoren Baza udalerri granadarra (288,24 euro), Tenerifeko Los Llanos de Aridane (273,64 euro), Bartzelona (254,82 euro) eta Puente Genil kordobarra (236,89 euro).

Oro har, inbertsio ekonomiko nagusia egiten duten udalen kopuru handiena duen erkidegoa Andaluzia da (16 udalerri), Andaluziako toki erakundeek kudeatzen duten mendekotasun sistemaren etxez etxeko laguntza zerbitzuak eragin ekonomiko handia duelako.