Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Interview
Damaris Egurrola
Olympique Lyoneko jokalaria

«Bilboko Txapeldunen Ligako finalarekin amets egiten dut»

Munduko Txapelketan debuta, bi titulu gehiago poltsikoan, lehia handietan bizirik taldearekin eta selekzioarekin, protagonismo handia bietan... Emakumezkoen Txapeldunen Liga eskuratu zuen lehen euskaldunak lorpenez beteriko urteari agur esango dio, beste urte erakargarri bati ongietorria emateko.

Damaris Egurrola.
Damaris Egurrola. (Jeff PACHOUD | AFP)

Ligako lidergoarekin eta Txapeldunen Ligako final laurdenetarako txartelarekin amaitu du urtea Olympiquek. Eta Nations Leagueko finalerdiak jokatuko dituzte Herbehereek. Lorpen horietan guztietan zeresan handia izan du Damaris Egurrolak.

Sonia Bompastorren konfiantza osoko jokalaria, gero eta protagonismo handiagoarekin selekzioan, azken asteotan sekulako garrantziko golak sartzen... Pentsa liteke ez duela 2023a bukatzerik nahi. Baina urte oso intentsoa izan denez eta hurrengoa erronkaz beteta datorrenez, oporrak hartzeko eta aprobetxatzeko inoiz baino gogo gehiago du bizkaitarrak.

Zure ibilbideko unerik gozoenetakoa bizitzen ari zara?

Ez naiz ausartzen horrenbeste esaten. Oraindik karrera ia osoa daukat aurretik. Baina, orain artekoari begiratuta, baliteke. Askotan ez zara kontziente, kontzentratuta baitzaude hurrengo partidan, lanean. Baina egia da pozik nagoela. Aurreko denboraldietan egindakoarekin ere bai, baina urratsak egiten ari naiz.

Liga eta Kopa irabazita ere, 2023ko lehen erdia ez zen hain ona izan Olympiquerentzat, zuen helburu handia Txapeldunen Liga dela kontuan hartuta.

Txapelketa guztiei gogo berberarekin ekiten diegun arren, egia da Txapeldunen Liga berezia dela guretzat. Eta Chelsearen kontrako kanporaketa horrek mina egin zigun. Baina azkenean aurtengo edizioari motibazio handiagoarekin ekitera bultzatu gaitu. Ni bereziki. Taldekideei ere esan diet, finala Bilbon jokatzen baita, ametsa izango litzatekeela kopa Bilbon altxatzea, familiaren eta lagunen aurrean.

Kluba egoera ekonomiko larrian dago, baina emakumezkoen taldea salbu dago.

Emakumezkoen eta gizonezkoen taldeak pixka bat banandu dira, eta orain Michelle Kang dugu jabea. Gogorra izan zen Jean Michel Aulasen irteera, emakumezkoen futbolari eta batez ere Lyoni dena eman dion pertsona baita. Ni ere oso eskertuta nago berarekin, berak burutu baitzuen nire traspasoa. Taldekide askorentzat oso gogorra izan zen haren irteera. Zorionez, ikuspuntu «enpresarial» batetik, ez digu fakturarik pasatu. Michelle Kang sekulako proiektuarekin eta ilusioarekin heldu da instituziora. Inoiz ez dugu horrelakorik ikusi, bere anbizioa... Garaipen oso handiak lortu ditzakegu berarekin.

Kang iritsi eta gutxira, 2027ra arte berritu zenuen kontratua. Ez da ohikoa hain kontratu luzeak ikustea.

Haien apustua horrelako gauzetan ikusten da. Aukera eskaini zidatenean, argi eduki nuen. Eurek hain argi edukitzeak eta horrelako kontratua eskaintzeak asko esan nahi du.

«Pozik nago nire rolarekin. Entrenatzailearen eta taldekideen konfiantza daukat. Urrats bat egin dudala nabaritzen dut, eta gehiago disfrutatzen ari naiz»

Poza biribiltzeko, ezin hobeto hasi da denboraldia taldearentzat eta zuretzat, asko eta ondo jokatzen ari baitzara.

Pozik nago taldean dudan rolarekin. Entrenatzailearen eta taldekideen konfiantza daukat. Aurretik ere bai, baina aurten nabaritzen dut urrats bat egin dudala eta gehiago disfrutatzen ari naizela.

Van de Donkekin eta Dabritzekin osatzen duzun tridentea luxuzkoa da.

Asko disfrutatzen dut horrelako jokalariekin. Eta aulkira begiratu eta Majri, Marozsan edo Horan daude! Deialdi guztietan jokalari itzelak geratzen dira kanpoan. Garrantzitsua izango da hori nola kudeatzen dugun taldea bezala. Baina nik uste dut denok entxufatuta gaudela eta gauza handiak lor ditzakegula. Futbolariak banan-banan hartuta, ez dut uste gure moduko beste talderik dagoenik.

Taldekide askok Munduko Txapelketa jokatu zenuten. Lehen aldiz, zure kasuan.

Deialdia zabaldu zutenean... amets bat bete nuen. Munduko Txapelketa bat jokatu, amaren herrialdea ordezkatuz... Gero gogorra izan zen arlo pertsonalean, hainbat erabaki ez zirelako nire gustukoak izan. Baina ahalik hoberen hartzen eta ahalik gehien disfrutatzen saiatu nintzen.

«Askotan ni ere ez naiz konturatzen zer lortzen ari naizen. Gelditu behar naiz eta pentsatu: ‘Ostras, Mundial bat jokatu dut’. Eta gogoratzeko modukoa da»

Guk naturaltasunez hartu genuen zure deia. Ez gara konturatzen zenbat baldintza bete behar diren.

Askotan ni ere ez. Gelditu behar naiz eta pentsatu: «Ostras, Mundial bat jokatu dut». Eta gogoratzeko moduko lorpena da, ikusi besterik ez dago azkenean ere zenbat jokalari handi geratu ziren kanpoan. Esperientzia oso berezia da, ez da erreza azaltzea hiruzpalau aste horiek nola bizitzen diren. Gainera, hau Australian izan da, familia eta lagunak urrun, komunikatzeko zailtasunak... Horrek egiten du taldekideekin denbora gehiago pasatzea eta lan asko egitea. Egia da ere une zailetan ez dakizula nora joan.

Damaris Egurrola, partida batean Olympique Lyoneko kamisetarekin. (Melanie LAURENT/EUROPA PRESS)

Horrelakoak bizi izan zenituen, kolektiboki zein pertsonalki. Hilabete batzuk igarota, zein da esperientziak utzi dizun zaporea?

Lyonen dena jokatzera ohituta egonda, rol hain arina edukitzea, aulkitik irtetea... oso gogorra izan zen onartzea. Buelta ematen saiatu nintzen; esan nuen: «Nire esku dago irteten naizen bakoitzean ahalik ondoen egitea, eta helduko da aukera». Azkenean Espainiaren kontra heldu zen, baina ez nion ekin baldintza onenetan: lehen partida hasieratik jokatzen nuena, Espainiaren kontra, gauza asko buruan, asteetan 90 minutu oso jokatu barik... Orain esperientziarekin geratzen naiz, bizi izandako momentuekin, AEBen kontra jokatu eta hango ereserkia entzuten oroitzapen onak ditudala, nire idoloen kontra jokatu, Espainiako nire lagun askoren kontra jokatu...

«Niretzat oso polita izan zen gol garrantzitsu horiek sartzea. Taldean garrantzitsua sentitzen nintzen aurretik, baina kanpotik ere hori jasotzeak on asko egin dit»

Urte amaierako zaporea hobea izango da, Nations Leaguen egindakoaren ondoren.

Gogo bizia genuen horrelako lorpen bat ospatzeko. Nik beti pentsatzen dut gauza guztiak heltzen direla behar den unean, eta horrela gertatu da. Asko sufritu genuen, baina oso pozik amaitu genuen. Niretzat polita izan zen gol garrantzitsuak sartzea, garrantzitsua sentitzea taldearentzat eta herrialdearentzat... Sentitzen nintzen taldean aurretik ere, baina kanpotik ere hori jasotzeak on asko egin dit.

Orain bai ikusiko ditugula umeak zure kamisetarekin.

Bueno, aurretik ere ikusten ziren; baina bai, espero dut gero eta jende gehiago ikustea. Egia esateko, oso egokituta nago selekzioan. Dena gertatu zen oso erraz hasieratik, eta afizioan ere ikusten dut apurka. Espero dut horrela jarraitzea, euren bultzada asko nabaritzen dudalako.

«Tristuraz eta frustrazioz bizi izan nuen [Espainiako selekzioan bizitakoa]. Harriduraz ez, ni ere hor egon bainaiz. Gogorra egin zitzaidan aurrekoa ere, lagun asko Mundialetik kanpo geratzea euren ideiak defendatzeagatik»

Beste selekzio batean gertatutakoak, Espainiakoan alegia, zeresan handia eman du 2023an. Zelan bizi izan duzu zuk auzia?

Tristuraz eta frustrazioz. Harriduraz ez, ni ere hor egon bainaiz. Gogorra egin zitzaidan aurrekoa ere, nire lagun asko Mundialetik kanpo geratu ziren euren ideiak eta eskubideak defendatzeagatik. Horri balore handia ematen diot, Mundiala eurek irabazi dutela uste dut. Nik ere nire garaian bakarrik borrokatu nuen. Eta bertan egon zirenak ere.. Garaipen historikoa lortu eta bigarren planoan geratzen da. Benetan tristea da.

Etorkizunari baikortasunez begiratzen saiatuz, inflexio-puntu gisa ikus daiteke.

Nahiago nuke. Jokalariok nekatzen ari gara etengabe ahotsa altxatzen aritu beharraz gure eskubideak erreklamatzeko, gure lanari ekin nahiko geniokeenean. Pozgarria da batasuna, hainbat herrialdeetan egon diren borroketan ikusi den bezala; baina tristea da beti borrokatzen egon behar izatea. Garapen handia egon da eta azken urteotan azkartu da, baina askotan ikusten dugu hamar urrats azkar egiten direla eta lehena gaizki egin denez, atzera itzuli behar dela; edo, batez ere diruari jarraituz, emakumezkoen futbolean berez interesik ez duen jendea sartu dela... Agian hori izango litzateke urte berriko nahia, benetan inflexio puntua pasatu izana eta futbolariok behin eta berriz eztarria urratzen ibili behar ez izatea.

Kirol mailan, zer eskatuko diogu 2024ri? Erronkak ez dituzu falta.

Oso gauza bereziak ahal dira etorri eta denak egia bihurtzea espero dut. Egunero esnatu eta buruan eduki zein gauza lortu nahi eta ahal dituzun, sentsazio onena da.

Aukeratzekotan... Nations Leagueko fase finala, Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera eman diezagukeelako. Eta gogotsu nago Jokoak bizitzeko. Eta San Mameseko finala, noski, benetan amets egiten dut horrekin.