NAIZ

Ivan Illarramendiren hilketaren auzia artxibatzeko eskatu du ANko Fiskaltzak

Ivan Illarremendiren eta haren emaztearen hilketari buruzko auzia behinbehineko artxibatzea eskatu du Auzitegi Nazional espainolaren Fiskaltzak. Urriaren 7an Gaza ondoko kibbutz batean gertatutakoa Hamasen ardura dela dio, baina ez da gai jazotakoa pertsona zehatz bati leporatzeko.

Ivan Illarramendiren hilketa salatzeko Zarautzen azaroan egindako elkarretaratzea.
Ivan Illarramendiren hilketa salatzeko Zarautzen azaroan egindako elkarretaratzea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Auzitegi Nazional espainiarraren Fiskaltzak Ivan Illarramendi zarauztarraren eta haren emaztearen hilketengatik zabalduriko auzia behin-behinean artxibatzeko eskatu du. Biak Palestinako erresistentziak joan den urriaren 7an Lissufim kibbutz israeldarraren kontrako erasoan hil zituzten.

‘El Confidencial’ webguneak eta Efe agentziak zabaldu dutenez, Fiskaltzak Maria Tardon epaileari egin dion eskaera hilketa Hamas taldearen ardura izan zela dio, baina ez da gai ekintza hau pertsona bakan bati leporatzeko. Gauzak horrela, ezinezkoa da norbait akusatzea.

Iturri juridikoek azaldu dutenez, txosten polizial batean oinarriturik Illarramendi hilketaren ardura Hamasena da.

Fiskaltzak behin-behineko artxibatzea eskatu du. Hau da, kasu honen gaineko froga berriak agertuko balira ikerketari berri ekin ahal diote. Orain, Tardon epaileak eskaera honi buruzko erabakia hartu behar du.

Urriaren 11n zabaldu zuen auzia Tardon epaileak Illarramendi desagerturik zegoela adierazten zuen polizia txosten bat jaso ondoren. Hilabete beranduago jakin zen biak Palestinako erresistentziaren erasoan eman zen egunean bertan, urriaren 7an, hil zirela.

Illarramendi Zarautzen jaio eta Bilbon ere bizi izan zen. Duela urte zenbait Gazatik bi kilometrora dagoen kibbutz batean bizi zen jatorri txiletarreko Loren Garcovich emaztearekin batera. Bera ere hil zuten.

Auzitegi Nazionalaren auzi berean Maya Villaloboren heriotza ere jasotzen du. Andaluziako jatorrizko 19 urteko emakume hau Israelgo Armadan zerbitzu militarra egiten ari zen. Palestinako erresistentziaren erasoa eman zenean Nahal Oz base militarrean zegoen, Gaza ondoan.