Maite Ubiria

Urtarrilaren 13an Bilboko kaleak betetzeko deia zabaldu dute bakegile gazteek Biarritzen

Biarritzen eginiko agerraldi baten bidez deia zabaldu dute bakegile gazteek «salbuespen legediaren atea hetsi eta konponbidearen ateak irekitzeko» xedez urtarrilaren 13an Bilbon iraganen den manifestazioan parte hartzeko. Autobusak antolatu dituzte Ipar Euskal Herrian.

Bakegile gazteek giltzak hartu dituzte Biarritzen.
Bakegile gazteek giltzak hartu dituzte Biarritzen. (Patxi BELZAITZ)

Azken asteotan Ipar Euskal Herriko dozena bat herritan eginiko mobilizazio dinamikarekin bat eginez, «gazteak etorkineko giltza» direla aldarrikatzeko agerraldia egin dute, larunbat honetan, Biarritzen, bakegile gazteek.

Social Bar aretoan bildu dira, giltzak eskuetan, urtarrilaren 13an Bilbon antolaturiko manifestazioan parte-hartzeko deialdia egiteko.

Era berean, Ipar Euskal Herritik autobusak antolatuko dituztela salbuespen legedia albo batera utzita presoen etxeratzeko bidea jorratzeko tenorea dela aldarrikatuko duen martxara joateko oroitarazi dute.

«Gaur egungo gazteok gure herrian urte luzez iraun duen gatazka armatua bizi ez dugun arren, gatazka horren ondorioak ezagutu eta gutako askok pairatzen ditugu oraindik. Izan ere, gaur egun gatazka eratorritako egoera bidegabea eta giza eskubideen aurkakoa pairatzen jarraitzen dute euskal presoek» adierazi dute agerraldian irakurritako agirian.

Aurrerapausoak

Azken urteetan aurrerapauso garrantzitsuak eman direla «euskal presoen eskubideen aitortzan» aintzat harturik, horien artean, aurreko martxoan «hiru hamarkada luzez euskal gizarteak ezagutu duen salbuespen neurririk lazgarrienetakoa zen dispertsioari» amaiera eman zitzaiola oroitarazi dute.

«Euskal gizartearen eta tartean gazteon lanari eta indarrari esker dispertsionaren atea hetsi genuen», aldarrikatu dute lorpen horren harira.

Hala ere, euskal presoen eskubideak urratzen dituzten beste hainbat salbuespen neurrik oraindik ere indarrean jarraitzen dutela deitoratu dute, «gatazkaren konponbiderako honekin amaitzea ezinbestekoa dela» jo dutela.

«Inolako zentzurik ez»

Bakegile gazteek agerian jarri dutenez, «ez du inolako zentzurik ETAk bere jarduera amaitu zuenetik hamabi urte eta desegin zenetik bost urte igaro ondotik, terrorismoaren aitzakiarekin euskal presoen zigorrak areagotzeko espreski sorturiko salbuespenezko legedia baten ondorioz bizi osorako zigorrak aplikatzea, gaixo dauden presoak espetxean mantentzea edota espainiar estatuan espetxeratzean frantziar estatuan espetxeratuta egondako urteak kontuan ez hartzea, zigorra birritan betetzera behartuz».

Ildo beretik, irmoki salatu dute «euskal presoen legediak zehaztutako baldintzak betez dagokien ibilbide penitentziarioan aurrerapausoak ematea galarazten dieten erabaki judizialak», horiek ez dutela inolako tokirik gaur egungo testuinguruan mahaigaineratuz.

«Erabaki judizial horiek eta beste hainbat sektoreren jarrerek euskal gizartea iraganean gotortzeko jarrera argia erakusten dute. Gatazkaren ondorioak betikotu eta konponbidea lortzea ezinezkoa egin nahi dute», nabarmendu dute, gazteok bereziki kezkatzen dituela egoera horek gaineratuz.

«Gure herri eta auzoetan eguneroko lanaren bidez, bakean eta elkarbizitzan oinarritutako gizartea eraiki nahi dugu, eskubideen urraketaren eta salbuespen legediaren ateak hetsi, eta konponbidearen ateak irekitzeko giltza izan nahi dugu», gaineratu dute belaunaldi gazteak ordezkatzen dituzte bakegileek, «gazteok gara etorkizunerako giltza» aldarrikatu aitzin.

Horregatik, gazteei «giltzak eskuan har ditzaten eta gurekin batera Bilbon egoteko» deia luzatu diote.

Agerraldian zehaztu dutenez, Ipar Euskal Herritik ere autobusak antolatuak dira Donibane Garazi, Kanbo, Hazparne, Baiona, Donibane Lohizune eta Pausutik.