Hiru bikoteren arteko berdinketarekin itxi da zortzigarren jardunaldia, Binakakoa txapelketa luzea izanagatik ere emozio handikoa izan daitekeenaren eraskule, bai eta abiatu zenetik bi hilabete igarota, gauzak zenbat aldatu daitezkeenaren adierazle. Lehen itzulian 22-19 gailendu diren Peña II.a eta Albisu, Artola eta Imazen aurka; gaur, bigarren itzuliko lehen jardunaldian, aldiz, porrota jaso zuten bikote berdinaren aurka (22-15).
Sentsazio askoz hobeak eskaini dituzte Alegiakoak eta Oiartzungoak, batez ere bigarren zatian, zortzi tanto jarraian egin eta markagailua erabat iraulita (17-13). Ez soilik markagailua, baita egoera bera ere. Gainera, marka bada ere, urdinen pilotarekin (5 zenbakidunarekin) sentitu dira erosoen gorriak, txapelketako laugarren puntua batu eta gora begira jarri direla.
Aste bikaina sinatu dute, Gabon zahar egunean 22-21 Peio Etxeberria eta Zabaleta bezalako bikote indartsua mendean hartu eta igande honetan, arerio zuzenaren aurka bolada ona luzatuta, bai eta balizko berdinketa batean, tantoen diferentzia ere aldeko bilakatuta.
Peña II.ak dotoreziaz hasi du dema baina fintasun hori ahultzen joan da, berak onartu legez, partida bukaeran, ETB1eko mikrofonoen aurrean: «Hasieran hobeto sentitu naiz, gero pilotak dezente geratu dira eta ezin genuen minik egin; beraiek probetxua atera dute, gehiago izan dira bigarren zatian», adierazi du tolosarrak.
Dena dela, hasieran ere kosta zaie arerioa menderatzea, 5 tantoko partzial batekin, 5-1ekoa jarri baitute gorriek. Beste bost tantoko takada batekin erantzun dute urdinek, aginte makila hartuz (5-6), bikote arerioa hara eta hona mugituz. Hala ere, ezin izan dira gehiegi eskapatu, tarteka Artolak txokoan gozatzen zuelako eta Albisuren hutsegiteek ere atsedenik ez zutelako eman.
Bederatzi tantora berdindu eta beste hiru jarraian eginda, urdinak aurretik zirela iritsi dira lehen etenaldi luzera baina txapelketan aldaketak egoten diren legez, etenaldiek ere askorako ematen dute, zenbait partidetan agerian geratu den bezala.
Zortzi tanto takada batean
Beste bizitasun batekin itzuli dira gorriak, ez ezer berezirik egin dutelako, baizik eta bikote moduan hobeto ulertu direlako, nola jokatu jakin dutelako. Hutsegiteak pilatu zaizkie urdinei: Albisuk pilota bat gora eta beste bat jausi, Peñari erori zaion beste bat... Ohartu orduko, 14-12ko markagailua ezarri dute gorriek eta hauen dinamika onak bukaerarik ez zeukala zirudien.
Bost zenbakidun pilotarekin gustora, zortzi tanto erreskadan egin dituzte Artolak eta Imazek. Aurrelariak sinatu ditu gorrien 9 tanto baina Oiartzungoaren sendotasuna giltzarri izan du, aurrean fintasunez errematatzeko.
«Anderrek [Imazek] ere sekulako lana egin du, bukaeran menderatu eta dena egin du, eta tartean ongi eutsi du. Jon Ander Albisu asko jotzen ari zen, dominatuta egon gara tanto askotan, gero pilota gehixeago harrapatu dudanean, aurrean gehiago asmatu dut», azaldu du Artolak, garaipenarekin oso pozik.
Txapelketaren balantzea, oro har, «ona» dela ziurtatu du eta segur aski, balorazio horretan, ezinbesteko garrantzia izango dute azken bi garaipenek. Era berean, onartu du buruan ere izan zutela Peña eta Albisu 19 tanto azpitik geratzea, tantoen diferentzia aldeko izateko, sailkapenean balizko berdinketa bat gertatuz gero.
Helburua ez dute arriskuan ikusi, lehen etenalditik bueltan urdinen tantoak gorrien akatsetatik iritsi direlako. Jon Ander Peña eta Albisu erabat goibel agertu dira, behin markagailuan atzetik ikusi direnean, erreakziorako erramintarik ez zutela, erabat menderatuta zeudela onartuz.
Fitxa teknikoa:
Artola-Imaz 22
Peña II.a-Albisu 15
Pilotakadak: 719 pilotakada. Iraupena: 75:06 minutu. Markagailua: 0-1,1-1, 5-1, 5-2, 5-6, 6-7, 6-8, 7-8, 8-8, 9-8, 9-9, 9-12, 10-12, 17-12, 17-13, 18-13, 20-13, 20-14, 20-15, 21-15, 22-15. Egindakoak: 9 Artolak eta 0 Imazek; 5 Peñak eta 3 Albisuk. Galdutakoak: 6 Artolak eta 1 Imazek; 8 Peñak eta 5 Albisuk. Gorabeherak: Etxebarriko udal pilotalekuan jokatu zen Binakako txapelketako zortzigarren jardunaldiko dema. Sakea, urdin.