NAIZ

Ertzain bat zauriturik Orion egiten ari ziren simulakro batean

Ertzaintzak Orioko itsaslabarretan egindako simulakroan agenteetako bat erreskatatu behar izan dute min hartu duelako. Astearte honetan gertatu da eta ez da horren inguruko informazio ofizialik.

Ertzaintzak bere agenteetako bat erreskatatu behar izan du Orion. Artxibokoa da irudia.
Ertzaintzak bere agenteetako bat erreskatatu behar izan du Orion. Artxibokoa da irudia. (@UvrErtzaintza)

Ertzain bat zauritu da Orioko itsaslabarrean egiten ari ziren simulakroan eta Donostiako Ospitalera eraman behar izan dute erreskatatu ondoren. Astearte honen arratsaldean jazo da eta jakinmina piztu du herrian, helikopteroa bueltaka ikusi dutelako.

Hasieran Ertzaintza itsaslabarrean egiten ari zen simulakro bat besterik ez zela uste bazen ere, azkenean ariketa honetan zebilen ajente batek ezbeharra izan duela argitu dute zenbait hedabidek.

Polizikide hori erreskatatu eta Donostiako Ospitalera eraman behar izan dutela jakin da. Agenteak entrenamenduaren bitartean lesio bat izan du bizkarrean, eta horregatik artatu behar izan dute.