NAIZ

Hego Euskal Herriko zinema aretoen diru-sarrerak %40 hazi dira 2023an

Hego Euskal Herriko zinema aretoen diru-bilketa %40 eta ikusle kopurua %34 hazi zen iaz, EZAE euskal zinema aretoen elkartetik adierazi dutenez. Susperraldia ospatu eta pandemiaren aurreko egoerara itzultzen ari direla adierazi dute.

Donostiako Principe zinema aretoak. (NAIZ)
Donostiako Principe zinema aretoak. (NAIZ)

Euskal zinemen «susperraldia areagotu» egin dela adierazi du EZAE euskal zinema aretoen elkarteak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuak eskuartean, elkartetik jakinarazi dute 2022 urtearekin alderatuta zinema aretoen diru-bilketa %40 eta ikusle kopurua %34 hazi zela iaz. Datuok Estatu espainoleko bataz bestekoa baino «nabarmen hobeak» direla ere ospatu dute.

«Aretoen susperraldia sendotu egin da pandemiaren urte gogorren ostean. 2019ko zifra bikainekin konparatuz, euskal zinemak 28,1 milioi euro biltzetik 23,7 milioi euro biltzera pasatu dira, eta 4,7 milioi ikusle izatetik 3,6 milioi ikusle izatera», jarri dute azpimarra.

Izan ere, Comscoreren datuen arabera, 2020an 3,3 milioi ikusle galdu zituztela ekarri dute gogora, eta, guztira, 2019tik 2022ra EAEn 8 milioi ikusleren galera izan dutela.

«Zorionez, 2023an joera hori lehengoratzen hasi da», ospatu dute, eta berreskuratze horretan ‘Irati’ eta ‘20.000 erle-espezie’ bezalako euskal filmen estreinaldiek, eta ‘Upon Entry’ eta ‘Las buenas compañías’ bezalako beste batzuen emaitza onek eragin zuzena izan dutela azaldu dute

Ikusle gehien bildu dituzten filmak

EAEko zinema aretoetan arrakasta gehien izan duten hamar filmak ‘Barbie’, ‘Avatar: el sentido del agua’, ‘Super Mario Bros. La película’, ‘Oppenheimer’, ‘Campeonex’, ‘Ocho Apellidos Marroquís, ‘Irati’, ‘Elemental’, ‘Napoleon’ eta ‘Fast & Furious X’ izan dira, hurrenkera honetan.

Uztailean estreinatutako ‘Barbie’ filmak 1,3 milioi euro eta 210.000 ikusle bildu zituen eta 2022aren amaieran estreinatutako ‘Avatar: El Sentido del Agua’ lanak 1,14 milioi euro eta 157.000 ikusle lortu zituen. Hirugarren ikusiena, ‘Super Mario Bros’, apirilean estreinatu zen eta 1,11 milioi euro eta 176.000 ikusle erregistratu zituen.

Euskal film ikusiena ‘Irati’ izan zen. Otsailean izan zuen estreinaldia, eta zerrenda orokorreko zazpigarren postuan dago, 549.000 euroko diru-bilketarekin eta 90.000 ikuslerekin.