Itsasotik bizi ziren 20.000 familiak baino gehiagok utzi behar izan zioten arrantzatzeari Sri Lankan. Kolpe latza hartu zuten kostaldeko komunitateek, 2021eko maiatzaren 20an X-Press Pearl Singapurreko kontainer ontziak su hartu eta itsasoan hainbat kutsagarri hedatu zirenean.
Galiziako ‘Nos Diario’-k erreportaje batean oroitu duenez, hamabi egun iraun zituen itsasontziaren suteak, ekainaren 2an ur sakonetan hondoratu zen arte. Hortxe hasi zen Nazio Batuen Erakundeak Sri Lankako historiako itsasoko hondamen ekologikorik handiena kontsideratu duena, ez soilik uretara isuri ziren kutsatzaile ugariengatik (petrolioa, produktu kimiko arriskutsuak eta plastikoak) eta zamaren parte garrantzitsu baten izaera eta egoera argi ez egoteagatik, baizik eta bereziki une horretara arte inoiz ez zelako hainbeste plastiko zabaldu itsasoan.
Izan ere, X-Press Pearl ontziak 81 kontainer toxiko eta kaltegarriz gain, plastikozko palleten zama handi bat zeraman, azken hilabetean Portugalgo Viana do Castelon Toconao ontziak galdutako kargaren ondorioz Galiziako kostaldean azaldu direnen modukoak. Euskal Herrira ere iritsi direla zabaldu da asteazken honetan.
2021ean Sri Lankako Itsasoko Ingurugiroa Babesteko Agintaritzak (MEPA) jakinarazi zuenez, itsasontziak plastiko erretxin pikorrez betetako hiru kontainer zeramatzan. Bakoitzak 26.000 kilo pisatzen zituen, guztira 78.000 kilo plastikozko pellet.
Zer dira pelletak?
Plastikozko pelletak, ingelesez ‘nurdle’ deitutakoak, egunero erabiltzen ditugun plastiko aunitz sortzeko lehengaia dira. Plastiko mota ezberdinez osatuak daude: polietilenoa, polipropilenoa, poliestirenoa, polibinilo kloruroa eta beste batzuk. Isurtzen direnean, batzuk ur gainean gelditzen dira eta besteak, berriz, hondoratu egiten dira.
Sarri, arrain, hegazti eta itsasoko ugaztunek janariarekin nahasten dituzte. Gainera, zatituta, are kutsatzaile arriskutsuago bihurtzen dira naturan. Kantitatez, ozeanoetako mikrokutsatzaileen bigarren iturria dira, pneumatikoen hautsaren ondoren.
Urtero, 230.000 tona plastikozko pellet isurtzen dira ozeanoetara.
Elikagaiekin nahasten dituzten animaliak arriskuan jartzeaz gain, pelletak, txapapotea bezala, hagitz kutsatzaile iraunkorrak dira; hamarkadatan gelditzen dira uretan bueltaka. Belaki funtzioa ere egiten dute, toxinak eta beste kutsagarriak erakarriz eta kontzentratuz, baita bakteriak ere, Escherichia coli eta kolera ere bai.
Bada soluziorik?
Sri Lankako agintariek plastiko isurien garbiketa kanpaina bat jarri zuten martxan, pelleten arrisku maila neurtuz eta garbitzeko teknikak perfekzionatuz, besteak beste ingurugiroa ahalik eta gutxien kaltetzeko lan horietan.
Hondamen hark inpaktu izugarria izan zuen ekonomian eta kostaldeko komunitateetan. Itsasotik bizi ziren 20.000 familiatik gora arrantzatu ezinik gelditu ziren. Nazio Batuek eragin sozioekonomiko garrantzitsua zuten galderei erantzutea aholkatu zuten. Adibidez: segurua da kaltetutako inguru bateko arrainak edo itsaskiak jatea? Isuria erlazionatuta dago dortoka eta itsas ugaztun gehiago hiltzearekin?