Arnaitz Gorriti

Surne Bilbao Basket, nagusi eta arazorik gabe Bulgarian (62-94)

Adam Smithen 25 puntuek gidatuta, beltzezko gizonek erraz asko gainditu dute Balkan Botevgrad talde ahularen aurkako dema. Hasieran 7-2 galtzen jarri arren, berehala eman dio buelta eta hirugarren laurdenean hautsi du neurketa. Oraindik ez daki Europan galtzea zer den.

Adam Smith, Bilbao Basketen jokoaren jaun eta jabea.
Adam Smith, Bilbao Basketen jokoaren jaun eta jabea. (@FIBABASKETBALL)

BALKAN BOTEVGRAD 62 - SURNE BILBAO BASKET 94

FIBA Europe lehiaketan Bilbao basketen ibilbidean ez dago oraindik porrotik. Balkan Botevgrad talde bulgarria aurkari ahula zela bazekiten bilbotarrek, eta etxekoak hainbat jokalari azaldu badira ere, ez diote talde bizkaitarrari ezta kilimarik ere egin.

Izan ere, talde bulgariarrean hainbat aldaketa eman dira abendutik hona, bai jokalarien artean nola entrenatzaileari dagokionez ere. Aurkaria ongiegi ezagutzeke ekin dio talde bilbotarrak partidari eta akordatzerako, 7-2 atzetik aurkitu du bere burua.

Ez da askorik estutu, dena den, Bilbao Basket; are gutxiago 2-13ko partzial batekin erantzun diolarik, batez ere Adam Smithen bitartez. Bilbotarrek berehala ikusi dute Botevgrad hiriko taldea zerbaitegatik dela bere multzoko ahulena, Porto eta Gottingenen aurka aurrez galduta zaldu baita aurreneko itzuliko azken jardunaldi honetara. Horrek, era berean, defentsan kontzentrazio akatsak ere eragin ditu beltzezko gizonen artean. Ondorioz, aurkarien bizpahiru saskiratze erraz irentsi behar izan dituzte Jaume Ponsarnaurenek lehenengo minutuetan.

Hala ere, aurreneko laurdena 15-20 amaitu ez ezik, bigarrena hasteaz bat aldea arin zabaldu du Bilbao Basketek. Ez ditu alperrik 16 puntu sartu Adam Smithek aurreneko 20 minutu horietan –25ekin amaitu du–. Ez da bakarra izan, nolanahi. Aspaldiko partez Alex Reyes fin aritu da uztaiari begira eta baita Hlinason ere.

Tarte baten 24-41 aurreratu da talde bizkaitarra, baina Zohore pibot daniarra eta Dimitroven bitartez apur bat txukundu du etxeko taldeak markagailua, atsedenaldira 32-43 iritsiz.

Talentua nagusi

Saskiratzeak trukatzeko laurdena izan da hirugarrena. Bilbao Basketen defentsa baloi lapurtzen ahalegintzera mugatu da minutu horietan eta hala, Botevgradeko taldeak zenbait jaurtiketa erraz gauzatu ditu, dela Sotiroven hirukoak edo Dmitroven abileziari esker.

Trukean, alabaina, Adam Smithek ia nahieran aurkitu du saskirako bidea, eta eskolta iparramerikarraz gain, Denzel Andersson eta Renfroe bera ere puntuak arazo handirik gabe hasi dira pilatzen.

Halakoetan talentu gehien duen taldeak dauka hogeita hamaika eskutik eta, noski, kasu honetan Bilbao Basket izan da nagusi. Ondorioz, bilbotarren abantaila hogei puntuen langatik oso gora joan da laurdena amaitu aurretik. Esaterako, Smith eta Reyesen artean jositako kontraeraso baten ondoren, hegaleko espainiarrak 43-68koa igo du markagailura. Azken laurdenaren faltan, emaitza 47-75 geratu da, partida goitik behera erabakita utziz.

Azken hamar minutuak ia sobera izan dira. Talde biek, nolabait esatearren, jokoaren diziplina ia erabat galdu dute. Azken baten, dena erabakita baldin badago, ez da harritzekoa halako jarrera.

Hala, Kullamaek aspaldiko partez puntu batzuek sartzeko aukera izan du eta, era berean, Unai Barandallak ere jokatzeko aukera izan du. Surne Bilbao Basketek berea ondo bete du eta hori da garrantzitsuena. Orain, berriz, ACB Ligako ibilbidea ez okertzea behar dute beltzezko gizonek, partidak eta bidaiak pilatu arren.

FITXA TEKNIKOA:

BALKAN BOTEVGRAD: Gerganov (6), Sotirov (11), Dimitrov (19), Zohore (11) eta Dixon –hasierako bostekoa–, Pishtikov (11), Gavazov (4), Grozev, Korestilov eta Mihaylov.

BILBAO BASKET: Melwin Pantzar (7), Adam Smith (25), Xavi Rabaseda (3), Denzel Andersson (9) eta Sacha Killeya-Jones (8) –hasierako bostekoa–, Alex Renfroe (5), Kristian Kullamae (13), Alex Reyes (12), Thijs De Ridder (6), Tryggvi Hlinason (4), Tomeu Rigo (2) eta Unai Barandalla.

Epaileak: Poursanidis, Prpa eta Tziopanos. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 15-20, 17-23, 15-32, 15-19.