NAIZ

Laudiok ez du errekurrituko euskara «oso zaila» dela zioen epaia berretsi zuen erabakia

Euskara «oso zaila» dela zioen epaia berretsi zuen EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiaren aurka ez du helegiterik jarriko Laudioko Udalak. Hizkuntz profila betetzen ez zuen langile bat berriz hartu behar izan zuten. Diotenez, «baldintzek ez dute epaiaren edukiaren kontra egiteko biderik bermatzen».

Epaiaren aurka duela aste batzuk Laudion egindako elkarretaratzea.
Epaiaren aurka duela aste batzuk Laudion egindako elkarretaratzea. (Raul BOGAJO | FOKU)

Laudioko Udalak ohar batean azaldu duenez, Gobernu Taldeak erabaki du ez duela helegiterik aurkeztuko EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi zuen epaiaren aurka. Euskara «oso zaila» delako bere lanposturako hizkuntz profila ez betetzeagatik kaleratu zuen langilea berriro hartzeko agindu zuen epaiak.

Azaldu dutenez, «argudio materialak egonda ere, Goreneko baldintzek ez dute epaiaren edukiaren kontra egiteko biderik bermatzen, aitzitik, euskararen aurkako jurisprudentzia sortzeko bidea erraztu dezakete».

Hori horrela, Udala «jorratutako bidean berresten da», eta «ezinbestekotzat» jotzen du «herritarren eta langileen hizkuntza eskubideak bermatuko dituzten politikak bideratzea eta beharrezkoa duten marko juridikoa eskaintzea».

«Tamalez, egungo egoera bestelakoa da», deitoratu du Ainize Gastaka alkateak, «euskara eta euskal hiztunen hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldi judiziala agerikoa da, Laudioko Udalaren kasuan Gasteizko epaileak emandako argudioek erakutsi bezala».

Orain, «herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko» lanean jarraituko dutela baieztatu dute, helburu hori erdiestea ahalbidetuko duten ekimenak indartuz. Epaia aplikatzeko bideari dagokionez, Udala bere langileen plantillan sortutako egoerari nola aurre egin aztertzen ari dela jakinarazi dute.

Donostiako kasuaren aurrean, mobilizazioa

Bestalde, aste honetan bertan jakin da Donostiako Auzien hirugarren zenbakiko epaitegiak Donostiako Udaletxean postu batzuk egonkortzeko egin zen prozesuan euskararen aurka ebatzi zuela.

Zehazki, Udaltzain izan nahi duen norbanako batek helegitea jarri zuen, eskatzen zen euskara mailarik ez zuelako. Eta epaiak errekurtso hori babestu du. 2022ko abenduan Donostiako Udal Gobernuak onartutako akordio baten kontra doa. Bertan, udaltzain postu batzuk egonkortzeko prozesu bat deitzeko oinarriak ezartzen ziren, eta horien artean zegoen udaltzain horiei euskarazko B2 maila eskatzea.

Donostiako Udaleko langileek elkarretaratzea egin zuten asteazkenean epaiaren aurka eta ostiral honetan beste kontzentrazio bat izango da Alderdi Ederren, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagerak deituta, 18.30ean.