Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Interview
Oier Guillan
Antzerki zuzendari eta idazlea

«Jendarte honetan denok dugu kontatzeko gauza asko, eta horretarako beharra eta gogoa»

Joan Mari Torrealdai Ikerketa Bekari esker ondo du Metrokoadroka kolektiboak ‘Artxibo biluzia’. Ikusleek galdera bati erantzun beharko diote pieza eszenikoaren amaieran: «Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?».

Intza Alkain eta Javi Barandiaran, ‘Karpeta biluzia’ pieza eszenikoan.
Intza Alkain eta Javi Barandiaran, ‘Karpeta biluzia’ pieza eszenikoan. (Amets BADIOLA RUBIO)

Hiru pieza eszeniko sortzea otu zitzaien hasieran Metrokoadroka kolektiboko kideei. Baina bideak beste norabide batetik eraman ditu. «Ikerketa beka izanda eskatzen zuen adarkatzea eta gauzak deskubritzea. Hiru pieza ez, bakarra izaten bukatu du baina ideia ezberdinei lekua egin diegu. Eraldatu da, baina hasierako asmoekin fidel», nabarmendu du Oier Guillanek.

Berak hartu du zuzendaritza eszenikoaren ardura Marina Suarez Ortiz de Zaraterekin batera. Idoia Beratarbide da zuzendari artistikoa. Eta Intza Alkain eta Javi Barandiaran ari dira aktore lanetan.

Hainbat egonaldi egin dituzte pieza sortzeko prozesuan. «Azalan (Lasierra), Kanpain (Bilbo), Ehuntzen (Oiartzun), eta Usurbilen bertan egon gara lanean. Publikoarekin probak egin ditugu Gasteizko La Monstrenka aretoan eta Laudioko Faktorian. Beste era bateko espazioak bisitatzen saiatu gara sorkuntza prozesuan. Horrela joaten da pieza sortzen», dio.

Hiru ardatz

Hiru hanka ditu Usurbilgo Udalak emandako bekari esker ondutako proiektuak. Pieza eszenikoari laborategi-tailerra  eta argitalpena gehitu zaie. «Tailerra irekia da, literatura idazketari eta performancea lotu diogu publikoarengana errazago heltzeko, irisgarriagoa izan dadin. Ez dadin beharrezkoa izan esperientzia izatea arte eszenikoetan tailerrean parte hartzeko», azaldu du Guillanek.

Oraingoz Gasteizko Baratza aretoan egin dute. «Oso ondo joan zen. Hori ere zer den deskubritzen joan gara. Pieza sortzen dugun heinean lantzen genituen ariketa berriak eta pixkanaka txertatzen joan gara», jarraitu du. Gaur egun osoz tailerrean parte hartzeko aukera izango da Usurbilen. Horrez gain, hasieran ez zegoen aurrikusia, baina argitalpen bat kaleratuko dute. «Prozesuaren momentu batean elkartu ginen bekaren arduradunekin eta ikusi genuen pieza eszenikoaz eta tailerraz gain sortzen ari ginela material asko, oso interesgarria. Pieza sortzeko orduan hainbat kolaborazio bilatu ditugu hainbat artistenak eta ikusi genuen forma ezberdinak har zitzazkeela. Honetatik guztitik dokumentu berria sortzearen ideia indarra hartzen hasi zen eta sustatzaileen konplizitatearekin erabaki genuen publikazio bat egitea. Ez da ohikoa izango. Martxorako aterako da, ideia da liburu-objektua izatea, piezan eta tailerrean planteatzen diren ideiekin bat eginez. Dokumentazioak, objektu fisiko bezala, nola eragiten duen gure bizitzetan, eta gure gorputzengan. Ideia da objektu berria sortzea kolaboratzaileekin elkarlanean prozesuan sortzen denarekin lotuta».

«Hiru ardatz horiek indarra hartzen joan dira, esan nezake laugarren eta bosgarren formatua ere atera litekeela sortu dugun guztitik, urte eta piku oso intentsoa izan da, lan asko egin dugu. Momentuz hiru ildo hauei helduko diegu eta aurrerago ikusiko dugu», esan du.

Konferentzia performatiboa

Ez da ohiko antzezlana. Konferentzia performatiboaren formatuaren aldeko apustua egin dute. «Oso ohikoa da genero hau arlo eszenikoan baina agian euskaraz ez dugu askotan ikusi izan. Ez dugu ezer asmatu. Bagenuen gogoa horrekin esperimentatzeko», kontatu du.

Hezkuntza eta bitartekaritza arloan erabilia da. Esperimentazioari egiten dio bide eta dagoeneko kodetuta dauden formatuetatik haratago joan nahi du, hala nola instalazioa, performancea edo happeninga.

«Formatu aldetik esango nuke nahiko ausarta dela. Ez da antzezlan narratibo klasikoa. Ez dago istorio bat. Hasten da beste zerbaitean bilakatzen. Diskurtsotik leku onirikoetara urruntzen da momentu batzuetan. Beti ere diskurtsora bueltatzeko».

‘Euskaldunon Egunkaria’ren auzian Joan Mari Torrealdai atxilotu zuteneko unea du abiapuntu pieza eszenikoak. «Baina ez da berari buruzko lan autobiografikoa», argitu du zuzendariak.

Metafora

Proiektuari izena ematen dion karpeta hutsa idazle eta soziologoaren biluztasun haren metafora da. «‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi zutenean eta bere atxiloketa etorri zenean berak hainbat aldiz kontatu zuen nola dokumentuan hustuketa, sarraskia, bai ‘Egunkaria’ri lotutako dokumentuak eta dokumentu intimoak, guztiak eraman zituztela eta horrek nolabati sentiarazi zuela biluzik ez fisikoki, baina bai intelektualki. Ideia horrek inpaktatu egin gintuen eta hortik hasi ginen ‘Artxibo biluzia’ proiektua egiten», gogoratu du.

Oier Guillanek Marina Suarez Ortiz de Zaraterekin zuzendu du ‘Artxibo biluzia’. (Jon URBE | FOKU)

Galdera egiteko pizgarria izan zen Torrealdairen testigantza. Planteamendua honakoa izan zen: dokumentu sarraski hartan hutsik geratu den karpeta zerekin beteko genuke? Hasieran karpetara gai asko eramatea pentsatu genuen pieza labur ugariren bidez. Baina motz geratzen ginen beti, hainbeste gauza daude kontatzeko… Bide hori hartu du pieza eszenikoak. Indar handiagoa eman zaio karpeta hutsaren ideiari. Galdera luzatzen zaio publikoari: ze istorio nahi zenuke zuk historiara pasatzea? Halako ariketa kolektiboa egiten dugu ikusleekin. Publikoari eskatzen zaio karpeta huts figuratua betetzea. Emanaldiz emanaldi karpeta osatuz doa», adierazi du Guillanek.

Publikoaren aurrean defendatu dute dagoeneko proiektua. «Hiru emanaldi egin ditugu. Oso emozionantea da ikusleak  aukeratu duen istorioa idatzi eta karpetan sartzea. Oraindik ez dugu erabaki zer egin nahi dugun material horrekin baina humanoki oso polita da, inpaktua eragiten du. Eta ikusten dugu publikoarengan zeozer mugitzen dela».

Konferentzia izanik «hitzak presentzia handia dauka eta ideiak planteatzen zaizkio publikoari baina era berean badago lekurik beste era bateko irudi eta probokazioetarako –dio–. Aktoreak hasten dira fisikoki inbolukratzen egiten ari diren horretan».

«Orokorrean nahiko ariketa enpatikoa da eta nahiz esperimentala izan formatu aldetik publiko orokorrarentzat, azkenean publikoari planteatzen zaion galdera oso argi geratzen da hasieratik. Eta momentu batean publikoak aukera dauka galdera hori erantzuteko. Galdera hori emanaldian beste guztiaren gainetik geratzen da», nabarmendu du.

Bi aktoreek ikuslea leku jakin batean jartzen dute. «Momentu batzuek diskurtsiboak dira, besteak emozionalagoak, onirikoagoak.. piezaren bidez galdera horretan sartuz doa publikoa. Piezak zubi-lana egiten du galderaren eta jendearen artean», esan du.

Nortzu garen

Torrealdai bezalako dokumentatzaileek egiten dutena ez da dokumentazio lan hutsa, gure buruari istorioak kontatzea da, nortzu garen kontatzea, eta etorkizunari kontatzea ere, Guillanen esanetan. «Akzioa da dokumentazio lana guretzat. Hori ere bilatzen dugu. Ez genion guk erantzun nahi galdera horri. Izan ere Denok dugu jendearte honetan kontatzeko gauza asko, eta horretarako beharra eta gogoa. Zerrenda luze bat egitea da gure asmoa, eta ez dakit sarean ala paperean argitaratuko dugun, erakusketa bat egingo dugun…».

Lan kolektiboa izan da. «Kide batzuk pieza eszenikoaren gainean egon gara, besteak tailerrarekin, besteak argitalpenarekin aritu dira… Hamabost pertsona gara sorkuntzan. Idoia Beratarbide piezan baino gehiago tailerrean eta argitalpenean ibili da, zuzendaritza artistikoan. Hiru kolaboratzaile izan ditugu argitalpenean egongo direnak eta piezan ere eragin dutenak: Nagore Legarreta argazkilaria, Danele Sarriugarte idazlea eta Maria Elorza zinema zuzendaria. Elkar eragite konstantea izan da, sortzeko oso modu ederra da», adierazi du.