NAIZ

Lakuako Gobernuak konfirmatu du Galiziako pelletak ez direla euskal kostaldera heldu

Arantxa Tapia Lakuako Gobernuko sailburuak azaldu du AZTIk egindako azterketen arabera, euskal kostaldean dauden pelletak ez direla Galiziako kostaldean agertutakoak. Halaber, ziurtatu du prest daudela plastikoak euskal kostaldera iristekotan esku hartzeko.

Plastikozko bolatxoak Muskizeko hondartzan, aste honetan bertan.
Plastikozko bolatxoak Muskizeko hondartzan, aste honetan bertan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Arantxa Tapia Lakuako Gobernuko Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak konfirmatu du azken egunotan euskal hondartza batzuetan aurkitutako pelletak ez datozela bat Portugalen Toconao ontzitik itsasora eroritakoekin. Galiziara, Asturiasera eta Kantabriara iritsi dira pelletok, baina Tapiak ziurtatu du prest daudela iritsiko balira berehala esku hartzeko.

Cadena SER irrati-katean egindako elkarrizketa batean egin ditu adierazpenak Tapiak. Azaldu du «ohikoa» dela hondartzetan «mikroplastikoen eta plastiko handiagoen ugaritzea, zoritxarrez». Hori dela eta, astean zehar, AZTIko adituek «Galiziara iritsi diren Portugalgo kostaldean isuritako bolatxoekin» alderatu dituzte euskal kostaldean aurkitutakoak.

Gaur egun, egindako analisien arabera, «esan daiteke gure hondartzetan duguna ez datorrela Galiziatik». «Horrek ez du esan nahi plastiko horiek eragiten duten arriskuaz oso kontziente izan behar ez dugunik eta itsasoko kutsadura gure kostaldera eta hondartzetara iristen denik», gaineratu du sailburuak.

Tapiak adierazi du une honetan laginen toxikotasuna aztertzen ari direla. «Galiziatik txosten bat iritsi zaigu, eta gure zentro teknologikoetan ere toxikotasun-maila hori egiaztatzen ari gara», azaldu du.

Hala ere, «toxikotasun maila handia izan dadin» edo arrainengan eragina izan dezan, «era masiboan jan behar dira pelletak». «Ez dugu aurreikusten horrelakorik gertatu daitekeenik, eta egia da, halaber, Portugal eta Galiziatik datorren isurketa hori batez ere itsas azaleran dagoela. Oso zaila da arrain bat bertara iristea eta plastikoa era masiboan irenstea», baieztatu du.

Horregatik, gaur egun kontsumitzen den eta etorkizunean jango den arrainari dagokionean, «lasaitasun mezua» helarazi nahi izan du.

Sailburuak berretsi du Euskal Autonomia Erkidegoa prest dagoela bere kostaldeak eta hondartzak garbitzeko. Izan ere, «AZTIk pandemian zehar ikerketa-proiektu bat garatu zuen sare oso berezi batekin, kasu honetan erabili genezakeena».

Aholku batzordea

Bihar, ‘Itsasertza’ Larrialdi Planaren Aholku Batzordearen bileran, AZTIk egindako lanaren berri emango du, egiaztatzen ari baita «nola mugitzen ari den plastikozko marea hori euskal kostalderantz, horrela den ala ez».

Halaber, egoeraren berri emango du afera honi heltzeko mobilizatutako arrantza-ikuskaritzako ontziak, zeina laginak hartzen ari den. Tapiak azaldu du egin dituzten azkenak Muskizetik sei, lau eta bi miliara egin dituztela, perpendikularrean.

«Gertatzen ari dena une oro monitorizatzen dugu. Berriz diot, prest egon behar dute administrazio guztiek, eta, nire ustez, oso modu koordinatuan jardun behar dute udalerri guztiek, aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta Gobernu Ordezkaritzak», azpimarratu du.