NAIZ

Itziar Ituñoren aurkako kanpaina abian, Sareren Bilboko manifestazioan parte hartzeagatik

Espainiar Estatuko eskuin muturrak Itziar Ituño aktore basauritarraren aurkako jazarpen kanpaina bat jarri du martxan iragan larunbatean salbuespeneko espetxe politikaren aurka Bilbon egin zen manifestazioan parte hartzeagatik.

Itziar Ituño, Jon Maiarekin, iragan larunbateko manifestazioko pankartan.
Itziar Ituño, Jon Maiarekin, iragan larunbateko manifestazioko pankartan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Euskal Herritik diskurtso ofizialen aurkako konpromiso politikoa adierazten dutenen aurkako enegarren kanpainako protagonista (edo biktima) Itziar Ituño aktorea da, joan den larunbatean Sareren manifestazioan presoen auziari irtenbidea ematea eta kartzelako salbuespenaren amaiera eskatzen zuen pankarta eraman zuen pertsonetako bat.

Eskuin muturreko joera garbia duten sare sozialetako erabiltzaileek hasitako kanpaina hau hasi da ondorioak izaten: BMW Lurautok, Araba, Bizkaia eta Nafarroan markak duen kontzesionario ofizialak, eten egin du aktorearekin zuen lankidetza hitzarmenari, eta Iberiak, berriz, bideoak ezabatu ditu Ituñok ikus-entzunezko produktuak gomendatuz parte hartzen zuen kanpaina batetik.

Hegazkin konpainiaren kasuan, Ituño ageri zen bideoak ezabatu dituzte beren sare sozialetako profiletatik, baina ez dute momentuz inolako adierazpen ofizialik kaleratu.

Kontzesionarioaren kasuan, aldiz, ohar bat kaleratu du eta bertan azaldu dute Ituñorekin zeukaten harremana eten egin dutela, argudiatuz ez direla «ideologia politiko batekin lotzen». «Aniztasunarekiko, inklusioarekiko eta jendartearen %100aren errespetuarekiko konpromisoa berresten dugu», gaineratu dute.

 

Paradoxikoa da, zinez, gizartearen % 100 errespetatzen dutela esatea, bere ideologia publikoki adierazten duen pertsona batekin harremana hautsi egiten dutela iragarri ondoren.

Halako jazarpen kanpainak ez dira berriak gurean, eta azkena ere ez da izango, tamalez. Hortxe daude, esaterako, euskal talde eta musikariek Estatuan pairatu duten zentsura, edota, berriki Joxe Mari Agirretxe ‘Porrotx’ jomugan jarri duen kanpaina.

‘La Casa de Papel’ hasi zenean ere, Ituño bertan parte hartzen zuela-eta, antzeko kanpaina bat abiatu zuten, telesailari boikota egitera deituz. Emaitza, bistan da, hutsaren hurrengo izan zen, mundu mailako fenomeno bilakatu baitzen.

Nolanahi ere, irainez betetako mezu horiez aparte, Ituñori babesa eta elkartasuna adierazi diote beste erabiltzaile askok, tartean mobilizazioa antolatu zuen Sare Herritarrak. Lehenengo hurrengo txio honen bidez eta gero prentsa-ohar baten bitartez ere. Honetan aipatzen duenez, bai Ituñoren aurkako kanpainaz bai eta ‘Porrotx’en kontrakoa aipatuz, «ezin gara isilik geratu, lintxamendu politiko honek dakarren bidegabekeriaren aurrean. Ozen salatzen dugu egoera hau eta bidegabekeria hau jasaten ari direnekin bat egiten dugu. Honela, duela egun batzuk Bilbon 70.000 lagunek defendatu eta aldarrikatu genituen helburuak lortzeko lanean jarraitzeko erabakia berresten dugu».

«Egoera honek guztioi eragiten digu, euskal presoen egoerari buruz dugun jarrera eta ideologia edozein delarik ez –erantsi du Sarek–. Eskubideei buruz ari gara. Adierazpen askatasunerako eskubideaz eta eskubide hori baliatzeagatik jazartua eta kriminalizatua ez izatearen eskubidea. Horregatik, gure ustez, erakunde publikoek ere oinarrizko eskubideei eragiten dieten egoeretan, hauek babesteko jarrera hartu beharko lukete. Eta guzti honi erantzun bat eman».

Aktoreen elkartasuna

Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) ere elkartasuna adierazi dio Ituñori jasandako erasoengatik.

«Pertsona guztien adierazpen-askatasuna defendatzen dugu eta, honek, beste pertsonen jarrera ideologiko eta politikoekin publiko bat ez etortzea barne hartzen du. Itziarrek jaso dituen mehatxu, irain eta erasoak onartezinak dira. Honez gain, bidegabeak iruditzen zaizkigu norbaiten karrera profesionala ahultzeko egin diren ekintzak, eta enpresa publiko zein pribatuek hartutako erabakiak. Zehazki, artista batek, herritar gisa egoki deritzon manifestazio baketsuetara joateko eskubide demokratikoa erabiltzeagatik, enpresak artistari dion babesa kendu, profesionalki zigortu edo/eta boikota egitea», nabarmendu du EABk.

«Gure aldarrikapena ondorengoa da: ez dadila inor kriminalizatu herritar giza injustizien, legezkontrakotasunen edo lege-salbuespenen aurrean hartzen duen jarreragatik», aldarrikatu du.

Lakuaren erantzuna

Bingen Zupiria Lakuako bozeramaileak ere hitz egin du Ituñoren aurkako kanpainari buruz. Adierazi du Gobernuak ez duela zer esanik enpresen eta profesionalen arteko harremanei buruz, beti ere hauek legearen barruan egiten badira. Hala ere, salatu du antzezleak jasotako mezu «desegokiak, itsusiak eta iraingarriak».

Gobernu bileraren ostean Gasteizen egindako agerraldian azaldu duenez, «badago mundu bat sare sozialetan oso zikina dena, oso salagarria dena eta min handia egiten duena». Eta mundu horrek Ituñoren aurka egin du Sarek Bilbon egindako manifestazioan parte hartzeagatik.

Zupiriak gogoratu du manifestazioa legezkoa izan zela, eta nabarmendu du edonork duen eskubide bai halako mobilizazioetan parte hartzeko, bai iritzia adierazteko.

Eta, «nahiz eta harreman zuzenik ez izan», bozeramaileak lotu du Ituñoren kasua Madrilen izan den ‘Altsasu’ antzezlanaren aurkako kanpainarekin, baita euskara eskakizunen inguruko epaiketetan pertsona batzuen defentsan aritu den Gipuzkoako abokatu baten aurkako mezuekin.

«Gauza guztiek dute beraien eremua eta beraien tokia arrazoizko kritikak egiteko. Baina ez dago tokirik pertsonak iraintzeko modu ezkutuan, anonimoki, edozer gauza esanda», ohartarazi du.