Manex Altuna

Valverde: «Ondo gaude, baina dena eman beharko dugu zelaian aurrera egiteko»

Athleticek hamahiru norgehiagoka daramatza galdu gabe eta une goxoak bizitzen ari da. Hala ere, entrenatzaile gasteiztarrak badaki Alavesek ez duela inolako erraztasunik emango Kopako kanporaketan, eta nabarmendu du talde lehiakorra dela. Galarreta deialdian sartu da.

Athleticeko jokalariak Realaren kontrako derbia hasi aurretik.
Athleticeko jokalariak Realaren kontrako derbia hasi aurretik. (@AthleticClub)

Athletic aurkari guztien laudorioak jasotzen ari da azken boladan. Michelek Gironari hoberen aurre egin dio taldea izan zela aipatu zuen, eta Ancelottik Liga irabazteko lehian sartu daitekeela esan zuen gabonen aurretik. Imanolek zuri-gorriak sasoi betean daudela goraipatu zuen derbia galdu ostean, eta Luis Garcia Plazak antzeko hitzak izan ditu.

Urri amaieratik galdu gabe dago Athletic. Hamahiru partida dira dagoeneko, eta Ligako hirugarren posturarte igo dira. Valverdek une on batean dagoela taldea aitortu du, baina jarraipena eman behar diotela azpimarratu du. Denboraldia amaitzeko asko falta dela gaineratu du, eta Kopan aurrera egiteko «dena eman beharko» dutela San Mamesen.

Alaves izango dute aurrean final-zortzirenetan, eta zuri-gorrien entrenatzaileak talde «lehiakorra» direla nabarmendu du. Valverderen iritziz, Ligan puntu gehiago izatea merezi izan dute.

Jokalariak fisikoki nola iritsiko diren da Athleticen teknikariaren kezka nagusia. Horien artean, Iñigo Ruiz de Galarretaren izena aipatu du. Izan ere, erdilari eibartarrak min hartuta amaitu zuen Realaren kontrako derbia. Azken entrenamenduan egin dute proba, eta deialdian sartu da.

Hala ere, taldekide guztietan konfiantza daukala ziurtatu du Valverdek. Azaldu duen bezala, jokalari guztiek maila ona eman dute parte hartu behar izan dutenean. Horren adibide, Beñat Pradosek eta Herrerak Atletico Madrilen aurka egindako partida bikaina. Iker Muniain kapitaina ere aipatu du. Gutxi jokatu arren, entrenamenduetan jarrera ona duela eta gazteei laguntzen diela esan du.