Athleticek hogei urte zeramatzan Mendizorrotzan irabazi gabe joan den irailean egindako azken bisitan garaipena lortu arte. Zuri-gorriak merezita gailendu ziren Iñaki Williamsek eta Oihan Sancetek egindako golei esker. Nagusi izan ziren, eta Luis Garcia Plazak aitortu duen bezala, orain askoz hobeago jokatzen ari dira. 13 partida daramatzate galdu gabe eta bolada bikainari jarraipena eman nahi diote Kopan.
Alavesek inolako erantzukizunik gabe jokatuko du San Mamesen. Ez daukate galtzeko ezer, presiorik gabe arituko dira. Guztiz ezberdina zen egoera azken aldiz Bilbon irabazi zutenean. 2005eko azaroaren 20a zen, igandea. Josu Muguruzaren eta Santi Brouarden hilketen urteurren eguna. Arratsaldeko 17.00etan jokatu zen derbia. Ohiko ordutegia garai haietan, nahiz eta dagoeneko partidaren gehiengoak telebistatik ematen hasiak ziren.
Egun berezia zen. Batez ere, Javier Clementek bere hirugarren etapa abiatu behar zuelako zuri-gorrien aulkian San Mamesen. Mendilibar kaleratua izan zen urriko azken astelehenean emaitza txarren ondorioz, eta Barakaldoko entrenatzaileak ordezkatu zuen. Athletic jaitsiera postuetan zegoen. Bere lehen partida Espanyolen zelaian izan zen eta bana berdindu zuten. Kopan, aldiz, Hospitalet taldeari irabazi zioten (1-3).
Clementek hamar eguneko epea izan zuen derbia prestatzeko, eta sendotasuna berreskuratzeko asmoarekin Lacruz jarri zuen Gurpegiren ondoan zelai erdian. Aranzubia izan zen atezaina, eta defentsan Iraola, Murillo, Luis Prieto eta Casas atera ziren. Goian, berriz, Urzaiz, Etxeberria, Yeste eta Javi Gonzalez.
Chuchi Cos eseri zen gasteiztarren aulkian, baina Pitermanek zuzentzen zuen taldea aldamenetik. Enpresari ukrainiarraren kudeaketa ametsgaizto bat izan zen Alavesentzat eta apirilean epaituko dute. Hala ere, San Mamesen lortutako azken garaipenean bere izena agertzen da Astudillo, Josu Sarriegi edo Edu Alonsorekin batera. Amorebietako entrenatzailea den Jandro ere sartu zen hamaikakoan.
Baita azpimarratu beharra dagoen Nene brasildarrarena ere. 42 urterekin futbolean jokatzen jarraitzen du Juventude taldearekin Bigarren Mailan. Iaz 7 gol eta 7 pase erabakigarri eman zituen. Alavesetik igaro ostean, Celtara joan zen, eta Monaco, PSG edo West Ham moduko taldeetan aritutakoa da, beste hainbat talderen artean. Ibilbide luzea egin du, eta Frantziako liga irabazi eta golegile nagusia ere izan zen jokalari ezkertia. Brasilen eman ditu azken urteak Vasco da Gaman, eta Qatarretik ere pasatu zen.
Esan bezala, Pitermanek Clementeren itzulera zapuztu zuen. Athleticek atzeko postuetatik ihes egin nahi zuen eta oso urduri zelairatu zen taldea. Alaves, aldiz, seigarren minutuan aurreratu zen Nene brasildarrak egindako golarekin. Baloi luze bat harrapatu, iskin egin defentsei, eta ondo gurutzatu zuen baloia ezkerrarekin.
Zuri-gorriak berdinketaren bila joan ziren. Urzaizek langara bidali zuen burukada bat eta Luis Prietok zutoinera beste erremate bat. Aukera andana sortu zituen Etxeberriak ere eta Tiko eta Llorente zelairatu ziren bigarren zatian. Yestek ere penalti bat jaurti zuen 83. minutuan, baina kanpora bota zuen. Azken txanpan Bodipok erabakita utzi zuen norgehiagoka, Nenek egindako erdiraketa bikain bat buruarekin sareetara bidali ostean.
Galdu arren, Athleticek maila mantentzea lortu zuen denboraldi amaieran. Alaves, berriz, jaitsi egin zen, eta hamarkada bat behar izan zuen Lehen Mailara itzultzeko.