NAIZ

Lehen Euskara Plana aurkeztu du Urruñako Herriko Etxeak

Herriko Kontseiluak aho batez onartu du lehen Euskara Plana. Filipe Aramendi Urruñako auzapezak aurkeztu du ondoko lau urteetan «hizkuntz politika egituratzeko» erabiliko den plana, «elkarbizitzarako giltza» gisara.

Jone Josie, Euskara Zerbitzuko burua, Urruñako udaleko arduradunek, urtarrilaren 16an, eskainitako prentsaurrekoan.
Jone Josie, Euskara Zerbitzuko burua, Urruñako udaleko arduradunek, urtarrilaren 16an, eskainitako prentsaurrekoan. (Patxi BELTZAIZ)

«Gure ardura ere bada euskara biziaraztea eta eremu publikoan dagokion lekua eskaintzea, ikusgarriagoa, ikasiagoa eta erabiliagoa izan dadin», defendatu du Urruñako Filipe Aramendik 2024-2028 epean indarrean izanen den Euskara Plaza aurkezteko eskainitako prentsaurrekoan.

Urruñako auzapez abertzaleak nabarmendu duenez, adostasun maila handia bildu du euskarari bere tokia emateko balio behar duen planak.

Alde batetik, Herriko Kontseiluak aho batez aintzat eman du egitasmoa.

Hau da, Udal Gobernuan dagoen gehiengo abertzale anitzarekin batera, oposizioak ere bat egin du proposamen horrekin.

Horretaz gain, egitasmoa sortzeko orduan egin duten bezala, baita proiektua gauzatzeko bidean ere hautetsiak eta udal langileak elkarlanean arituko direla nabarmendu du auzapezak.

Aniztasun hori planaren hartzaileetan ere islatu nahiko lukete «urruñar ororentzat» sorturiko egitasmoa baita. Hala nabarmendu du Pruden Sudupe hizkuntza politikarako kontseilari delegatuak, Kazeta.eus atariak agerraldiari buruz osatu duen albistearen arabera.

«Ez dugu soilik euskaldunentzat lan egiten, herritar guzientzat baizik», gaineratu du Urruñako udal arduradunak aipaturiko prentsaurrekoan.

Jakin behar da, Sudupen erabilitako hitzak baliatuz, Euskara Plana «ez dela zerutik erori».

Zentzu horretan, azken urtetan eginiko lanak oinarri sendo bat eskaini du.

Ipar Euskal Herrian 2020n egin zituzten herriko bozetan hautatuak izan ziren 22 hautetsik, tartean Urruñako auzapezak, «hizkuntza eskubideen protokoloa izenpetu zutela» jakitera eman zuten Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak hauteskunde horien ondorik.

Engaimendu horri bide emanez, 2022ko azaroan euskara zerbitzua sortzeko urratsa egin zuen, bestalde, Urruñako Udalak, eta Jone Josie izendatu zuen arduradun bezala.

2023ko udan, berriz,  komunikazio euskarrietarako hizkuntza xarta bere egin zuen Lapurdiko herriak.

Bestalde, 2023ko Aurekontuan 100.000 euroko partida onartu zuen Urruñako Herriko Etxeak «euskara zabaltzeko lana aitzinera eramateko» eta aurten diru-kopuru hori atxikitzea edota emendatzea aztertzen ari dira udal arduradunak.

Zortzi ardatzen arabera jardungo dute

Ondoko lau urtetan zortzi ardatzen araberako ekintzak garatzeko asmoa dutela azaldu du Euskara Zerbitzuko buruak.

Hala, zerbitzuen euskarazko eskaintza egituratzeko urratsak eginen dituzte «erabilera plan baten bitartez» eta lehen haurtzaroan zentratuko den transmisio ekimenak garatuko dituzte berdin irakaskuntzan zein aisia eskaintzan.

Era berean, eragile pribatuak «euskarara hurbiltzea» eta hizkuntzaren «erabilera soziala» sustatzea dutela helburu zehaztu du Jone Josiek.

Bestalde, «hizkuntzarekiko sentiberatzea» lantzearekin batera «arnasguneak» eskaintzea nahi du udalak.

Ildo horretatik, saretze eta elkarlanerako dinamikak sustatuko dituztela, baita mugaz gaindiko eremuari begira ere, laburbildu du teknikariak.