NAIZ

Gazteen emantzipazio arazoan, «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko eskatu du EH Bilduk Galdakaon

Gazteen emantzipazio arazoa konpontzeko «hitzetatik ekintzetara« pasatzeko ordua dela adierazi du EH Bilduk Galdakaon, eta udalerri horretan abian jarritako politikak azaldu ditu. Gazteei eta errenta txikienei zuzendutako proiektuak nabarmendu dituzte.

Koalizio subiranistaren agerraldia Galdakaon gaur.
Koalizio subiranistaren agerraldia Galdakaon gaur. (EH Bildu)

Oihana Etxebarrieta EH Bilduren hauteskunde kanpainako bozeramaileak eta Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak agerraldia egin dute gaur eguerdian Galdakaon, etxebizitzaren auzian «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko eskatzeko Bizkaiko udalerrian abian jarritako ekimenak azaltzeko. Gazteen emantzipazio arazoan jarri dute azpimarra.

Aste honetan ezagutzera emandako datuak gogoratu dituzte: «EAEko gazteek soldataren 4,5 urte oso erabili behar dituzte etxebizitza erosteko sarrera ordaintzeko. Zein gazte emantzipatu daiteke baldintza horietan?».

Etxebarrietak ziurtatu duenez, indarrean dagoen Etxebizitza Legean euskal erakundeek badituzte tresnak konponbideak bilatzeko, baina EAJ eta PSEren Exekutiboa «berandu eta gaizki doa».

Horren aurrean, azaldu du ezker independentistak neurriak hartuko dituela.  Gobernatzen dituen udaletan baldintzak betetzen badira gune tentsionatuak izendatzeko eskatuko diote Lakuari, «eta gobernatzen ez dugun lekuetan, Udalari eskaera hori Gobernuari aurkez deizaiola eskatuko dugu», adierazi du.

Azpimarratu du, halaber, bestelako ekimenak jar daitezkeela abian gazteei etxebizitza eskuratzeko erraztasunak emateko. Izan ere, Galdakaoko Udalak 34 urtetik beherakoentzat abian jarritako proiektua nabarmendu du. 42 etxebizitza dira guztia, eta alokairuan 300 euroren ingurukoa da.

Galdakaok garatutako politikak

Iñigo Hernando alkateak azaldu du udalek neurriak har ditzaketela maila ezberdinetan. «Udalgintzaren zutabetzat ulertzen ditugu etxebizitza politikak», esan du udal ordezkariak, eta gogoratu du hartutako neurrien artean, etxebizitza teknikari lanpostua sortu zutela udal gobernura heldu bezain laster, etxebizitza politikak aurrera eramateko.

Horien harira gogoratu du Hernandok gizarte larrialdietarako etxebizitza kopurua bost aldiz handitu dutela, hiru etxebizitzatik 15era pasatuta, etxebizitza hutsen inguruko azterketa egin dutela eta etxebizitza aholkularitza ere abian jarri dutela. Horren ondoan, alokairu sozialera bideratutako etxebizitzen arloa ere jorratu dute, Lakuako Gobernuarekin elkarlanean.

Alkateak zehaztu duenez, alokairu baxuko 42 etxebizitza eraiki dituzte: «guraso bakarreko familientzat 16, eta mugikortasun urriko pertsonentzat beste bi». «Etxebizitzak ez dira zozketa bidez esleituko, baizik eta, beste baldintza batzuen artean, izena eman duten pertsona errenta baxuenetatik hasita», emantzipaziorako «lehen aukera izateko, bai egoera zailetan dauden familientzat lagungarri izateko», erantsi du.

«Alokairua, esleitutako etxebizitzaren gela kopuruaren arabera, 250 eta 350 ingurukoa izango da, bost urtean zehar bizitza proiektu ezberdinen oinarriak jarri ahal izateko», zehaztu du.