Xabier Garcia Gaztelu eta Irantzu Gallastegi aulkian direla, asteazken honetan hasi dira epaitzen Manuel Zamarreñoren hilketa, ETAren ekintza baten ondorioz, 1998ko ekainaren 25ean. Errenterian PPko zinegotzia zen Zamarreño, eta ETAk ere hil zuen Jose Luis Casoren tokia hartua zuen Udaletxean.
25 urte baino gehiago igaro dira, beraz, hilketa gertatu zenetik. Orain arte epaitu ez izanaren zergatia ikerketak oraindik irekita zeudela izan da, Auzitegi Nazionalaren aburuz. Zehatzago, ekintza hartan beste etakideren batek parte hartu zuela sumatzen omen zuten eta identifikatu nahian zebiltzan. Azkenik, 2020. urtean instrukzio-epaileak izen-abizenak jarri zizkion honi: Jose Luis Geresta Mujika, 1999an inoiz argitu ez den moduan hil zen zizurkildarra, 29 urte zituena.
Geresta belardi batean agertu zen hilda, buruan tiro bat zuela. Ertzaintzak bere buruaz beste egin zueneko tesia zabaldu zuen baina gerra zikinaren hipotesiari bide ematen zioten datuak agertu ziren: hauen artean, norbaitek bi hagin bortizki kendu zizkiola. Gertatutakoa ez da inoiz epaitu, ez eta ikertu ere: are gehiago, 2000. urtean jada itxi zuten salaketa espainiar auzitegiek.
25 eta 23 urte preso daramatzate
Zamarreñoren hilketan ustez parte hartzeagatik Garcia Gazteluren eta Gallastegiren kontrako 120 urteko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak orain. Biek lehenengo jardunaldi honetan jakinarazi dutenez, ez dute epaiketan parte hartuko eta luzatzen zaizkien galderak erantzun gabe utziko dituzte.
PPko zinegotzi zenaren bizkartzainak lekukotasuna eman du epaiketaren hasieran. Eztanda nola gertatu zen kontatu du: perituen txostenetan jasotzen denez, moto batean kokatua zen lehergailua, Zamarreñoren autoa ondotik pasatzen zenean eztanda egiteko prestatua, eta bizpahiru kilo lehergai zituen. Bizkartzain lanetan zebilen ertzain honek zauri larriak jasan zituen bular aldean, begi batean eta belarri batean.
Beste ekintza batzuengatik espetxe zigor luzeak dituzte jada Gallastegik eta Garcia Gazteluk. Lehenak 25 urte daramatza preso dagoeneko, eta bigarrenak, 23.