Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

‘Euskararen baloia’ ekimenaren edizio berriari hasiera eman dio Eibarrek

2019an hasi zuen klub armaginak euskararen erabilera sustatzeko proiektua, ‘Euskararen baloia’ deiturikoa. Elgoibarko Ikastolako ikasleak izan dira aurtengo lehen partehartzaileak eta Joseba Etxeberriarekin eta Yerai Martinekin solasean ibiltzeko aukera izan dute.

Elgoibarko Ikastolako ikasleek eman diote hasiera aurtengo edizioari.
Elgoibarko Ikastolako ikasleek eman diote hasiera aurtengo edizioari. (SD Eibar)

Badira bost urte Eibarrek euskararen erabilera sustatzeko ‘Euskararen baloia’ ekimena sortu zuela. Hasiera batean Eibarrera mugatu zen baina denborarekin eskualdera zabaltzen ari den proiektuan, ehundaka umek parte hartu dute dagoeneko. Asteazken arratsalde honetan martxan jarri den aurtengo edizioari Elgoibarko Ikastolak eman dio hasiera.

Mikel Larrañaga Eibar Fundazioaren presidenteordeak aurkezpenean azaldu duen bezala, euskararen erabilera sustatzea da ekimenaren asmoa, «gelan bakarrik erabili barik, jolastokira, kalera, etxera eta lagunartera zabalduz». Horretarako, haurrei kondaira baten partaide izatea proposatzen zaie, Ipuruan berritze lanetan aurkitu zen baloi hustuarena, «euskaraz hartzen dugunean arnas» bere jatorrizko itxura ona berreskuratzen duena.

Istorioa kontatzen diete gaztetxoei Eibarko ordezkariek –Yerai Martini eta Elgoibarko Ikastolako ikaslea izandako Joseba Etxeberriari egokitu zaie gaurkoan– eta hauek kondairari jarraipena ematen diote hainbat proiekturen bidez; hala nola bideoak, abestiak, bertsoak edo beste arte-adierazpen batzuk. Esperientzia osatzeko solasaldia dago aste bakoitzeko protagonistekin eta bisita gidatu bat eskaintzen zaie ikasleei Ipuruako futbol zelaitik.

Aurten, lehen aldiz, euren artean lehiatuko dira parte hartzaileak –denak Lehen Hezkuntzako 3. mailakoak– eta sariak egongo dira bi proiektu onenentzat. Parte hartzeak berak ere saria dauka eta astero Ipuruatik pasatuko diren gelek kamiseta bat eta ‘Euskararen Baloia’ proiektuko ale bat eskuratuko dute. Horrez gain, ikasle bakoitzari gonbidapena emango zaio gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeen partida banarako.

‘Euskararen Baloia’ ekimenaren bostgarren edizio honek Lakuako Gobernuaren eta Armeria Eskolaren babesa izango du.