2023. urteko irakurketa eta ondorioak plazaratu ditu Kontseiluak ostiral honetan Donostian, erakunde, politika, sindikatu eta jendarteko ordezkaritza zabal baten aitzinean. AEK-ko Aize Otaño arduradunaren sarrera hitzen ondotik, Idurre Eskisabel idazkari nagusiak eman ditu azalpenak. Eta Elkarreko Joan Mari Larrartek iaz zendutako Xabier Mendiguren Bereziartu Kontseiluaren lehen lemazainari omenaldi txiki bat ere egin dio.
Hizkuntza politiketan jauzia egiteko eta adostasun soziopolitiko bat lortzeko beharra diagnostiko guztietan azaltzen da, eta horretan ari da lanean euskalgintza. Euskararen kontrako oldarraldiak premia hori handitu du azken urtean.
Eztabaida sozial aberats bat izan beharko lukeena judizializatua dagoela adierazi du Eskisabelek. Eztabaida ebatsi bat. Erran duenez, eztabaidaren muina detektatzea ez da zaila: «Euskararen normalizazioari buruzko bi ikuspegi daude talkan, horietako batean berdintzen da administrazioarekiko harremana eta zerbitzu publikoak euskaraz jaso ahal izatearekin. Bada beste ikuspegi bat askoz ere esanahi sakonagoa hartzen duena: hizkuntz eskubideak bizimoduaren arlo guztietan gauzatu beharrekotzat hartzen dira. Zabaltze horrek hizkuntz eskubideen dimentsioa bera handitzen du eta indibidual izatetik kolektibo izatera eramaten du».
Alegia, «euskararen normalizazioa ez da euskaldunon, euskaltzaleen kontua, baizik eta jendarte osoarena».
Bi ikuspegi horien arteko talka gainditu edo, behintzat, eztabaidatu behar dela uste du Euskalgintzaren Kontseiluak. Batuz Aldatu dinamikaren bidez lan bat egina du, bi oinarriren gainean: ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako eremu erosoak sortzea. Sinpleak dirudite, baina edukiz betetzen badira potentzialitate izugarria dutela defendatu du Eskisabelek. «Bereziki ezagutzaren unibertsalizazioa konpromiso zibiko moduan ulertzea da akordio horretarako funtsezko muin bat».
Horrek, batez ere, ondorengoak bide horretan jartzea eta bultzatzea erran nahi du.
«Euskaren normalizazioa ulertzen bada administrazioarekiko harremanera mugatua, gizarte segregaziora joango gara», ohartarazi du. Beraz, Kontseiluak argi dauka bidea.
Bada beste elementu bat: «Ikusten ari gara mundu zabalean ere konpromiso zibikoaren eta norberaren ustezko askatasunaren arteko talka. Larrialdi klimatikoan, adibidez. Generoari lotuta ere bai. Eztabaida guztiek bi termino horiek gurutzatzen dituzte eta hizkuntzaren auzia ez dago honetatik kanpo».
Euskararen normalizazioa konpromiso zibikoaren parametroetan jartzea, kokatzea eta onartzea jendarte osoaren zeregina da. Horixe da Kontseiluak datozen hilabeteetan bilatuko duen akordio soziopolitikoaren bizkarrezurra.
Estatusa, abiaburu
2023. urtearen errepasoa estatusaren garrantzia azpimarratuz hasi du Idurre Eskisabelek. Erran duenez, hizkuntza zapaldu baten hiztun gisa prestigioan indarra emango liguke Europan ofizial izendatzeak. Horretarako atea ireki da Europar Batasunean. Kontseiluko ordezkariek agerraldia egin zuten Bruselan, gainerako hizkuntza gutxituetako eragileekin batera, Batasuneko Estatu
kideei hizkuntza berdintasunaren alde egiteko eskatuz. Tamalez, argudio teknikoen aitzakian EBko Kontseiluak erabakia atzeratu du.
Europan ofizial izateak aldaketa esanguratsuak ekarriko lituzkeela esplikatu du Kontseiluko idazkari nagusiak; etiketajean euskara erabiltzea, eta hezkuntza programetan eta ikus-entzunezkoetan aurrerapausoak ematea, adibidez. Oldarraldiaren aurrean babes bat litzateke eta paradoxa batean jarriko gintuzke: Europako erakundeekin euskaraz aritzeko aukera izanen genuke; hurbileko erakundeekin, aldiz, ez, Nafarroako zatirik handienean eta Ipar Euskal Herrian.
Hizkuntza politikak
Euskararen aldeko politika publikoen ikuspegitik, atal garrantzitsuena plangintza dela nabarmendu du: tresnak, neurgailuak, baliabideak ezarri behar dira. Horixe da Ipar Euskal Herrian Euskal Konfederazioak Euskararen Erakunde Publikoari (EEP) eskatu diona, 2050erako euskaldunen proportzioa %30era, euskararen biziraupena bermatzeko behar denera, hel dadin.
Nafarroan, Gobernu akordioan euskararen plangintza desagertu, eta desadostasunen atalera pasatu da. Kontseiluak kezka adierazi du administrazioan euskararen ezagutza baloratzeko dekretuaren inguruan ere. Oraindik ez da argitaratu, eta urtebete honetan hainbat lanpostutan euskara ez da merezimendu gisa ere aintzat hartu. Dekretuan uzkur jokatu dute Eskisabelen hitzetan, proposamen murritzak eginez.
EAEn Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartze bidean dago: datozen hamar urteetarako Lakuaren marko estrategikoa ezarriko du. Euskararen normalizazioa arautuko duen Dekretua ere azken txanpan sartua dago. Kontseiluak alderdi interesgarriak ikusten dizkio, baita hobetu beharreko elementuak ere. Batez ere administrazioa euskalduntzeko epea ezarri behar dela uste du.
Hezkuntza, aukerak galtzen
Abenduaren 21ean onartu zuen Gasteizko Legebiltzarrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege berria. «Ez da izango euskararen etorkizuneko belaunaldietan ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzeko urrats sendo eta irmoa emango duen legea. Izan ere, hezkuntza komunitateko eragileekin eta gehiengo sindikalarekin batera, euskarazko ikastereduaren orokortzea proposatu zen. Aldiz, legearen azken bertsioak gaurko hizkuntza eredu zaharkituak eta segregatzaileak mantentzea jaso du».
Ipar Euskal Herrian, «larrosa adina arantza» dago. «Badago adierazle bat: ikasketa prozesuan dauden bi azterketa garrantzitsu, brebeta eta baxoa, ezin dira euskaraz egin. Egin dezakezu ibilbide akademikoa euskaraz, baina horiek frantsesez egin behar dira, edo ziren, horren inguruan borroka antolatu baitute euskaltzaleek. Udaberrian lortu zuten brebeta euskaraz pasa ahal izatea. Larrosa bat, garaipen estimagarria. Baina pobrearen etxean pozak labur. Aurtengo brebeterako irizpideak jaso dituzte eta euskaraz egin ahal izango dute, baina galderak frantsesez jasoko dituzte».
Ildo berean, Kattalin Elizalde kolegioa zabaldu zen Senperen 2023ko ikasturtearekin batera, baina Beskoitzeko ikastola galtzear dago. Ikasleen %68k ez dauka inolako kontakturik bere eskola ibilbidean euskararekin.
Nafarroan ere %60k euskararekin inolako harremanik gabe egiten du bere eskola ibilbidea. Adibidez, Iruñeko Lezkairu auzoan ikastetxe publiko berria D eredurik gabe zabaldu da. PAI ereduak ere indartzen ari dira, ailegatu berri diren familiei euskarazko ereduak ez dira eurentzako egokiak adierazten ari dira, finean euskarazko lerroak irekitzeko oztopo burokratikoak.
Herri gogoa eta gizarte ekimena
Inkesta Soziolinguistikoaren azken emaitzak jaso berritan, 1.200.000 lagun gara euskara ulertzeko gai garenak: «Asko gara. Ezagutzan bagoaz, erabilerarekin sortzen zaigu beti arrakala. Horri ohiko begiekin begiratuta, geure burua zigortzeko bidea topatzen dugu. Baina hiztunen gaitasuna ikusita, erabiltzeko baldintzak ikusita, erabilera handia da. Hau da, borondate sendo bat dago oinarrian. Herri gogorik ez da falta».
Hori islatzen da hainbat ekimenetan: gazteen Hezkuntza Euskaraz Izan behar da mobilizazio egunean, Nafarroan ofizialtasun eskariarekin bat eginez 200 eragile sozial baino gehiagok aurkeztutako aldarrian, Baionan azterketak euskaraz egiteko eta politika publiko sendo bat eskatzeko egindako manifestazio jendetsuan, edota elkartasun eran itzuli zen Herri Urratsen uholdean, Sorionekuak ekimenean.
Ekimen iraunkorragoak ere martxan daude: 7.000 mintzalagun aritzen dira Euskal Herrian, 100 herriren langa gainditu da UEMAn, eta Topaguneak jauzi bat emateko borondatea adierazi du kongresuan, adibidez.
Korrika
Aurten Korrika urtea dugu. Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak hartu du hitza, eta 2023an «aizkorakada latzak» hartu baditugu ere, baikorrak izateko arrazoiak ere baditugula adierazi du: «Esate baterako, udazkenean Kontseiluak manifestazioa deitu eta Bilboko kaleak bete genituen euskara gogoz».
«Euskarak egiten gaitu euskaldun, gutako bakoitza eta herria. Udaberrian 23. Korrika egingo dugu, eta harro aldarrikatuko dugu asko garela eta gogotsu gaudela».
Oldarraldi judiziala
Duela urtebeteko irakurketan oldarraldi hitza izan zen Kontseiluak gehien erabili zuenetako bat. «Aurten horren intentsifikazioa ikusi dugu. Udal Legearekin jo da goia, uztailean EAEko Auzitegi Nagusiak, VOXen helegite bati erantzunez, udalei euskaraz funtzionatzeko lege babesa ematen zien legea eta bere garapen dekretua partzialki baliogabetu zituen», azaldu du Idurre Eskisabelek.
«Asmatu dugu Kontseiluaren inguruan artikulatzen oldarraldi honi aurre egiteko hesi bat. Alkate eta hautetsien agerraldia gertakari garrantzitsua izan zen, azaroaren 4ko manifestazio deia ere bai, kulturgileen agerraldia, gehiengo sindikalak eta lan eremuak egin duen adierazpena, tokian tokiko elkarteen ekintzak, gazteen ekarpena. Ardura handi bat utzi dio horrek Kontseiluari, hori itzultzea aurrera egiteko palanka moduan».
Xabier Mendiguren Bereziartu
Elkarreko Joan Mari Larrartek joan den urtean hil zen Xabier Mendiguren Bereziartu Kontseiluko lehendabiziko lemazainari eskainitako hitz batzuk egin zituen. «Bizitza oso bat eman zion euskarari, eta herrigintzari ere bai. Ez zuelako bakarrik euskaraz lan egin, gainontzekoek euskaraz jarrai genezan ere egin zuen».
«Argi zuen euskaraz bizitzeko aukerak sortu behar genituela, eta horrek markatu zuen bere bizitza. Eskolak ematen, materialak sortzen, itzultzaile eta itzultzaile eskolan aritu zen. Eizie sortzeko bidean jarri zuen, ‘Senez’ aldizkaria, eta ‘Euskaldunon Egunkaria’ ekarriko zuen Egunkaria Sortzen taldean ere ibili zen» Kontseiluaren gidaritza hartu aitzinetik. 26 urteren ondoren, euskaltzale aunitzek heldu dio bere lekukoari.