NAIZ
Usurbil

Guggenheim Urdaibai Stop plataforma eta ‘Bizkarsoro‘ filma, Argia sarien artean

Ikus-entzunezko saria ‘Bizkarsoro’ filmak jaso du; prentsa saria, ‘Sahara. Herri bat erresistentzian’ liburuak; entzunezko saria ‘Ez gatoz Paristik’ podcastak; Internet saria gordegia.eus artxibategi grafikoak eta komunikazio kanpaina onenaren saria Guggenheim Urdaibai Stop plataformak.

Usurbilen banatu dituzte 2024ko Argia sariak.
Usurbilen banatu dituzte 2024ko Argia sariak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Argia sarien 35. edizioa antolatu dute gaur Usurbilgo Atxega jauregian, non bost proiektu ezberdinek Antton Mendizabal eskultoreak sortutako garaikurra jaso duten.

Ikus-entzunezkoen ataleko saria ‘Bizkarsoro’ filmak jaso du. Josu Martinezek zuzendutako dokumentalak euskal nortasunaren eta euskararen zapalkuntza lantzen du. Martinezekin batera, Katti Pochelu eta Hibai Castro egon dira saria jasotzen.

Prentsa saria, aldiz, ‘Sahara. Herri bat erresistentzian’ lanak bereganatu du, Mendebaldeko Saharako gatazkari buruz Kristina Berasain Tristanek idatzitako liburuan egindako lanari esker.

‘Ez gatoz Paristik’, Lanartean elkarteak kulturaz egindako podcastak, berriz, Entzunezko Argia saria jaso du. Amagoia Gurrutxagak eta Harkaitz Canok jaso dute garaikurra, Lanartea elkartearen izenean.

Internet sariari dagokionez, gordegia.eus, Donostiako Egia auzoko artxibategi grafikoaren egitasmo herrikoiak eraman du. Arkaitz Artolak, Juanpe Urrosolok eta Fernando Olaldek jaso dute saria.

Azkenik, Kanpaina onenaren saria Guggenheim Urdaibai Stop plataformak irabazi du; Urdaibain eraiki nahi duten Guggenheim museoaren aurka egindako lana saritu nahi izan dute modu honetan. Itsaso Zaldunbide, Eider Gotxi eta Zuriñe Gandariasek jaso dute saria.