Larunbat eguerdi honetan Orkoiengo pilotalekutik abiatu dira ehunka euskaltzale, eta udaletxe plazara arte joan dira manifestazioan. Ezagun egin dira Alex Lopez PSNko alkateak eginiko adierazpenak, ez baita nolanahikoa haur euskaldunek euskarazko nahiz gaztelaniazko ludotekan parte hartu ahal izatea pribilegiotzat hartzea, erdaldunek gaztelaniazkoan bakarrik parte har dezaketelako.
Orkoiengo Euskaltzaleak elkarteak azaldu duenez, zoritxarrez, alkatea «politika euskarafoboak» aurrera atera nahian dabil. Horren lekuko, joan den abenduan aurkeztu zuen euskararen ordenantzaren «aldaketa murriztailea, funtsean euskaldunak eskubiderik gabe eta alkatearen unean uneko borondatearen menpe» utziko dituena.
Aldaketa horri ezezkoa emateko eta euskaraz bizi nahi dutela erakusteteko, larunbat honetan manifestazioa egin dute. Amaieran, plazan elkartu dira jai giroan, musika, erraldoi, haurrentzako jolas eta bestelakoekin. Adierazpena ere irakurri dute.
Itziar Ilundain eta Aitor Zandueta kolektiboaren ordezkariak hedabideekin mintzatu dira, eta ordenantzaren aldaketa gaitzetsi dute, «herritarren eskubideak mugatu nahi dituelako». Esplikatu dutenez, «indarrean den araudia edukiz husten dute, artikulu piloa kenduz. Beste batzuk dauden bezala uzten dituzte baina ‘posible den guztietan’ eta gisako makuluak erantsiz. Horrek ekartzen du agintarien eskuetan gelditzea eskubide horiek betetzen diren ala ez».
Ordenantzaren aldaketak aukera hori ematen die agintariei herritarrek administrazioari euskaraz arreta jasotzea galdegiten dien kasuetan. Bando, kartel, seinale eta dokumentazioetan euskarak duen presentziari eta publizitate elebidunei ere eragiten die.
Euskara meritu gisa planteatzen duten artikuluak ere ezabatzen dira, zerbitzuen kontratazioan elebitasun irizpideak ezartzea, Udalak enpresei fakturak, agiriak, seinaleak eta informazioa elebitan ematea eskatzea baita Udalak herriaren egoera soziolinguistikoa ezagutzeko ikerketak egitea ere.
Alex Lopez alkatearen adierazpenak ere salatu dituzte. «Tristura handia eragiten digu orkoiendar guztien alkatea dela uste dugulako eta guztiok ordezkatu behar gaituelako. Baina ez gara ordezkatuak sentitzen eta eta ez dituela gure hizkuntz eskubideak kontuan hartzen iruditzen zaigu», esan dute.
PSNk alkatea babestu du
PSN eta PSOEk Orkoiengo alkatea babestu dute, eta penaz ikusi dute «testuingurutik ateratako adierazpen batzuk bere aurka egiteko erabiltzea». Asteazkenean gaztelaniaz igorritako ohar batean adierazi zuten, ez dutela onartuko udaletan «euskara inposatzerik». «Hizkuntza hau sustatzeko ari gara lanean, borondatetik eta udalerri bakoitzeko errealitate soziolinguistikotik», azpimarratzen dute bertan.
Alex Lopez alkatea «eraso pertsonala» jasaten ari dela salatu, eta babes osoa erakutsi diote. «Ez da onargarria udaleko batzar batean egindako adierazpen batzuk kontestutik atera eta intentzio txarrarekin bera erasotzeko erabiltzea».
Baieztatu dutenez, zabaldu diren adierazpen horietan ez da ikusten testuingurua, alkateak berak bere hitz hartzearen 10 minutuetan azaltzen duena. «Orkoiengo errealitate soziolinguistikoan euskarazko zerbitzuen eskaera oso murritza da gaztelaniazko eskaintzaren aldean», esan dute.
Euskarabidearen datuei heldu diete jarraian: «Orkoiengo euskal hiztunak %14,3 dira. Hortaz, Orkoiengo araudia eta jardunbidea orain arte errealitate soziolinguistiko horretatik urrun daude».