NAIZ

Gazan 140 langiletik gora galdu duen UNRWA kriminalizatzeari ekin dio Estatu ugarik

Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziako (UNRWA) 142 langile hil dira Gazan urriaren 7tik urtarrilaren 1era arte. Baina orain, Israelek hasita, hainbat Estatuk erakundeari finantzaketa bertan behera utzi dute, Hamasekin harremana egotzita, kriminalizazio saiakeran.

Dozenaka palestinar UNRWAk banatzen duen irina jasotzeko zain, Gazako Zerrendan, abenduan.
Dozenaka palestinar UNRWAk banatzen duen irina jasotzeko zain, Gazako Zerrendan, abenduan. (Omar ASHTA | EUROPA PRESS)

Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak (UNRWA) 142 langile galdu ditu Gazan, gehienak bonbardaketen ondorioz, urriaren 7tik urte amaierara arte. Orain, horietako batzuek urriaren 7ko Hamasen erasoetan parte hartu ote zutela egotzita, Finlandiak, Estatu Batuek, Kanadak, Italiak, Erresuma Batuak eta Australiak UNRWAri finantzaketa eten dute.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak UNRWA sortu zuen 1949an, Agentziaren eremuan inskribatutako errefuxiatu palestinarrei laguntza eta babes humanitarioa emateko aginduarekin, beren egoera larriari irtenbide justu eta iraunkorra emateko.

Urriaren 7tik erakundea funtsezkoa izan da gatazkak Gazako Zerrendan utzitako lekualdatutako 1,9 milioi pertsona baino gehiagoren biziraupenrako. Bitartean, 212 jazoeratan erakundeko 142 langile hil dituzte eta 128 instalazio kaltetuak izan dira urtarrilaren 1era arte, UNRWAk bere webgunean laburbiltzen duenez.

UNRWAko ordezkariak Euskal Herriko legebiltzarretan izan dira azken hilabeteotan. Raquel Marti Estatu espainolean UNRWAren zuzendari exekutiboa Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu zen eta, NAIZi emandako elkarrizketan, Lakuak 600.000 euro baino gehiagoko dirulaguntza emango diola baieztatu zuen. Chiviteren gobernuak 200.000 euro eskaini zizkion UNRWAri ere.

Ostiralean hasi zen UNRWAren aurkako kriminalizazio kanpaina hau. Philippe Lazzarini erakunde honetako ordezkari orokorrak honakoa adierazi zuen: «Israelgo agintariek informazioa eman diote UNRWAri urriaren 7an Israelen aurkako eraso izugarrietan UNRWAko zenbait langilek parte hartu zutelakoan. Agentziak laguntza humanitarioa emateko duen gaitasuna babesteko, erabaki dut funtzionario horien kontratuak berehala amaitzea eta ikerketa bat abiaraztea, egia atzerapenik gabe argitzeko».

Jarraian, Estatu Batuek, Israelen kide nagusia, finantzaketa bertan behera utzi zuen. Kanadak eta Australiak gauza bera egin zuten geroago.

Italia, Europan lehena

Italia erabaki hau hartu duen Europar Batasuneko lehenengo estatua izan da. Antonio Tajani Kanpo Arazoetako ministroak honela azaldu du erabakia larunbat honetan X sare sozialaren bitartez: «Italiako Gobernuak finantzazioa eten dio UNRWAri, Hamasek urriaren 7an Israelen aurka egindako eraso latzaren ostean. Herrialde aliatuek erabaki bera hartu berri dute. Palestinarrei laguntza humanitarioa emateko konpromisoa dugu, Israelen segurtasuna babestuz».

Erresuma Batuak, ondoren, honela justifikatu du bere erabakia: «Erresuma Batua izututa dago UNRWAko langileak Israelen aurkako urriaren 7ko erasoan inplikatuta egon zirelako salaketekin, Erresuma Batuko Gobernuak behin eta berriz gaitzetsi duen ekintza gorrotagarriarekin».

Ville Tavio Finlandiako Kanpo Merkataritza eta Garapenerako Ministroak, bestalde, «UNRWAren finantzaketaren behin-behineko etenaldia» iragarri du X-n, ikerketa independente baten zain. «Finaldiak ez du Hamasi mesede egiteko laguntzarik ematen», esan du, «akusazioak oso larriak dira».

Norvegiaren babesa

Norvegiako ordezkaritzak, aldiz, agentziari babesa ematea erabaki du, «Gazako egoera katastrofikoa delako eta UNRWA delako hor dagoen erakunde humanitario garrantzitsuena».

Beraz, X sare sozialeko bere kontuan jakinarazi dutenez, «Norvegiak Palestinako herriari babesa ematen jarraituko du UNRWAren bitartez», mezuaren arabera, «Palestinarentzat nazioarteko babesa inoiz baino garrantzitsuagoa da».

Hamasen eta Palestinaren gaitzespena

Honi erantzunez, Hamasek NBEko langileek miliziarren ekintzetan parte hartu izana ukatu du. «Gogor gaitzesten dugu erakunde kriminal sionistak gure herria arintzen laguntzen duten nazioarteko erakundeen aurka abiarazitako kanpaina, nazien genoziodioa jasaten ari baitira», adierazi dute ohar batean.

Talde islamistak Israelek Osasunaren Mundu Erakundearen aurka egindako «funtsik gabeko salaketa» aipatu du, «Hamas mugimenduarekin izandako ustezko ‘kolusioa’» dela eta, baita «UNRWAren aurkako kanpaina ere, finantzaketa eteteko eta Palestinako herriari nazioarteko agentzia horien zerbitzuak jasotzeko eskubidea kentzeko helburuarekin», erantsi du.

Palestinako Atzerri Ministerioak, gainera, «harridura handia» adierazi du «herrialde batzuek Nazio Batuen ikerketak amaitu aurretik hartutako neurriengatik», eta «legearen arabera berehala kentzeko» eskatu du.

«Nazio gehiago batzeko» deia

Israel Katz Israelgo Atzerri ministroak eskerrak eman dizkie larunbat honetan Ameriketako Estatu Batuei, Kanadari, Erresuma Batuari, Italiari, Australiari eta Finlandiari, Palestinako Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziarentzat (UNRWA) finantzazioa eteteagatik.

«Dei bat egiten dut nazio gehiago batzeko. UNRWAk Hamasekin dituen loturak, terroristei babesa ematea eta bere gobernua iraunaraztea ukaezinak dira. UNRWAko buruzagiak kargutik kendu eta sakon ikertu behar dira», adierazi du Katzek ohar baten bidez.

«Urteak daramatzagu ohartarazten: UNRWAk errefuxiatuen auzia betikotzen du, bakea oztopatzen du eta Gazako Hamasen beso zibil gisa balio du», esan du Katzek, gatazka amaitu ondoren UNRWA Zerrendaren funtzionamenduaren parte ez izatea bermatuko duen politika sustatzeko pertsonalki lan egingo duela azpimarratuz.