Arnaitz Gorriti

Euroligak ez du gupidarik eta bi partidako astea Bayern Munichen kantxan hasiko du Baskoniak

Pablo Lasoren taldeak gasteiztarrek baino hiru garaipen gutxiago ditu eta ez du abenduaren 28az geroztik etxean irabazi. Nolanahi ere, ez da ahaztu behar aurreneko itzulian Zurbaon garaile izan zela eta Saski Baskonia bera ere ez dela oso fin ibili bere azken bi neurketetan.

Codi Miller-McIntyre Bayernen aurka. Azken bi partidetan maila eskasagoa eman du «Otsoak».
Codi Miller-McIntyre Bayernen aurka. Azken bi partidetan maila eskasagoa eman du «Otsoak». (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Virtus Bolonia taldeko entrenatzailea, Luca Banchi, kexu azaldu da egunotan, Euroligak behartzen duen erritmoa dela-eta. «Hainbeste partida hain jarraian jokatzeak jokalarien osasuna arriskuan jartzen du eta lehiaketa bera ere hil lezake. Klubetako kideek adierazi beharko genuke gure iritzia kontu honi buruz, baina horretarako Euroligak berak jaramon egiteko borondatea erakutsi behar du gutxienez».

Hemendik pare bat urte barru Dubaiko talde bat Euroligan izango dela ziurtzat jotzen da, eta aldaketa handirik eman ezean, Londres eta Parisko taldeak ere ez dira aparte ibiliko. Hargatik, Euroligak talde gehiagoz osaturiko liga izatera pasatzeko intentzioa darabil, baina egungo lehiaketa eredua, denak denen aurkako liga luze bat, pentsaezina da. Egia da kluben batek ideia izan dezakeela Euroligan bakarrik parte-hartzea, baina uneotan zaila dirudi halako erabakirik inork har dezakeenik.

Baina Banchiren hitzek, neurri baten zuhurrak izan arren, ez dute 2023/24 denboraldiko Euroligaren erritmorik etengo, eta hargatik aste honetan ere jardunaldi bikoitza jokatzea egokitu da. Jakina da Saski Baskoniak ostegunean Maccabi hartu beharko dutela Buesa Arenan, baina horren aurretik Pablo Lasoren Municheko Bayernen aurka jokatu beharko dute gasteiztarrek, asteartean 20.00etan BMW Park pabiloian.

Ez daude Lasorenak unerik gozoenean, etxean batik bat. Abenduaren 28an Valentzia Basketi irabazi zietenetik, ez dira berriz ere beren kantxan irabazteko gai izan. Real Madrilek 71-92, sekulako astindua eman zien alemaniarrei eta pasa den astean, berriz, Asvel Villeurbanne ahulak 64-76 hartu zituen menpean Pablo Laso eta enparauak. Bi neurketa hauen erdian beste bi lehia izan dituzte etxetik kanpo, eta Berlinen Albaren aurkako «derbia» 65-82 irabazi bazuten ere, Fenerbahçeren aurka ere burua markutu behar izan zuten: 98-91.

Ondorioz, Euroligako hamar onenen artean sailkatzeko trena galduta dabil Bavariako taldea, 9-14 balantzearekin hamabosgarren sailkatua baita, hamaikagarren doan Saski baskoniak baino hiru garaipen gutxiagorekin eta, hori bai, Izar Gorria eta Anadolu Efesekin berdinduta, eta Armani Milanok baino garaipen bat gutxiago pilatuta.

Peñarroyaren gainbehera

Saski Baskoniaren egungo entrenatzailea beste behin Dusko Ivanovic izatearen erantzukizun puska handi bat dauka Beyernek. Terrassako entrenatzailearen gainbehera Pablo Laso eta bere gizonen aurka hasi zen; ez bakarrik 68-76 galdu zutelako gasteiztarrek, baizik eta azken laurdenean 6-19ko partziala jaso zutelako baino.

Hamar puntuz goitik jarri ziren arabarrak hirugarren laurdenean eta kolpetik joko etorria erabat eten zitzaien Peñarroyarenei. Entrenatzaile katalanak mila aldaketa, hutsarte, oihu eta espantu egin arren, taldeak goitik behera egin zuen eta Bayernek, beste munduko ezer ere egin gabe, buelta eman zion neurketari, nahiz eta zenbait baja izan arazo fisikoen erruz.

Orduko hartan, esaterako, Serge Ibaka pibota ez zuen jokatzeko moduan izan Pablo Lasok eta astearte arratsaldean ere zalantza izango da azkenera arte; berdin Isaac Bonga eta Devin Booker ere. Alemaniako Ligako azken norgehiagokan jokora itzuli ahal izan dute Ibakak eta Bongak, baina aurrenekoa bere mailatik urruti dabil oraindik eta Bonga, berriz, bost minutu inguru bakarrik izan zen kantxan; Booker, ezta hori ere.

Egia da azken bi neurketetan Saski Baskonia ez dela finegi aritu. Valentzia Basketen aurka dena atzekoz aurrera atera zitzaion talde arabarrari eta merezita galdu zuen. Obradoirori, berriz, ondo irabazi arren, inork uste baino lan handiagoa egin behar izan zuen aurreneko laurdenean pilaturiko hamar puntuko errenta horri eusteko.

Hain justu, neurketa hauetan bietan aspaldiko mailarik eskasena eman du Codi Miller-McIntyrek eta ikusi egin behar kasualitate hutsa den ala denboraldia luze egiten hasi ote zaion «Otsoari». Dena dela, badirudi Saski Baskoniak bigarren antolatzaile on bat aurkitu duela oraingoan. Jordan Theodorek maila ona eman du jokatu dituen bi partidetan eta entrenatzeko astirik inoiz hartzen baldin badu –otsailaren 11tik martxoaren 1era ez du partidarik jokatuko Saski Baskoniak, Kopa eta «FIBA Leihoak» direla-eta, baina ikusi egin behar zenbat jokalari galtze dituzten gasteiztarrek beren selekzioekin–, akaso are eta hobeto moldatuko da taldera.

Bitartean, Euroligak hortxe darraio, arrabola bat bailitzan, talde guztien gainetik jiraka eta biraka. Ea nork eusten dion Municheko ekinaldiari.