NAIZ
Donostia

Gorka Urbizuri elkarrizketa musikatua, streaming bidez hemen ikusgai

GARAren 25. urteurrena ospatzeko, Urbizuk bere bakarkako lana, ‘Hasiera bat’ aurkeztu du, elkarrizketa musikatu batean. Lerro hauen gainean streaming bidez jarraitu ahal izan da. Gainera, Donostiako erredakzio berriaren inaugurazio ofiziala ere egin da.

Gorka Urbizu Donostiako erredakzio berrian.
Gorka Urbizu Donostiako erredakzio berrian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

1999ko urtarrilaren 30ean jaio zen GARA, lagun askoren eskuzabaltasunari esker. Garai horretan, Gorka Urbizuk gidatzen zuen Lekunberriko talde gazte bat bere bigarren diskoa prestatzen ari zen. Udazkenean ikusiko zuen argia Berri Txarraken ‘Ikasten’ lan gogoangarriak. 25 urte geroago, GARAk eta Urbizuk bat egin dute, emanaldi berezi batekin.

Egunkariaren 25. urteurrena ospatzeko, Urbizuk bere bakarkako lana, ‘Hasiera bat’ aurkeztu du, NAIZ Irratiko kazetari den Iker Gurrutxagak egin dion elkarrizketa musikatuaren bidez. Hau, gainera, NAIZen streaming bidez jarraitu ahal izan da.

Ondoren, GARAren 25. urteurren ekimenen baitan, berriz, erredakzioaren inaugurazioa egin da, hainbat gonbidaturekin. Ongietorri koktel baten ondotik, erredakzioa eta NAIZ Irratiaren estudio berriak ezagutu ahal izan dituzte, kazetarien eskutik, ekitaldia hasi aurretik. Hura amaituta, jatekoa, edatekoa eta musika ere izan da gipuzkoar hiriburuko erredakzioan.

NAIZ Irratian, goizetik

Urteurren egun berezia, baina, askoz lehenago hasi da. NAIZ Irratiak programazio berezia presta du astearte honetarako. 07.00etatik hasita, 10.00ak arte, galdera bati erantzuten saiatu dira: «Nola egiten da GARA egunkaria?».

Hau xehetasunez azaldu nahian mikrofonoetatik pasa dira aurreikuspen eta edizo arduradun Mikel Jauregi, infografiako arduradun Oiartso Los Arcos, hurrenez hurren zuzendari eta zuzendari ohi diren Iñaki Soto eta Mertxe Aizpurua, NAIZeko zuzendari Iñaki Altuna eta kirol erredakzioko arduradun Ane Urkiri, besteak beste.

Lehen GARA egunkariari ere atzera begirako bat egin zaio, albistegi berezi bat eskainiz orduko albisteekin. Inprentako lanak eta Zugazarten eta Tasioren tirek ere bere tokia izan dute, 25 urteko lana borobiltzeko.