Larunbatean alarma gorri guztiak piztu baziren ere, Jokin Altunak Bilbon ezker eskuan izandako lesioa ez da larria eta igandean Donostian jokatzeko moduan izan daiteke, garapena egokia bada. Aspek igorritako txosten medikuaren arabera, «egindako azterketa medikoan, larruazalpeko zelula-hematoma bat antzeman da, lesio baskular arin batekin bateragarria», hau da, zain bat lehertu zitzaiola pilota txar bat sartuta eta ubeldura irten zaio. Bere txarrean, ez da ohiko eskuko min bat eta posible da igandean Jaka-Mariezkurrenaren aurka Atano III.ean jokatzeko.
Dagoeneko fisioterapia-tratamendua hasi du eta hurrengo egunetako garapenaren baitan egongo da garrantzi handia hartu duen partida baterako bere partaidetza. Asteazkenean izango da partida honetarako material aukeraketa eta azken ordura arte itxoingo du erabakia hartu aurretik. Partida honetan ere ikuskizun dago Jon Mariezkurrenak jokatuko duen. Berez, ezer gutxi dute Baikokoek jokoan eta Berriozarkoak ez zuen azkeneko partida jokatu eskuin eskuko minez.
Zabaleta, itxaropentsu
Astebururako beste zalantza nagusia Jose Javier Zabaletarena da. Etxarrengoak gainkarga bat du eskuin hankan, larunbateko partida oso baldintzatuta jokatu zuen eta azken unera arte itxarongo du ostiralean Zornotzan Laso-Arangurenen aurka jokatzeko moduan den erabakitzeko. Arangurenek ere azken jardunaldian ez zuen jokatu eta ikusi beharko da, baita ere, astebeteko atsedena nahikoa izan zaion osatzeko. Hausturarik ez dagoela baieztatuta, eta partidak bikotearen interesentzat duen garrantzia ikusita, Aspen itxaropentsu dira.