NAIZ

Alemanian egindako hanka-sartzea etxean Portori irabazita zuzendu nahi du Bilbao Basketek

Joan zen astean Gottingenen aurka galdu arren, FIBA Eurocupeko final-laurdenetatik garaipen bakarrera jarraitzen dute bilbotarrek. Hori bai, portugaldarren aurka galduko balute, kasu horretan azken jardunaldian nahitaez irabazi beharko lukete eta, horrez gain, puntu aldeari adi egon ere bai.

Portoren aurkako joaneko partida oso estu joan zen.
Portoren aurkako joaneko partida oso estu joan zen. (@FIBABASKETBALL)

FIBA Eurocupeko final-laurdenetarako txartela garaipen bakarrera dauka oraindik ere Surne Bilbao Basketek. Pasa den astean lor zezakeen, baina Alemanian kale egin zuen Jaume Ponsarnauren taldeak, 82-80 galdu baitzuen Gottingen taldearen aurka. Nolanahi, berriz ere hanka ez sartzea beste erremediorik ez zaio geratzen talde bilbotarrari; hau da, Portori Miribillan irabazi eta akabo buruko minak. Are gehiago, garaipen hori lortuz gero, bere multzoko aurreneko postua ia ziurtaturik izango luke, inork gutxik espero baitu Bulgariako Balkan Botevgrad taldeak Bilbon irabazi dezakeenik.

Baina Porto beste kontu bat da. Aurreneko itzulian bizkaitarrek 72-75 irabazi zuten Portugalen, baina 15 puntuz atzetik joan eta gero, eta Jaume Ponsarnauk neurketa bezperan esandakoari jaramon eginez gero, Porto taldeko zenbait jokalarik «Euroligan aritzeko» maila omen dute.

«Portoren kasuan, ACB Ligako taldeekiko ezberdintasun handiena da buruz buruko jokaldietan oinarritzen direla beren erasoak hein handi batean. Nolanahi, baliabide gutxirekin asko egiteko gaitasuna duela erakutsi du, zenbait jokalarik Euroligan aritzeko maila ere badutela erakusten baitute», esan du. Zentzu horretan, Cleveland Melvin, Aaron Harrison, Anthony Barber eta Charlon Kloof azpimarratu ditu Tarregako entrenatzaileak.

Ondorioz, asteazken honetan Miribillan 20.00etan hasiko den neurketa hau ez da badaezpadakoa izango. Zentzu horretan, Jaume Ponsarnauk ez du deskuidurik nahi bere jokalarien artean. «Multzoko aurreneko postua bermatuko bagenu, hobe, baina aurrez sailkapena lotu behar dugu, eta hori da garrantzitsuena. ACB Ligako azken neurketa irabazi izanak lagundu digu, hala ere, astea partida hau dagokion mentalitatez prestatzen. Zaragozaren aurka, gainera, nik uste sendotasunean aurrerapauso bat eman dugula», gaineratu du Jaume Ponsarnauk.

Jokaldiz jokaldi

Izan ere Portok Alemanian 81-87 irabazi zuelarik, multzo honetan aurrera egiteko aukerak handitu ditu eta ez da Bilbora arratsalde pasa etorriko. Horren aurrean 40 minutuz sendo aritu beharra azpimarratu du entrenatzaile katalanak.

«Oraindik falta zaigu. Gure jokalariek badute talentua eta baita jarrera aproposa ere, baina oraindik jokaldiz jokaldi joatea falta zaigu. Partida guztietan daukagu tarteren bat non beherantz egiten dugun. Dela erasoan kale egiten dugulako eta ondorioz, hurrengo defentsan ere huts egiten dugu. Edo defentsan hanka sartuz gero, erasoa hanka-sartze horretan pentsatzen eman ohi dugu oraindik. Halako egoeretan hurrengo jokaldian zentratu behar dugu. Eta hurrengoan gero. Eta hurrengoan ostera...», azpimarratu du.

Zentzu horretan, azken partidetan azken minutuak hobeto ari direla kudeatzen iritzi dio. «Sarritan bi antolatzaileak batera erabili ditugu eta Adam Smithek Zaragozaren aurka azken minutuetan saskiratze garrantzitsuak lortu arren, ez gaude bere gaitasunera hain lotuta bizi. Zaragozaren kontra Pantzar eta Renfroe ondo aritu ziren: baloirik galdu gabe, jaurtiketa libreetan asmatuz, oro har taldeari sendotasun handiagoa emanez», azaldu du.

Izan ere, Portoren aurka irabaziz gero, final-laurdenetarako txartela eskuratuko luke Bilbao Basketek, baina porrotarekin berdinketa hirukoitz bat izateko arriskua dago Porto, Gottingen eta bilbotarren artean. Kasu horretan hiru taldeen arteko neurketetako puntu aldea hartuko litzateke aintzat. Hori gutxi ez eta, azkeneko jardunaldian Portok eta Gottingenek otsailaren 6an jokatzen dute eta Bilbao basketek, berriz, 24 ordu beranduago. «Lehiaketa honek oraindik badu zer hobetua. Halako kontuetan, adibidez», adierazi du Ponsarnauk azken jardunaldiko egutegiko gorabeheren inguruan.