NAIZ

600dik gora sinadura jaso dituzte Aramaion, Statkraften parke eolikoaren aurka

Aramaioko herria eta bertako Udala ez daude ados Statkraftek bultzatzen duen Itsaraz proiektu eolikoarekin. Honela frogatzen dute bertan jasotako 600dik gora sinadurek eta astearte honetan egindako agerraldiak. Bertan behar uzteko eskatu dute eta trantsizio energetikoaren alde direla berretsi dute.

Asier Agirre EH Bilduko alkatea eta Oihana Ameskua Aramaixo Bizirik herri plataformako kidea, agerraldian.
Asier Agirre EH Bilduko alkatea eta Oihana Ameskua Aramaixo Bizirik herri plataformako kidea, agerraldian. (NAIZ)

Aramaioko herrian 633 sinadura jaso dira Itsaraz parke eolikoaren egitasmoarekin desadostasuna agerraraziz. Astearte honetan eman dute honen berri, eta bertan Asier Agirre EH Bilduko alkatea eta Oihana Ameskua Aramaixo Bizirik herri plataformako kidea egon dira, besteak beste.

Gogora ekarri dutenez, «Aramaioko Udalak Aztikerren gidaritzapean 2023an martxan jarri zuen ikerketan Itsaraz proiektuaren aurrean herrian zegoen iritzia jaso zen. Emaitzek erakutsi zuten herritarren artean Statkraftek instalatu nahi duen parke eolikoaren aurrean kontrakotasun handia zegoela, eta haren ondorioz Udalak ‘Ez gaude ados’ izenpean aurkeztu zuen azaroan mozio testua».

Honen ostea, testu honekin bat egiteko «sinadura bilketa aktibo» garatu da abendua eta urtarrilan zehar eta aipaturiko 633 sinadurak bildu dira, betiere 16 urtetik gorakoenak. Positiboki baloratu dute emaitza agerraldian. Beren hitzetan, «Aramaioko herritarrek ez dutela makroproiektu hori nahi haien mendietan eta inondik inora ez daukala herritarren babesik» ondorioztatu da. Hau kontuan hartuta, Aramaiotik, proiektuaren sustatzaile
nagusi den Statkraft eta Kreani dagokion neurrian, «proiektuaren egikaritza bertan behera utz dezatela» eskatu diete.

Trantsizio ekologikoaz hausnarketa egin dute jarraian, agerraldi honetan. Etengabeko hazkundea, energia kontsumo eredua, elikadura burujabetza... hauek ere «eztabaidaren erdigunera ekarri beharko genituzke, biodibertsitatearen zaintzari behar duen garrantzia emanez», adierazi dute.

Konpromisoa

«Herriaren gainera erori den zentral eolikoaren auzia ez da kontu edo arazo lokal bat. Aitzitik, mendialdeko herri asko eta asko zeharkatzen dituen errealitatea da hau. Mendien zaintza eta babesa, jendarte guztiari dagokio. Ez da bidezkoa Aramaio moduko herri txiki bati EAEko industria poligono eoliko handiena inposatzea eta ingurumen sentsibilitate altuko eremu bat guztiz txikitzea jasangarritasunaren izenean», esan dute.

Asier Agirre alkateak erantsi duenez, «bestelako trantsizio energetiko baten aldeko apustua egiten dugu Aramaion», aipatutako erizpideak oinarri hartuta. Horretarako, herriak badituela nahikoa errekurtso eta aukera proiektu energetiko propioak garatzeko argudiatu du, nahiz eta oraindik «egiteko lan handia dagoen». Bide horretan, «energia murrizte eta energia autokontsumoari arduraz heltzeko konpromisoa» hartu du.