Nerea Lauzirika

‘Mendeku eskubidea’, nobela beltza bezain «koloretsua»

Liburu berria dakar Ernesto Prat Urzainki nafarrak: ‘Mendeku eskubidea’. Nobela beltza da, baina kolore gehiago ere badituena, aurkezpenean azaldu dutenez. Baztango udalaren enplegu babestuko brigadan dabiltzan hiru pertsonaia dira protagonistak.

Ernesto Prat Urzainki, nobela berria eskuetan duela.
Ernesto Prat Urzainki, nobela berria eskuetan duela. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Mendeku eskubidea’ liburua aurkeztu du Ernesto Prat Urzainki idazle nafarrak. Nobela beltza bada ere, Xabier Mendiguren editoreak ziurtatu du kolore gehiago ere badituela, besteak beste, umore kutsuak. Baztango udalaren enplegu babestuko brigadak elkartzen ditu hiru protagonistak. Haietako bat ‘Telleria eta gero, zer?’ nobelatik berreskuratu du, trama atzean utzita, baina pertsonaiaren izaera mantenduz.

‘Telleria eta gero, zer?’ nobelan Lurra zenak izanari bere horretan eutsi badio ere, bokalen ordena aldatuz izen berria dauka ‘Mendeku eskubidea’ liburuan: Larru. Neska punk toxikomano ohia da. Izan ere, Prat Urzainkik azaldu du kritikatu izan ziotela Lurraren drogazaletasuna nola edo hala zuritu izana, horrelakorik egiteko asmorik ez bazuen ere. Horrela, kritikei heldu eta bestelako egoera batean aurkeztu du pertsonaia oraingoan.

Larru Baztango udalaren enplegu babestuko brigadan dabil, zenbait ijito eta marokoarrekin batean, bide ertzeko sasiak garbitze, seinaleak pintatzen eta antzeko lanetan. Alde batera utzi ditu zituen ohiturak, eta bide horretan bere buruari bizitza soziala mugatu dionez, bakartiago dagoela azaldu du Mendigurenek.

Hala ere, pertsonaia bera da, funtsean, eta ikusten dituen injustizien aurrean nobelari izena ematen dion mendekurako gogoa sentitzen du barruan.

Lankide du Abdel. Marokoarra da eta 2008ko krisiaren ondorioz lanik gabe geratu zenetik saltzaile ibiltari dabil. «Gizarteko kate begi ahulenetako bat» ordezkatzen duela azaldu du Prat Urzainkik eta horregatik, kostatu egin zaiola bere azalean sartzea. Hari lotuta dago Muturmotz sarjentuaren pertsonaia. Egileak berak azaldu duenez, «nobela beltza da, ez poliziakoa, baina protagonista ez diren arren badaude poliziak», eta horietako bat da Muturmotz sarjentua. Xantaia egiten dio Abdeli, herri mugimenduan militatzen duen jendearen inguruko informazioa lortzeko.

Hirugarren protagonista, Prat Urzainkiren alter egoa da, Ernesto. Larru eta Abdel lanean ari diren taldeko monitorea da, eta idazlea. Pertsonaiak ezinbestean dakarren ironia azpimarratu du egileak, Ernestok gorroto baitu autofikzioa. Bere buruaren muturrera eramandako bertsioa dela azaldu du Prat Urzainkik eta, beraz, ez dela guztiz bera bezalakoa.

«Desestazionalizazioa»

‘(H)ilbeltza’ Euskal Nobela Beltzaren Astea egin dute Baztanen urtarrilaren 22tik 28ra eta ordurako liburu berria prest egon zedin nahi zuen Prat Urzainkik. Ez da ohikoa izaten urtarrilean liburuak aurkeztea, beste urte sasoi batzuekin alderatuta. Horrela, Mendigurenek azaldu du turismo ministroek egin ohi duten gisan, editoreek ere «desestazionalizazioa» bilatu ohi dutela, «sortzailea beti ari delako sortzen».

Prat Urzainkik azaldu du baliagarria izan zaiola liburu berriaren idazketa, generoarekin adiskidetzeko. Izan ere, ‘Telleria eta gero, zer?’ nobelaren trama ixtea «ia traumatikoa» egin zitzaiola ziurtatu du, prozesu korapilatsuagoa izan zelako.

Gainera, UPNren zentsura saiakera ekarri du gogora. Izan ere, liburuak Baztango Aroztegiaren aferari heltzen dio eta Lekarozeko institutuan derrigorrezko irakurketa izatea «justifikaziorik gabea» iruditu zitzaion alderdiari. Halaber, Nafarroako parlamentura eraman zuten gaia eta nobelak baztandarren arteko bizikidetza hondatu zezakeela salatu zuten.

Esperientzia gorabeheratsuaren ondoren, ‘Mendeku eskubidea’ nobela beltzarekin baketzeko erabili du Prat Urzainkik.