Ahots anitz baina ideia bera: Realak igandean Ipuruan jokatuko duen derbiak ez du zerikusirik izango lehen itzulian Eibarren kontra jokatu eta aise irabazi zuenarekin. Horrela onartu dute hainbat jokalariek klub txuri-urdinak Zubietan antolatutako Media Day-ean. Derbi polita eta lehiatua espero dute eta, noski, bolada onari jarraipena ematea da taldearen asmoa.
«Partida polita izango delakoan nago –esan du Sanni Franssik–. Eta oso lehiatua. Derbiak intentsoak izaten dira eta hau gainera beraien zelaian jokatzen denez, konplikatua izango da». Eibar, gainera, «defentsan oso ondo aritu da, oso ondo defendatzen du, bihotza jartzen du. Horrek lana konplikatuko digu aurrelarioi batez ere, baina badauzkagu gure gakoak eta gauzatxoak defentsa hori apurtzen saiatzeko». Mirari Uriak ildo beretik jo du, Eibar «defentsiboki egundoko lana egiten ari» dela azpimarratuz. «Baina guk aurrean oso jokalari azkarrak dauzkagu –gogoratu du azpeitiarrak–, eta hori aprobetxatu beharko dugu, gure abiadurarekin irabazi dezakegu». Argi dauka, edozein kasutan, «oso partida lehiatua izango» dela, talde biak «dinamika onean baikaude».
Polita, zaila... eta berezia. Ez da topiko bat, Andreiak azaldu duen bezala. «Benetan ikusten dut partida berezia dela, aldagelan neskek hortaz hitz egiten dute eta nabaritzen da. Ni ere, bigarren denboraldia betetzen ari naizela, derbien emozioekin “kutsatzen” hasi naizela uste dut eta oso gustokoa dut». Taldekideen moduan, portugaldarrak norgehiagoka «lehiatua» aurreikusten du, nahiz eta sekulako ustekaberik ez badago, aurkariek jokatzeko era guztiz kontrajarria eduki arren. «Baloi gehiago izango dugula uste dut eta jokoaren kontrola, baina baloiarekin zer egin jakin behar dugu eta oso adi egon trantsizioetan, Eibarrek arrisku asko sortu dezakeelako».
Andreiak azken bi partidetan zelai-erdian laguna izan duen Nerea Eizagirreren ustetan ere, etxekoen kontraeraroak sahiesten saiatu beharko da Reala, konzentrazioa mantenduz. «Baloia izaten saiatu behar gara eta lasaitasunez jokatu, baina badakigu beraiek, baloia lapurtuz gero, kontraerasora azkar aterako direla. Kontrak mozteko ahalegina egin behar dugu edo, hobe, aukera hori ez emateko, baloia ez galduz. Eta dauzkagun aukerak aprobetxatu». Horrek ez dio kezka handirik sortzen, «konfiantza» baitauka «gure aurrelariak dauzkaten aukeran sartuko dituztela, azken aldi hobetan ondo dabiltzatelako. Eta besteoi egokituko zaigu jokoari ahalik eta sakontasun handiena ematea eta ahalik eta hoberen jokatzea».
Aurrelari txuri-urdinen bolada ona da eta taldearena, orokorrean, ere, gutxienez emaitzei dagokienez. Izarne Sarasolak azaldu duenez, «entrenatzen ere» nabaritzen da, Realak eskaintzen dituen sentsazioak eta lortzen dituen emaitzek beti bat egiten ez badute ere. «Madrilen kontrakoa ez zen gure partida onena izan –onartu du–. Baina bukaeraraino borrokatu genuen eta azken minutua berdinketa lortu izana garrantzitsua da, pozik gaude alde horretatik».
Berdinketa horrekin, badira sei Realak jarraian galdu gabe kateatu dituen jardunaldiak eta Mirariren ustetan, horrek konfiantza ematen die futbolariei, bai bigarren itzuliari ekiteko baita igandean bigarren itzuliari hasiera emango dion derbiari ekiteko ere. Baina azpeitiarrak gogorarazi duenez, Eibar ere «lan ona egiten ari da eta dinamika onean dator, batez ere Ipuruan, non azken hiru partidak irabazi dituen».
Hasierako minutuen garrantzia
Horregatik, donostiarrek ez dute espero partidak lehen itzulikoarekin antzekotasunik izango duenik. «Hemen oso partida ona egin genuen eta saiatuko gara han ere horrela gertatzea, baina desberdina izango dela uste dut», adierazi du Izarnek. «Ez du izango antzekotasunik –gaineratu du Cecilia Marcosek–. Beraiek dagoeneko hobeto ezagutzen dute txapelketa, egokitu dira, indartsuago daude... Gainera Ipuruan jokatzen denez, gogo eta indar gehiago izango dutela uste dut. Ez, ez da berdina izango».
Gakoa, hala ere, partida haren hasiera errepikatzen egon daiteke. Realak oso indartsu ekin zion derbiari, seguruenik denboraldiko lehen zati konpletoena jokatu zuen eta 19. minuturako bazeukan hiru goletako abantaila, Eizagirrek, Jensenek eta Mirarik sartutakoei esker. «Partidan oso ondo sartu behar gara –azpimarratu du Andreiak–. Eta oso jarrera ona izan partida osoan zehar eta ondo egin ondo egiten dakizkigun gauzak baina batez ere garrantzitsua izango da lehen itzuliko derbiari ekin genion bezela ekitea oraingoan ere, oso indartsu eta konzentratuta hasiz». «Zubietako derbian zelairatu ginen bezala zelairatzen bagara Ipuruan ere, askoz errezagoa izango da etxera emaitza on batekin bueltatzea», gaineratu du Izarnek.