Emakumeen Endesa Ligak datorren astean atseden hartuko du dsatorren astean, izan ere Parisko Olinpiar Jokoetarako sailkatze faseak jokatuko baitira. Hargatik, ostiral honetan jokatuko dira etenaren aurreko azken norgehiagokak, hilaren 17an lehiaketari berrekin aurretik.
Euskal talde guztiek ostiralean 20.00etan jokatuko dute: Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek etxean eta Kutxabank Araskik, berriz, Madrilen. Baxi Ferrol eta Celta izango dira, gurrenez hurren, Maloste eta Gasca pabiloiak bisitatuko dituzten aurkariak; araskizaleek, bestalde, Estudiantesi egin beharko diote aurre.
Bizkaitarrak eta donostiarrak sailkapen nagusiko zortzi onenen artean daude uneotan, biak ala biak 11-8 balantzearekin berdinduta –Estudiantesek ere 11-8 balantzea dauka–. Aurkari xamurrak ez dira parean egokitu zaizkienak, baina bai irabazteko modukoak. Esaterako, Baxi Ferrolek azken orduan, Donostian irabazi eta gero, lortu zuen aurreneko itzulian zortzi onenetan amaitu eta Koparako sailkatzea. Nolanahi, uneotan bederatzigarren postura erori da, 9-10 balantzearekin, zortzigarren doan Ensino Lugokoak baino garaipen bat gutxiagorekin.
Celtari dagokionez, berriz, igo berria izanda eta 1,90 metroko jokalari bakar bat ere ez duela jakinda, kosta egin zitzaion maila berriari neurria hartzea, baina jaitsierako postuak aspaldi utzi ditu atzean. Uneotan 6-13ko balantzeaz, hamahirugarrenak dira Vigokoak, azken-aurreko postuan dagoen kanaria Handiak baino bi garaipen gehiagorekin. Garaipen horietatik azpimarratzekoa da Perfumerias Avenidaren aurka etxean lortu zutena.
Pasa den asteburuan porrot mingarriak jaso zituzten bai Lointek Gernika Bizkaiak eta baita IDK Euskotrenek ere. Bizkaitarrek 50-62 aldeko emaitza pasatzen utzi zuten eta Kutxabank Araskiren aurka galtzaile amaitu zuen, Marta Hermida inola ere ezin geldituz. Donostiarrek, beren aldetik, Jairis Murtziako taldearen etxean 67-61 galdu zuten. Jewel Tunstull min hartuta izatea asko igarri zuten Azu Muguruzarenek, eta ikusi egin behar ostiralean jokatzeko moduan egongo ote den, azken ordura arte zalantza izango baita.
Araski, gorantz begiratu nahian
Kutxabank Araskik, esan bezala Movistar Estudiantesen kantxan jokatuko du etenaldiaren aurreko azken partida. Maila mantentzeko bidean sekulako urratsa eman zuen azken euskal derbian, gauzak oso gaizki egonagatik azken ordura arte etsi gabe jarraitu zutelako merezitako emaitza jasoaz.
Estudiantes ez da aurkari makala, sailkapen nagusiko bosgarrena baita 11-8 balantzearekin. Madrildarrak merkatuan bikain mugitu dira eta berehala bete dute Maria Eraunzetamurgilek lagatako hutsunea donostiarra Valentziara joan eta gero.
Aurreneko itzulian 58-64 galdu zuten etxean Made Urietarenek. Aurreneko erdian Estudiantes jaun eta jabe izan zen eta 16 puntuko aldea ere ireki zuen. Baina Marta Hermidaren 24 puntuek partida azken unera arte bizirik mantendu zuten. Madrildarrek 10 jaurtiketa libre huts egin zituzten, baina errebotean erabat nagusi izan ziren eta etekina atera zioten nagusitasun horri.
Nerea Hermosa, Euroligako jardunaldiko onenen artean
Bestalde, Emakumeen Euroligak asteon izan du aurreneko faseko ligaxkako azken jardunaldia. Azken jardunaldi honen ostean sorpresatzat har litezkeen bi kanporatze hartu behar dira aintzat: Valentzia Basket eta Asvel Lyon. Biek ala biek azken jardunaldian irabazi arren, aurrez egindako akatsak larrutik ordaindu dituzte.
Basket Zaragozak, ordea, inork uste baino maila hobea eman duelako, final-laurdenetan sartu du muturra eta Mersin Çukurova talde turkiar ezaguna izango du arerio. Zaragozan jokatzen du Nerea Hermosa jokalari gasteiztarrak eta arabar gaztea asko nabarmendu da azken jardunaldi honetan.
Apirilean 23 urte beteko ditu 1,96 metroko pibotak. Zaragozak nahitaez AZS Lublin talde poloniarrari irabazi behar zion eta 96-49, sekulako jipoia eman zion. Hermosak 15 minutu eta erdi bakarrik jokatu bazituen ere, sekulako partida egin zuen: 16 puntu, jaurtitako zortzi ahaleginetan asmatuta, 6 errebote, asistentzia bat eta txapel bat, orotara 24ko balorazioa lortzeko. Mariona Ortiz antolatzailearen asistentziak bikain baliatu zituen gasteiztarrak orain arte egin duen neurketa biribilena sinatzeko.
«Blokeo eta jarraipenari esker, Nerea aurkitu ahal izan dugu eta berak beste behin erakutsi digu zenbat ari den hazten denboraldi honetan. Georgia Tech unibertsitatean lan tekniko aparta egin zuten Nerearekin, baina hauxe de jokalariaren aurreneko esperientzia profesionala eta pixkanaka joan behar da. Lan handia egiten ari da, baina gaztea dela aintzat hartuta, oraindik bidea egiten ari da eta falta zaio. Nolanahi, erasoan bezala defentsan ere gustua ematen du astez aste nola ari den hazten ikustea», onartu zuen Carlos Cantero entrenatzaileak.
Batez beste 4,5 puntu eta 2,4 errebote pilatzen ditu Nerea Hermosak Euroligan, baina bistakoa da Zaragozako errotazioan lekua irabazi duela eta taldekideek ere geroz eta gehiago bilatzen dutela. Horri esker, Emakumeen Euroligako jardunaldiko MVP izateko jokalarien zerrendan sartu dute, Mariona Ortiz taldekidea, Gabby Williams edo Emma Meeseman lako izarrekin batera.