Leku xelebrea da Donostiako Kaputxinoen eraikina liburu baten aurkezpena egiteko, are gehiago harreran dagoenak eskailerak jaitsi eta argia ere kasik sartzen ez den gelaxka baterako atea zabaltzen duenean, baina zentzua hartzen du ‘Profesionalak izan ginen urtea’ liburuaren aurkezpenean, ‘Zeruko Argia’ astekariaren garaiko erredakzioa izan zelako.
Bertan elkartu dira Koldo Izagirre, Elixabete Garmendia, Antton Olariaga eta Garbine Ubeda ostegun goiz honetan liburuaren nondik norakoak azaltzeko.
Lanarteak argitaratu du ‘Profesionalak izan ginen urtea’, Euskararen langile profesionalen elkartearen bigarren liburua da, eta lehenengoaren estiloari jarraiki fanzine forma eman diote liburu honi ere. «Mila pieza dituen puzzle bat da, nigatik balitz Entziklopedia bat egingo nukeen», esan du Garmendiak; izan ere ‘Zeruko Argia’ aldizkariko txatalez osatutakoa da liburua.
Zati guztiak 1976an argitaratutako testu eta irudiak dira, eta orden kronologikoan daude ordenatuta. Euskaraz egindako kazetaritza profesionalizatu zen garaia gogoratu nahi zuten, eta 1976an gertatu zen hori ‘Zeruko argia’ eta ‘Anaitasuna’ astekarien bidez Izagirrek kontatu duenez.
Testuingurua azaldu du lehendabizi idazleak: «60. hamarraldia kulturaren hamarraldia izan zen, euskara batua aurrera eramateko erabakiak hartu ziren garaia, kantagintza modernoa garatu zena Ez Dok Amairurekin... uste genuen kulturak ekarriko zigula autonomia kultural bat». Usteak ordea, aldatu egin omen ziren Francoren heriotzaren ostean: «Politika nagusitu zen», Izagirreren hitzetan, «eta oso baztertuta geratu ziren kultura eta hizkuntza».
Garmendiaren iritziz, garai horretan «gizartean espektatiba dexente» zeuden hala ere, eta gogoratu du nola indarra hartzen hasi ziren laikotasuna, feminismoa, langile mugimendua edota talde politiko aurrerakoiak. Garai horretan gertatu zen Izagirrek euskarazko kazetaritzaren profesionalizazioa deitzen diona: «Ez zuten hori uste, baina profesionalizazioa garatzen ari ziren bai alderdi ekonomikoan eta baita alderdi etikoan ere».
Euskara eta modernizazioa
Hori islatzeko, bi ildo landu dituzte batez ere liburuan. Batetik kazetaritza etikoa eta euskarazkoa; eta bestetik, emakumeen presentzia. Ubedak irudiaren garrantzia eta presentzia gehitu dizkio ildo horiei, argitaratu berri duten liburuan ere oso presente baitaude irudiak: «Garai horretan irudiaren indarra erantsi zitzaion prentsari, zuri beltzekoak ziren eta inpaktua sortzen zuten».
Irudi bakoitzak «sekulako aldarrikapena eta indarra» du Ubedaren ustez, eta irudigileak beste izen batekin bataiatu ditu elizako azpiko gela horretan: «Ez ziren irudigileak, ideologoak ziren».
Garmendia aldizkariaren erredaktorea izan zen 1976an, eta pozik jaso du liburua: «Aldiro zerbait itzultzen dizun liburu bat da». Mugarri gisa 76a markatu arren, ‘Zeruko Argiaren’ modernizazioa lehenagotik hasi zela kontatu du. Adibidetzat jarri ditu ‘Gaztea naiz’ atala edota emakumeen presentzia bera.
Miren Jone Azurza ekarri du gogora, eta azaldu kazetaritza ikasketak bukatu eta titulua eskuratu zuen lehen euskalduna izan zela. Eta euskal kazetaritzaren profesionalizazioa garai batekin lotzen den arren, esan du oraindik asko dagoela egiteke, nahiz eta jada asko aurreratu den.
Irudien presentzia eta garrantzia
Olariaga izan zen irudigile edota ‘ideologo’ horietako bat, kontatu du aurkezpenean «askatasuna» hitza aipatu den arren, bere ustez sormen lanak «zerbaiti lotuta» egon behar duela. Bere sorkuntza lana «tripode» bat bezala azaltzen du: «Batetik irudia, bestetik euskaraz sortzea, eta hirugarrenik umorea erabiltzea. Baina tripode horren gainean mahai bat jarri behar da, eta nik gorroto dudan mundu batean nuen mahaia: kazetaritzan».
«Inkontzienteak egiten du lan sorkuntzan», baieztatu du, eta azaldu du sortzaileak beti zalantzan egon ohi direla ea hortaz bizi daitezkeen, «estututa» bizi ohi direla. Eta horretan, kazetaritza profesionalizatzearekin batera beraien lana ere duindu zela mahaigaineratu du. Hala ere, oraindik alde ekonomikoak huts egiten duela azpimarratu du.
Valentzian ibili zen lehendabizi irudigile, eta ondoren, ‘Zeruko Argia’ eta ‘Anaitasuna’ astekarietan. Gogoratzen du berak euskaraz oso ongi ez zekielako tratu bat proposatu ziela erredakziokoei eta bere ustekaberako, onartu egin zutela: esaldiak arkatzez idatziko zituen berak, eta zuzendu ondoren makinaz pasatuko zituzten erredakzioan bertan; bere euskara ez baitzen behar bezain zuzena bere ustez.
Egindako lanaz gain, batez ere, Legardako pintxoekin lotzen du garai hura. Izan ere, larunbat goizetan joaten zen Kaputxinoetako erredakziora Garmendiarekin zer marraztu adostera, eta ondoren, bertako patata tortilla jatera joaten omen ziren astero.