NAIZ

Bagira prozesuaren berri emateko aurkezpen ekitaldiak antolatu dituzte Hego Euskal Herrian

Mugimendu abertzalearen birfundazioari begira Ipar Euskal Herrian abian den Bagira prozesua aipagai izanen dute ondoko asteotan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolaturiko aurkezpen ekitaldietan.

Joan zen urtarrilaren 27an Kanbon lan jardunaldia antolatu zuen Bagira dinamikak.
Joan zen urtarrilaren 27an Kanbon lan jardunaldia antolatu zuen Bagira dinamikak. (@bagira_eus)

Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen bilakaera aipagai izanen dute ondoko asteotan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolaturiko hitzaldietan.

Aztiker Kooperatibak, Ipar Hegoa, Iratzar eta Manu Robles-Arangiz fundazioek, Parte Hartuz Ikerketa taldeak eta EHUko Subiranotasunak masterrak bultzaturiko ekimen horretan parte hartuko dute Bagira prozesuaren sustatzaileek.

Aipaturiko aurkezpen ekitaldiak honako leku eta egunetan iraganen dira: otsailaren 8an, Gasteizen (Aldabe Aretoan, 18.00tan); otsailaren 15ean, Donostian (Ernest Lluch kultur aretoan, 18.00tan); otsailaren 21ean, Bilbon (Boltsan, 18.00tan) eta martxoaren 7an, Iruñean (Txalaparta liburu-dendan, 19.00tan).

Bagira dinamikak ohar baten bidez jakitera eman duenez, «1.500 pertsona baino gehiagok betetako inkestan oinarriturik, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen egoera eta gerorako aukerak izanen dira aipagai hitzordu horietan».

Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen baitan inoiz egin den inkestarik handiena joan zen urtean Itsasun eginiko Aberri Eguna eta uda artean aurrera eraman zuen Bagirak.

Udazkenean aukeztu zuen, berriz,  galdeketa zabal horren emaitza.

Hala, mugimendu abertzaleak ondoko urteotan garatu beharreko lehentasunen gainean «adostasun maila handia dagoela» nabarmendu zuten ekimenaren sustatzaileek azaroaren 3an Atalante zineman eginiko agerraldian.

Handik aurrera hainbat aurkezpen ekitaldi aitzineratu zituen Bagirak, herriz herri iritzi-trukaketarekin jarraitzeko.

Galdeketaren emaitzak eskutan, talde sustatzaileak prestaturiko lehenengo zirriborroa izan zuten aztergai joan zen urtarrilaren 27an Kanbon antolaturiko lan jardunaldian.

Hitzordu horren ostean, «mugimendu abertzalearen birfundazioari buruzko klabeak eta heldu den hamarkadako lehentasun politikoak» zehaztuko dituen bide-orria prestatuko dute Bagirako sustatzaileek.

Heldu den martxoaren 31ean Uztaritzen antolaturiko Aberri Egunean emango dute jakitera mugimendu abertzalearen eguneratzeko balio behar duen proposamena.