NAIZ

EHNEk eta ENBAk prezio justuen aldeko «traktorada» deitu dute otsailaren 9rako Bilbon

EHNE-Bizkaia eta ENBA-Bizkaia nekazaritza sindikatuek «traktorada» deitu dute otsailaren 9rako Bilbon. Merkataritza libreko itunei amaiera ematea eta baserritarrentzako bidezko prezioak bermatzea aldarrikatuko dute.

Aurretik egindako «traktorada» baten artxiboko irudia.
Aurretik egindako «traktorada» baten artxiboko irudia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

EHNE-Bizkaia eta ENBA-Bizkaia nekazaritza sindikatuek mobilizazioa deitu dute otsailaren 9rako Bilbon. Merkataritza libreko itunei amaiera ematea eta baserritarrentzako bidezko prezioak bermatzea eskatuko dute. Bilboko Areatzan traktoreak biltzeko deia egin dute, Bizkaiko hainbat eskualdetatik abiatuta. Bertan, azoka gardena egingo dute, bertoko bildots laurdenak prezio justu batean saltzeko.

Azken asteetan, nekazaritzako protestak ugaritu egin dira Europar Batasuneko hainbat herrialdetan. Ipar Euskal Herrian, astelehenean altxatu zuten blokeoa, astebete eta gero. Mobilizazioa deitu duten sindikatuek azaldu dutenez, ezinegon horren oinarria da baserri gehienetan ez dutela diru sarrera duinik eta etorkizunerako aurreikuspen baikorrik, «neurri handi batean EBk hamarkadetan zehar aplikatutako politika neoliberalen ondorioz».

EHNE Bizkaiaren eta ENBA Bizkaiaren iritziz, nekazaritza sektoreak erantzun «zehatzak eta errealak» behar ditu azaleratzen ari diren arazoei aurre egiteko. Horrela, hiru ardatzen bueltan zehaztu dituzte haien ezinegonak.

Merkataritza askeko akordioen negoziazioak berehala etetea da lehena. «Mercosur bezalako akordioen negoziazioak geldiaraztea eta Zeelanda Berriarekin akordioa ez berrestea» eskatzen dute, ardi okela eta esnea Europako merkatuetan sartzea mehatxua dela iritzita. Halaber, merkataritza askeko negoziazio prozesu guztiak geldiarazi behar direla uste dute, eta, horretarako, beharrezkotzat jo dute «etetze luzamendu bat ezartzea».

Bigarrenak zuzenean egiten die erreferentzia prezioei, baserritarrentzako prezioek ekoizpen kostuak bermatu behar dituztela aldarrikatu baitute. «Merkatuaren erregulazioan oinarritutako elikadura politika» eskatu dute, prezio duinak bermatzeko mekanismo gisa. Era berean, merkataritza jardunbide desleialei buruzko zuzentaraua «modu eraginkorrean» inplementatzea exijitu dute, ekoizpen kostuen azpitik saltzeko debekuarekin batera.

Hirugarren ardatzean Europar Batasuna interpelatu dute; izan ere, Europako Nekazaritza Politika sinplifikatzearen beharra azpimarratu dute. «Gehiegizko» burokraziak baserritarrei kostu «onartezinak» eragiten dizkiela eta, azaldu dute ezinezkoa zaiela haien helburuak betetzea.

Otsailaren 9an egingo duten mobilizazioa traktoreen elkarretaratzearen bidez egingo dute. Bizkaiko eskualdeetatik etorritako traktoreek topaleku izango duten Bilboko Areatzan bertan egingo dute azoka gardena ere. Bertan, hutsean ontziratutako bildots laurdenak salduko dituzte, bidezko prezioan.