NAIZ

Mariasun Landa, Emakunde Saria: «Haurren espiritu kritikoa sustatzea proposatzen dut»

Mariasun Landa idazleari Berdintasunaren aldeko 2023ko Emakunde Saria eman diote. Idazle gisa egindako lanagatik hainbat aitortza egin dizkiote bere ibilbidean zehar eta azken hau jaso berritan, elkarrizketa egin diote Emakunde aldizkarirako.

Mariasun Landa.
Mariasun Landa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Mariasun Landak Berdintasunaren aldeko 2023ko Emakunde Saria jaso du. Filosofiako lizentzia lortu zuen Parisen, 1973an, eta geroago Filosofia eta Letretakoa Valentziako Unibertsitatean. Literaturaren Didaktikako irakasle titular gisa jardun du EHUn, eta horrekin batera literatura-sorkuntzan aritu da, euskarazko haur eta gazte literaturan batez ere, ibilbide oparoa izan duelarik.

Pentsaera eta irizpide feministak izan ditu ardatz bai irakasle lanean zein idazle gisa. Eginiko lanagatik hainbat aintzatespen jaso izan ditu, hala nola, Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria (1991n), edo Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Saria (2003an). Halaber, 2014an, Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria lortu zuen, eta 2016an, Rosalía de Castro Saria. Emakunde aldizkarirako elkarrizketa egin diote Landari.

«Neurri-neurriko eskularru bat jantziko banu bezala», horrela sentitzen da Landa Emakunde Saria jaso duen honetan. Azaldu duenez, beste sari batzuk ere jaso izanak sentimendu anbiguoak pizten dizkiola aitortza berriarekiko. Batetik, duda dauka ea merezi ote duen; bestetik, «itzelezko atsegina» sentitzen du.

Bakea ematen dion aitorpen gisa hartu du saria. Gazte-gaztetatik emakumeekiko bidegabekeriaren kontzientzia izan duenez eta feminismoaren militantea izaki, irizpide feministak bere jardunean txertatu izan ditu, bai irakasle gisa zein idazle moduan.

Hausnarketa egin du bera gazte zeneko eta gaur eguneko egoerak alderatuz. Uste du desberdintasunak badaude ere, bera gazte zeneko neskak eta oraingoak ez daudela bata bestearengandik hain urruti, «estereotipo sexistak ez baitziren duela 100 urte sortu, ez eta datozen 50 urteetan desagertuko ere». Landak argi dauka patriarkatuak «bizialdi osoan etengabe borrokatzea» eskatzen duela.

Uste du badagoela egungo egoera naturaltzat hartzen duenik, lortutako garaipenak eta galdu daitezkeenak direla ohartu gabe. Ez du hain zaila ikusten atzera egitea, «gizartean badirelako joera orokor batzuk errealitatea oso modu etsigarrian ikusarazten digutenak».

Landaren arabera, artea eta, bereziki, literatura, lagungarri izan dakizkioke gizarteari, «justiziaren eta giza eskubideen aldeko bilakaeran». Ordea, ez du uste mundua konpon dezaten eskatu dakiekeenik.

Gaztetxoentzako literatura idatzi izan du Landak bere ibilbidean zehar, hots, nortasuna eraikitzeko unean dauden nerabeei. Baina, azaldu du ez duela idatzi era kontziente batean gazteei feminismoaren berri emateko, baizik eta, bera feminista denez, nahi gabe txertatu duela: «Feminista zarenez gero, egiten duzuna eta zure mundu-ikuskera halaxe hedatzen duzu».

Liburuak Irakurtzeko eta Erosteko Ohiturei buruzko azken barometroaren arabera, gazteen ehuneko polit batek irakurtzen du. Landaren aburuz, heldu batzuek irakurtzeko gaitasunak eskatzen dizkiete gazteenei, «eurek ez dauzkatelarik». Ikerlanik egin ez badu ere, argi dauka esaten dena baino gehiago irakurtzen dutela eskolako haurrek.

Berridazketaren ordez, espiritu kritikoa

Mezu klasistak edo berdinzaleak izatetik urruti daudenak zabaltzen dituzte haur eta gazte literaturako klasiko askok eta horiek egokitu eta berridaztearen alde egiten ari dira hainbat sektore. Landa, ordea, joera horren aurkakoa da: «Testua ez da ez aldatu, ez egokitu behar». Adierazpen askatasunaren urraketa deritzo eta bestelakoa da bere ikuspuntua: «Hori egin beharrean, haurren espiritu kritikoa sustatzea proposatzen dut».

Idazten ez ezik, irakaskuntzan, artikuluetan iritzia ematen edota hitzaldiak eskaintzen ere badabil Landa. Azaldu du «primeran» pasatu izan duela ideiak ahoz azaltzen, irakaskuntzan, eta azkenaldian hitzaldi eta ikastaro gehiago ematen dituela. Idaztearekin alderatuta, oso bestelako plazerra dela uste du, «batak denbora luzeagoa inbertitzea eskatzen du, eta bestea, berriz, berehalakoagoa da».

Sari bat jaso berri du, baina, aldi berean, Errenteria jaioterriko sari batzuek bere izena daramate. «Poza» ematen dio horrek idazleari, emakume-esperientzia bat eta emakumeei buruzko esperientzia bat biltzen dituzten idazkiak saritzen baitira, eta esker hona agertu du.

Eragin asko izan duen emakumea da aurreko belaunaldietako pertsona askorengan eta gaur egun asko aldatzen zaizkio sentipenak, «baita egun berean ere». Poza sortzen dio ikusteak unibertsitateetako ikasgelak nola bete diren, emakumeak kirolean duen presentzia eta emakumeen literaturan bizitzen ari den urrezko aroa. Ordea, emakume bat hil dutela jakiten duen bakoitzean, lur jota geratzen da. Hala ere, pozgarri zaio aurrerapausoak hautematea bere bizitzan zehar defenditu izan dituen alorretan.