Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

EAJ eta EH Bilduren arteko akordioa da gogokoena Lakuarako, EITB Focus inkestaren arabera

Lakuako Gobernua osatzeko EAJren eta EH Bilduren arteko akordioa lortzea da formularik sostengatuena, EITB Focus inkestaren arabera. EH Bildu bozkatzen dutenen artean aukera hau da aldekoen gehien dituena. EAJren zaleen artean, PSErekin egungo hitzarmena berrestea da sostengu gehien lortzen duena.

Pello Otxandiano EH Bilduren hautagaia Bilbon.
Pello Otxandiano EH Bilduren hautagaia Bilbon. (Jon URBE | FOKU)

Espero den bezala, Gasteizko Parlamentuan gehiengo osorik duen alderdirik ez bada, EAJren eta EH Bilduren arteko akordio batez osaturiko gobernua osatzea da herritarren artean sostengu gehien duen aukera, EITB Focus inkestaren bigarren kapituluak adierazten duenez.

EITB taldeko medioek zabaldu dutenaren arabera, inkesta honetan EAJ eta EH Bilduren arteko akordioak galdetuak izan direnen artean %18,7ko sostengua jaso du. Dena den, egungo formula berritzea eta EAJ eta PSEren arteko akordioa berresteak %17,2ko sostengua da. Puntu erdiko aldea baino ez da. Atzetik, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen arteko aliantza dator %5,4ko sostenguarekin eta EH Bildu eta PSEren artekoa %3,5arekin.

EITB Focus inkesta berak ostiralean eman zituen eserlekuen aurreikuspena kontuan hartzen bada, EAJ eta EH Bilduren arteko akordioak Gasteizko Legebiltzarrean 53 parlamentariren babesa izango luke. Orotara, 75 dira. Egungo EAJ eta PSEren artekoak, berriz, 38. Hau da, EITB taldearen inkestaren arabera egungo formulak juxtu juxtu izango luke gobernatzeko beharrezkotzat jotzen den gehiengoa osoa. Inkestak inkestak direla gogoratzea komeni da.

EAJ eta EH Bilduren arteko hitzarmena bat etorriko litzateken Pello Otxandianok Nafarroan eta Madrilen bezala eskubia alboratuta bozka gehien lortu duen zerrendaren inguruan akordio aurrerakoiak osatzeko egin zuen proposamenarekin.

EH Bildukoen aldekoen oniritzia, EAJn ez

Alderdien bozkatzaileen artean ere galdetu du inkestak. Horrela, EH Bilduren aldekoen artean EAJrekin akordioa da sostengu gehien lortzen duen aukera, %32,5arekin. Egungo formula (EAJ-PSE) berresteak, berriz, soilik %0,2ko sostengua du EH Bildu bozkatuko luketen hautesleen artean. EH Bildu-Elkarrekin Podemos akordioak %16,8ko sostengua du eta EH Bildu-PSE hitzarmenak %9,1.

EAJren aldekoen artean, berriz, egungo formula berrestea da aukerarik sostengatuena, %42,7arekin. EAJ-EH Bildu akordioak soilik %23,2ko babesa lortzen du EAJren aldekoen artean. EAJ kanpo utziko luketen EH Bildu-Elkarrekin Podemos edo EH Bildu-PSE formulek %0ko sostengua lortzen dute jeltzaleen aldekoen artean. Desadostasun borobila.

PSEren aldekoen artean ere egungo formula da sostengu gehien lortzen duena %50,5arekin. Bigarren postuan EH Bildu-PSE formula dator, %6,5arekin. PSE gobernutik kanpo utziko luketen formulek, noski, ez dute alderdi honen aldekoen artean babes handirik lortzen. EAJ-EH Bildu formulak %1,1eko sostengua du eta EH Bildu-Elkarrekin Podemos akordioal %0koa.

Fitxa teknikoa

Bizitokia EAEn duten 1.800 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (600 Lurralde Historiko bakoitzeko). Galdeketak urtarrilaren 24tik 29ra egin zituzten, telefonoz.