NAIZ

Haurrak hezkuntza publikoan matrikulatzeko deia zabaldu du Euskal Eskola Publikoaz Harrok

«Gizarte osoari», baina batez ere beren umeak lehenengo aldiz hezkuntza sisteman matrikulatu behar dituzten pertsonei, Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunetik galdegin diete egin dezatela apustu eskola publikoaren alde, eta matrikulatu ditzatela haurrak hezkuntza publikoan.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak egin duen agerraldiko irudia.
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak egin duen agerraldiko irudia. (Endika PORTILLO | FOKU)

‘Zaindu maite duzun hori’ lelopean, hezkuntza publikoa defendatzeko ekitaldia egin du Bilbon Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak. Bertatik, hezkuntza publikoa modurik zuzenenean babesteko deia zabaldu diete lehenengo eskola-urtea egingo duten haurren gurasoei: matrikulatu ditzatela umeak eskola publikoan.

Arriaga plazan egindako ekitaldi jendetsuaren ostean, herri plataformak, hezkuntza komunitateak eta sindikatuak batzen dituen topagune honek ziurtatu du arrazoi ugari daudela haurrak hezkuntza publikoan matrikulatzeko. «Eskola Publikoa aukerarik onena da euskara eta euskal kultura sustatzeko, euskalduna delako; berdintasunean ikasteko, unibertsala delako; gizarte kohesionatua lortzeko, inlusiboa delako. Kalitatezko hezkuntza eskaintzen die ikasle guztiei, jasangarria da, auzo eta herri guztietan dagoelako, eta sinesmen guztiak errespetatzen ditu», agertu du.

Hori dela eta, «gizarte osoari», baina batez ere beren umeak lehenengo aldiz hezkuntza sisteman matrikulatu behar dituzten pertsonei, galdegin dietela egin dezatela apustu eskola publikoaren alde, eta otsailaren 7tik 23ra irekita egongo den matrikulazio epean jo dezatela zentro publikoetara. «Sistemaren lehentasuna izan dadin, merezi dugulako, indartu dezagun Euskal Eskola Publikoa», aldarrikatu dute.

«EAEko ikastetxeetan, umeen matrikula egiteko garaia datorren honetan, gogorarazi nahi dugu zerbitzu publikoak herritarron lorpena direla, guztion eskubideak babesteko jaio zirela, eta asmo pribatizatzaileetatik aldendu behar ditugula», adierazi du plataformak.