Jokin Altunak ez du, momentuz, asteburuan jokatuko duen, edo ez, erabaki, nahiago izan du bere ezker eskuari denbora gehiago eman eta asteak aurrera egin ahala adieraziko du Iruñean Artola-Imazen aurka jokatzeko moduan den. Aurreko larunbatean zain bat lehertu eta gero, amezketarrak uko egin zion atzo Atano III.ean jokatzeari eta ikuskizun dago noiz itzuliko den. Gaur arratsaldean amezketarrak proba txiki bat egin du herriko pilotalekuan, eskuak berotu eta ezer gutxi gehiago eta ez du behin betiko erabakirik hartu nahi izan. Hori bai, asteartean Beotibarren izango da 13.30ean iragarria dagoen material aukeraketan eta asteazkenean ere Iruñean izango da.
Kontua da, Tolosako inauteriak direla eta, hamalaugarren jardunaldiko lehen partida jokatu beharko dutela 2022ko txapeldunek asteartean Peña-Albisuren aurka, larunbatean Artola-Imazen aurka hamahirugarrenekoa jokatu eta 72 ordura eta horrek ere pisua izango du erabakian. Berez, oraintxe bertan, etsai zuzenagoak dira tolosarra eta ataundarra laugarren izateko lehia horretan eta Altuna III.ak partida hori lehenetsi lezake errekuperatzeko horren denbora gutxi izanda eta gainera, partida asteartera aurreratuta, Peña eta Albisuren aurka jokatuta, hamar eguneko tartea izango luke esku hori berriz ere errekuperatzeko.
Dena dela, bihar Tolosan egongo dela aditzera eman izanak itxaropentsu egoteko arrazoiak ematen ditu eta txarrenean jarrita ere, Javi Zabalak Atano III.ean erakutsi zuen berme osoko aurrelari bat dutela Aspek edozein ezbeharretarako.