NAIZ

Tuterako eta Lezoko gazteek topaketa antolatu dute Erriberan martxoaren 16rako

Gazte topaketa antolatu dute martxoaren 16rako Tuteran Jai eta Piztu Lezo gazte asanbladek Erriberan, Korrika Tuterara heltzen den egunaren bezperan. Bi herrietako gazteen ezagutza eta esperientziak partekatzea bultzatu nahi dute.

Ekimenaren aurkezpena.
Ekimenaren aurkezpena. (TUTERAN JAI )

Tuteran Jai eta Piztu Lezo gazte asanbladek, Beterri Elkartearekin eta Agerraldiarekin batera, bi herrietako gazteen arteko topaketa eta elkartrukerako gune bat sortu dute. «Festarako eta gozamenerako ez ezik, hausnarketarako eta gure herrietako egoera soziolinguistikoari buruzko eztabaidarako asteburua izan dadin nahi dugu», azaldu dute.

Gazte Topaketa deitu diote ekimenari eta martxoaren 16an izango da, Korrika Tuteratik pasatzen den egunaren bezperan. Bi gazte taldeek eskerrak eman diote Beterri elkarteari jarduerarako instalazioak utzi dituelako.

«Tuterako eta Lezoko gazteek elkar ezagutzeko eta esperientziak partekatzeko aukera paregabea da Gazte Topaketa. Festa eta elkarbizitzarako eguna izatea nahi dugu, musikaz, kulturaz eta euskaraz gozatu ahal izateko», gaineratu dute.

Ekitaldia 12.00etan hasiko de Agerraldiaren aurkezpenaren Haize Hegoa lokalean. Jarraian Errigoraren produktuz osaturiko luntxa izango da. 14.30ean bi gazte asanbladen arteko bazkaria egingo dute. Ondoren, bazkalondoa goxatzeko Edu Zardoya Tuterako abeslariaren kontzertua izango da.

18.30ean elektrotxaranga Beterritik abiatuko da. Altsasuko Elketrokela elektrotxaranga Tuterako Alde Zaharreko kaleetan zehar ibiliko da, taberna laguntzaileentzat geldialdiak eginez.

21.00etan bertso afaria izango Aner Euzkitze, Maddi Aiestaran, Sarai Robles eta Irati Majuelo bertsolariekin. 00.00etan Trikidantzen emanaldia Beterriko patioan eta 2.00etan Unai Aizu dj-a arituko da Pulperia O Conxuro tabernan.