Iaz, Athletic eta Osasunaren finalerdiak eta ostean, talde gorritxoak jokatu zuen finalarekin gertatu antzera, aurten ere Kopako finalerdiak eta finala zuzenean emateko akordioa lortu du ETBk. ETB1ean emango ditu lau finalerdiak (joaneko biak eta itzulerako biak), eta final handia, euskara hutsean.
Euskal Telebista Publikoaren eta Espainiakoaren artean dagoen lankidetza-ildoaren barnean eman da akordioa, bi euskal talde finalerdietan daudela aprobetxatuta. Iaz, Athletic-Osasuna finalerdia eman zuten ETB1en (joaneko partida zein itzulerakoa) eta baita talde gorritxoak jokatu zuen finala ere, Real Madrilen aurka 2-1 galdutakoa.
Aurtengoan, hitzordu hirukoitza izango da. Astearte hau honetan jokatzen den Mallorca-Reala emango dute lehendabizi, bai eta asteazkenean jokatzen den Atletico Madril-Athletic ere (21.30ean). Itzulerakoak, otsaileko azken astean jokatuko dira, Anoeta zein San Mames erabakigarriak izango direla. Hala, ETB1ek zuzenean emango ditu dema hauek baita ere: hilaren 27an, 21.30ean, Reala-Mallorca eta 29an, 21.30ean, Athletic-Atletico Madril.
Finala apirilaren 6an jokatuko da eta gutxienez euskal talde bat egongo delakoan, ETB1ek partida hau emateko hitzarmena ere itxi du.