GAUR8

Sigmund Freud, eta Latinoamerikarekin zuen lotura

Inoiz Latinoamerikan izan ez bazen ere, Sigmund Freud psikoanalistaren ideiak inon baino biziago daude ozeanoaz bestalde gaur egun. Bere garaian, eskutitz bidez harremanak egin zituen herrialde latinoamerikarreko profesionalekin, eta Londresko Freud Museoak harreman horri erreparatu dio.

Alberto Hidalgo Peruko poetaren liburuak, Freud Museumen erakusketa aurkeztu zuten egunean hartuak.
Alberto Hidalgo Peruko poetaren liburuak, Freud Museumen erakusketa aurkeztu zuten egunean hartuak. (Justin TALLIS | AFP)

Freud eta Latinoamerika” izenarekin, munduak eman duen psikoanalista ezagunenaren bizitza eta bideari erreparatzen dion Londresko Freud Museoak Austriako neurologoaren ideien oihartzunari buruzko erakusketa ireki du berriki. Zehazki, Latinoamerikan izan zuen eta gaur egun ere baduen eragina du aztergai, nahiz eta Sigmund Freud (1856-1939) bera ez zen sekula han egon.

Gizakien ametsei zentzua bilatu nahi izan zion irakaslea eta emakumeak -haien «histeria» eta orgasmoak, besteak beste- begirada misoginoz aztertu zituen psikoanalista laudatu zein kritikatuaren ideiek atlantikoaz bestalde ere hartu zuten lur, eta hark utzitako eskola loretan dago gaur egun ere, bera kontinente zaharrean errotuta bazegoen ere.

«Azken hamarkadetan, Latinoamerika psikoanalisiaren ardatz gisa hartu izan da. Lurralde honen eta Freud-en arteko lehenengo istorioak ezagutu nahi genituen», azaldu dio AFP agentziari, Londresen ikusgai den erakusketaren komisarioak, Jamie Ruersek.

«Proportzioan, Latinoamerikan psikoanalista gehiago dago Europan baino», gaineratu du. Bere esanetan, gainera, Londresko Hampstead barrutian dagoen museora joaten direnen artean, talderik ohikoenetakoa da latinoamerikarrena; bereziki Argentinatik eta Brasildik joaten dira.

Etxea museo bilakatuta

Egun Freuden Museoa den eraikina neurologoaren eta bere familiaren etxea izan zen 1938az geroztik, Austriatik Londresera ihes egitea erabaki zuten arte, naziek herrialdea hartu zutela-eta. Judua zen Freuden familia, eta antisemitismoaren mehatxua bortitza eta gupidagabea. Etxe horretan bizi izan zen Anna, alaba gazteena, mundu mailan psikoanalista nabarmena bera ere, 1982. urtera arte.

Eta etxe horretan pazienteak artatzen jarraitu zuen Freud-ek, Vienan zuen kontsultako gela zehatz-mehatz birsortu eta gero. Masailezurreko minbizi baten ondorioz hil zen 1939an.

Orain pareta eta gela horiek berak hartu dituen erakusketa uztailaren 14ra arte egongo da ikusgai. Sigmund Freuden antzinako gauzen bilduma osatua eskaintzen du, besteak beste, karta pertsonalak, argazkiak, liburuak, eskulturak eta objektuak, den-denak Latinoamerikakoak.

«Pieza horietako asko miresle eta jarraitzaileek bidali zizkioten Freud-i», azaldu du erakusketaren komisarioak.

Buenos Aires, erreferentea

Iduri lezake Europa denez psikoanalisiaren habi, orain ere bera izango duela bizileku nagusi psikea aztertzen duen zientzia honek. Bada, ez. Londresko erakusketan nabarmentzen denez, gaur egun, Buenos Airesek (Argentina) du munduko per capita psikoanalista kopururik handiena: 145 psikoanalista 100.000 biztanleko.

Galeriako langile bat, Grete Stern argazkilari alemaniar-argentinarraren lanari begira (Justin TALLIS / AFP)

«Argentinan Europako beste herrialde batzuetan baino errazago sartu zen zientzia hau, aurretik tradizio psikiatriko eta psikologikorik ez zegoelako ezarrita, eta, beraz, askoz ere iragazkorragoa zelako kanpotik zetorren edozein ideiarekiko», adierazi dio AFPri Mariano Ben Plotkin argentinarrak, Mariano Ruperthuz txiletarrarekin batera “Freud doktore estimatua” liburuaren idazleak.

Liburu honen bi egileek lagundu diote erakusketarako museoari aholkuak ematen, eta Londresen daude orain.

Ben Plotkinen ustez, «Latinoamerikako gizartea modernizatzen ari zen, eta, hori dela eta, hiri sektoreetan Europatik zetorren edozeren harmen handia zegoen».

“Freud doktore estimatua” liburuaren egile honen iritziz, sinkretismo kultural bat gertatu zen, eta honek eragin zuen «Europako beste herrialde batzuen artean egin ezin izan ziren loturak Latinoamerikarekin egitea». «Europan onartezinak izango ziren konbinazioak onartzen zituen Freudek», gaineratu du.

Horren harira, Ben Plotkinek azaldu duenez, «psikoanalisian metodologia mediko oso modernoa eta obsesio zaharrak uztartzen ziren, ametsen gaia, esaterako [Freud-ek gehien jorratu zuenetakoa]. Bat-batean, teknika zientifiko batek haiei buruz hitz egiteko aukera ematen zuen, herri-kulturako gauzei buruz, diskurtso zientifiko moderno batetik».

Ruperthuz txiletarrarentzat, halaber, «1970etik aurrera, psikoanalisia Latinoamerikako eguneroko bizitzaren parte bihurtu zen», hainbeste, ezen «gai kulturala» dela baieztatzen baitu.

Ruersek zehaztu duenez, “Freud eta Latinoamerika” erakusketan, besteak beste, ametsei buruzko Brasilgo irrati-saio zahar baten zati batzuk entzun daitezke -entzuleek zuzenean deitzen zuten irratira izan zituzten ametsak kontatzeko, eta saioko gidariak analizatu egiten zituen-, 1950 eta 1960ko hamarkadetako Mexiko eta Argentinako aldizkariak irakur daitezke, eta Ruersen esanetan, «psikoanalisia masetara nola eraman zen erakusten dute».

Argazkiak, eskutitzak, liburuak

Erakusketa honek Grete Stern alemaniar-argentinarraren argazki sorta bat ere erakusten du, “Ametsak” izenekoa, 1948tik 1951ra bitartean Buenos Airesko andrazkoei zuzendutako aldizkari batentzat egina. “Psikoanalisiak lagunduko zaitu” izenburua zuen zutabe bat atontzen zuten argazkiok.

«Freud ez zen inoiz Latinoamerikara joan, gutun asko idatzi eta Vienan eta Londresen bisitari latinoamerikarrak hartu zituen arren», adierazi du Ruersek.

Psikoanalisiaren hedapenaren adibide modura, erakusketak kontatzen du Juliano Moreira brasildar mediku beltzak, esklaboen semea zenak, Freuden ideiak bildu eta Brasilen zehar zabaldu zituela.

Peruko Moche ontzia lepokoarekin, Mexikoko terrakotazko estatuatxoa eta Lokatz Beltzezko Madonna, antzinako artelanak (Justin TALLIS / AFP)

Freudek Latinoamerikarekiko zuen jakin-min eta miresmena areagotu egin zen 1884an kokainaren erabilerari buruzko liburu bat idatzi zuenean, “Kokan”. Liburu horretan, Boliviako eta Peruko koka-landarearen erabilerak aztertzen zituen, eta substantzia honek propietate sendagarriak dituela sinesten zuen, besteak beste, antidepresibo moduan funtzionatzen zuela baieztatzen zuen.

1920ko hamarkadan, Freudek harreman estua izan zuen Honorio Delgado psikiatra perutarrarekin. Bere «atzerriko lehen lagun» gisa deskribatu zuen, eta hurrengo hamarkadetan gutunak, liburuak eta opariak trukatu zituen berarekin, erakusketan ikus daitezkeenak.

Freud Vienatik Londresera joan zenean, Latinoamerikatik bidali zizkioten 62 liburuetatik 34 eraman ahal izan zituen berarekin, eta horietako askok egileen sinadura eta eskaintzak zituzten idatzita. Ondoko eskertza idatzi zion, kasurako, Honorio Delgado lagunak: «Sigmund Freud irakasle ospetsuari, miresmen eta errespetu sakonarekin». Liburu hauek ere Ingalaterrako hiriburuan daude ikusgai, Freud Museoan.

«Erakusketa honek istorio liluragarriak kontatuko ditu Sigmund Freud-i buruz, jende gehienak jakingo ez dituen istorioak», ziurtatu du Jamie Ruersek.