Korsika, Okzitania, Alsazia, Bretainia edota Euskal Herritik heldutako 40tik gora ikasle bertaratu dira otsailaren 7 honetan Parisera frantses Estatuari eskualde hizkuntzak babestuko dituen benetako estatusa plantan eman dezala eskatzeko.
Orotara hogei bat lagunez osaturiko ordezkaritza joan da Euskal Herritik. Seaskak Baionan duen Etxepare lizeoko ikasleak eta Lartzabaleko Manex Erdozaintzi kolegioan ikasten duten gazteak baitu dira delegaritzara, baita hainbat irakasle ere.
«Pourque Vivent nos Langues-Gure Hizkuntzak bizi Daitezen» plataformak bultzaturiko ekimena 12.00etan abiatu da. Frantziar Hezkuntza Ministerioaren aitzinean nahi zuten ekarretaratzea egin baina, baimenik ez dutenez ukan, pixkat urrunago gauzatu dute ekimena.
Bertatik haien aldarrikapenak azaldu dituzte lizeoko ikasleek, hala nola «isilarazitako gela» bat irudikatuz. Hala, bandera frantsesaren koloreak zituzten pegatinak eman dituzte ahoan, hala haien hizkuntzetan bizitzea galarazi nahi dietela salatuz.
Elgarrateratuak gira, beste herrietako kideekin, denak batera aldarri bera: hizkuntz eskubideak errespetatu! pic.twitter.com/Smm6WL5fAV
— Selaurua Betez (@selauruabetez) February 7, 2024
Ondoren Asanblea Nazionalera joan dira ikasleak, han beren eskaerak azaltzeko aukera izanen dutelako.
Hala da, 13.30tik aitzin sei bat ikaslek ‘Eskualdeko Hizkuntzak eta Kulturak’ legebiltzar taldean hitza hartu dute, besteak beste beren hizkuntzetan azterketak egiteko ezartzen zaizkien trabak agerian jarriz diputatuen aurrean.
Lau neska eta mutil bi. Bakoitza eskualde hizkuntza bizirik duen lurralde batetik helduta Parisera. Horra hor Asanblea Nazionalean errezibitua izan den ordezkaritzaren osaketa.
Antolatzaileek azaldu dutenez, lizeoetako ikasle horiek benetako estatusa eskatu diote Gobernuari «azken hamarkadetan Estatuaren aldetik pairaturiko ziurgabetasuna gaindituz hizkuntz horiek bizirik iraun dezaten».
Diputatuak ikasleen atzean
Nabarmentzekoa da Nafarroa Beherea eta Zuberoko hautesleak bere baitan hartzen dituen laugarren barrutiko Iñaki Echaniz diputatu sozialista (Nupes koalizio ezkertiarraren kidea da) banderolaren atzean azaldu dela ikasleek eguerdian antolaturiko elkarretaratzean.
Bertan izan dira, baitaere, tokiko hizkuntzen aldeko defendatzaile sutsua den Paul Molac Bretainiako diputatua eta François Alfonsi eurodiputatu korsikarra.
Hain zuzen, 2021eko apirilaren 8an gehiengo zabal batez onartu zuen frantziar Asanblea Nazionalak hizkuntza gutxituen defendatzaileek historikotzat jo zuten Molac diputatuak defendaturiko legea. 247 diputatuk aldeko boza eman zuten, 76ak kontrakoa.
«Pourque Vivent nos Langues-Gure hizkuntzak bizi daitezen» plataformak bozketa hori aurrerapen gisa hartu badu ere, geroztik harturiko erabakiek «egoera kezkagarrian» utzi dituztela eskualdeko hizkuntzak oroitarazi du.
Estatuak eskualde hizkuntzetan jarduten duten ikastetxeei zuzendutako baliabideak «beharrak zeintzu diren ikusita irrigarriak direla» salatu du plataformak gaur Parisen antolaturiko ekimen aldarrikatzaileari begira plazaraturiko oharrean.
Era berean, eskualde hizkuntzetan jarduten duten gurasoek oraindik ere beren seme-alabei bretoiera edo euskarazko grafia errespetatuz izenak jartzeko oztopoak atzematen dituztela nabarmendu dute.
Hala Fañch edo Iñaki izenekin haurrak erroldatzeko oztopoz beteriko bidea egin behar dute gurasoek frantsesez ez direlako sinbolo ortografiko horiek erabiltzen.
Molac legea zeharo ahularaziz frantziar Kontseilu Konstituzionalak 2021ko maiatzaren 21ean plazaratu zuen ebazpena bereziki larria izan zela nabarmendu du plataformak.
Horren ostean, Estatuari zuzenduriko bere oharrek ez dutela erantzunik jaso salatu du hizkuntza gutxituak baliatzen dituzten lurraldeak bere baitan hartzen duen «Pourque Vivent nos Langues-Gure hizkuntzak bizi daitezen» plataformak.
Egoera horretan «gazteriak mobilizatzera jo duela» gaineratu dute ekimenaren antolatzaileek, Parisen diputatuei eskatzeko frantses Errepublikaren hizkuntza bakarra frantsesa dela aldarrikatzen duen Konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko.