Arnaitz Gorriti

Ganorazko laurden bat nahikoa izan du Bilbao Basketek Balkan Botevgrad ahula jipoitzeko (90-63)

Jaume Ponsarnaurenek multzoko aurreneko postua bermaturik zuten eta hala, aurreneko erdian kontzentrazio eta tentsiorik gabe aritu dira. Hirugarren laurdenean erdietsitako 34-13 partzialak erabaki du dena. Europako txapelketa martxoan itzuliko da Bilbora, Legia Varsovia taldearen aurka.

Alex Reyes izan da jokatzeko ganora eta kontzentrazioa gehien mantendu duen jokalarietako bat.
Alex Reyes izan da jokatzeko ganora eta kontzentrazioa gehien mantendu duen jokalarietako bat. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

SURNE BILBAO BASKET 90 - BALKAN BOTEVGRAD 63

Hamar minutu on nahikoa izan ditu Surne Bilbao Basketek FIBA Eurocupeko bigarren faseko ligaxka honetako azkenengo partida erraz irabazteko. Hirugarren laurdenean pilaturiko 34-13 partzialak salbatu du neurketa, osterantzean bilbotarrak oso eskas aritu baitira, partidari gutxieneko garrantziarik eman gabe.

Halakoetan minik hartu gabe ibiltzea bera ere ez da gutxi, eta hirugarren laurdenean emandako maila nahikoa izan da neurketa esperotako aldeaz irabazteko.

Bezperan Portok Gottingen gainditu eta gero, Surne Bilbao Basketek multzoko aurreneko postua bermaturik jokatu ahal izan du Balkan Botevgrad taldearen aurka. Jaume Ponsarnauk berak ere asteazken honetako partidari baino igandean Valentzia Basketen aurka jokatu beharrekoari garrantzia handiagoa eman dio, eta neurketa bezperan egindako adierazpenei jaramon eginez, hainbat aldaketa sartu ditu. Esaterako, Renfroe eta Denzel Anderssonek atseden hartu dute eta Sacha Killeya-Jones, berriz, aulkian eghon bada ere, ez da kantxara atera. Hala, pibot lanetan Hlinason eta Tsalmpouris aritu dira.

Hala ere, beltzezko gizonek ustez indartsu eta kontzentraturik ekin diote lehiari, Bulgariako taldea baino askoz hobea dela erakusteko asmoz. Alabaina, kontzentrazioak lauzpabost minutu baino ez ditu iraun; nahikoa 18-9 aurrera jotzeko, partida horrekin hautsitzat jo zitekeelakoan. alabaina, Balkan Botevgradek hirukoz hiruko erantzutea lortu du. Barruko jokoan nagusitzeko inor ere ez dutenez, bulgariarrek kanpotik asmatuta egin dute atzetik aurrera, baita bilbotarren kontzentrazio eskasak ere. Atera kontuak, bulgariarrek 4-14ko partziala erdietsita aurretik jartzea lortu dute, Yordan Minchev hegal-pibotaren puntuei esker. Nolanahi, aurreneko laurdena 24-23 aurretik amaitu dute bilbotarrek.

Ez zaio ganora askoz handiagorik nabarmendu talde bizkaitarrari bigarren laurdenean ere. Atsedenaldira iritsi aurretik bost baloi galdu dituzte Jaume Ponsarnaurenek, eta ez Balkan Botevgradek defentsan asko sakatu duelako. Saskiratze bat hemendik, beste bat hortik, abantailarik pilatu ezinik jardun dute biek ala biek bigarren laurden horretan. Ez gutxi kostata, 42-38 «aldentzea» erdietsi du Bilbao Basketek, Alex Reyesek –profesionaltasun itxurarik duinena eskaini duen jokalaria aurreneko zatian– azken minutuan pilatu dituen pare bat jokaldiri esker.

Seriotasuna, azkenean

Miribillan pilatu den jende multzoari zor zaion errespetuagatik bada ere, beste aldarte batekin ekin dio talde bilbotarrak hirugarren laurdenari. Aurreneko 20 minutuetan ez bezala, barruko jokalariak bilatzen hasi dira antolatzaileak eta saskira begira askoz bertikalago ekin diote jokatzen gainera.

Defentsan ere ganora askoz handiagoa erakutsi dite Jaume Ponsarnaurenek eta, tira, orduan bai, 15-4ko partziala lortuta partidari behar zuen astindua eman diote beltzezko gizonek. Nebojsa Knezevic bulgariarren entrenatzaileak hutsartea eskatzerako, markagailua goitik behera etxekoen alde geratu da: 57-42.

Itxura denez, Jaume Ponsarnauren aginduak ondo baliatu dituzte jokalariek hirugarren laurdenean eta hala, 15 puntuko langa ere berehala utzi dute atzean utzi dute, baita 20 puntukoa ere. Seriotasunez jokatu dute laurdena hasi eta buka, eta azken hamar minutuak iristerako, markagailua 76-51 utzi dute, inolako ezustekorik izateko aukerarik gabe.

Tamalez, azken laurdenean hirugarren laurdeneko ganora eta seriotasuna itzali egin dira. Ez erabat, zorionez, Unai Barandalla eta Tomeu Rigok lan polita egin dutelako azken minutu hauetan. Jaume Ponsarnauk kantxaratu dituen jokalari guztiek saskiratze bat erdietsi dute gutxienez eta FIBA Eurocupeko bigarren faseko ligaxka hau behar bezala amaitu dute. Orain ACB Ligan zentratzea dagokie beltzezko gizonei, Europa martxora arte ez baita itzuliko.

Legia Varsovia, zain

Final-laurdenetako kanporaketan Legia Varsovia taldea izango du aurkari talde bilbotarrak. Joan-etorriko kanporaketa izango da: martxoaren 6an joanekoa Poloniako hiriburuan eta 13an, berriz, Bilbao Arenan, itzulerakoa. Sporting Club Portugal Lisboako taldeari 86-99 irabazi dio Legiak, bi antolatzaileen lan bikainari esker: Loren Jackson antolatzaile txikiak –1,73 metro– 23 puntu eta 7 asistentzia erdietsita eta 22 puntu, 5 errebote eta 4 asistentzia, aldiz, Christian Vitalek.

Joaneko partidan 93-84 nagusitu zitzaion Poloniako taldea Lisboakoari, eta hala, aurreneko erdian direnak eta ez direnak egin dituzte portugaldarrek bederatzi puntuko alde horri buelta emateko, garaipenetara berdintzea ez baitzuten asko beren multzoko bigarren postuaz jabetzeko. Atsedenaldira hain justu bederatzi puntu horien aldeaz aurretik iritsi dira Lisboakoak: 53-44, eta zaleen laguntzaz puntu aldeari buelta emateko gai izan zitezkeela zirudien.

Alabaina, Marek Popiolek entrenatzaileak zuzenduriko taldeak 19-31ko partziala lortu du hirugarren laurdenean eta partida goitik behera aldatu du. Horrez gain, laugarren laurdenaren hasieran 74-75 hurbildu baldin badira ere portugaldarrak, 0-10eko partziala lortu du Legia Varsoviak eta kitto! Handik aurrera partidak ez du kolorerik izan.

FITXA TEKNIKOA:

BILBAO BASKET: Melwin Pantzar (8), Adam Smith (2), Alex Reyes (13), Thijs Ridder (8) eta Georgios Tsalmpouris (10) –hasierako bostekoa–, Kristian Kullamae (4), Keith Hornsby (8), Xavi Rabaseda (4), Tomeu Rigo (11), Tryggvi Hlinason (13) eta Unai Barandalla (9).

BALKAN: Shakur Hannah (10), Sotirov (11), Dimitrov (5), Pishtikov (13) eta Minchev (13) –hasierako bostekoa–, Grozev (7), Korestilov (2), Gerganov (2), Gavazov ().

Epaileak: Matejek, Baloun eta Ceccarelli. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 24-23, 18-15, 34-13, 14-12.