NAIZ

Mugerreko hezeguneetako 12 hektarea artifizializatzeko egitasmoa salatu du Bizik

Udalak Europako Merkantzia Zentroa handitzeko plana ontzat eman ondoren, Bizi mugimenduaren kideek ekintza egin dute Mugerren. Herriko Etxearen aitzinean lurra bota dute egitasmo hori plantan emateko herriko hezeguneetako 12 hektarea artifizializatuko dituztela salatzeko.

Biziko ekintzaileak, Mugerreko Herriko Etxearen aurrean.
Biziko ekintzaileak, Mugerreko Herriko Etxearen aurrean. (@Bizimugi)

Mugerreko auzapezak, Roland Hirigoyenek, herriko hezeguneko azken 12 hektareen artifizializatzeko baimena eman zuen, joan zen urtarrilaren 30ean.

Lur horiek baliatuko dituzte Europako Merkantzia Zentroa handitzeko, baita Enovis material medikoa ekoitzen duen enpresaren instalazioa errazteko.

«Nehondik ere ezin da utzi Mugerreko Herriko Etxea baimentzen 14.000 kamioi hezeguneetako 12 hektarea hauek artifizializatzen. Hezegune hauek suntsitzeak gure klima segurtasun sareak ahultzen ditu eta arriskuan ezartzen gaitu amildegiaren bazterrean giren momento honetan», adierazi du, kezka handiz, Gaëlle Vincens Bizi elkarteko bozeramaileak.

Hezegune horietan babesturiko 58 espezia dituen «ekosistema aberatsa bezain hauskorra» suntzitseko arriskuaz ohartarazi dute Biziko kideek. Hala, Mugerreko auzapezak babesturiko egitasmoa arbuiatzeko lurra bota dute Herriko Etxearen aitzinean.

Beste alternatibak aztertu

«Mouguerre Cadre de Vie eta CADE elkarteek beste aterabide batzuk proposatu dituzte egitura ekonomiko horiek plantan emateko era berean lurraldea babestuz, eta horrek egoera oraino ulergaitzagoa bilakatzen du», gehitu du Gaëlle Vincensek.

Mugerreko Herriko Etxeari eta Euskal Elkargoari proposamen alternatiboak helarazi dizkiete aipaturiko elkarteek.

Batetik, Enovis enpresari beste kokapen bat eskaintzea galdetu dute, esaterako, Mugerreko Herriko Etxeak onarturiko plana aurrera badoa artifizializatuko den lursailaren ondo-ondoan den Salines-en industriagunean tokia eginez.

Bestetik, trenbideendako lurreztatze lanak gibelatzea eskatu dute.

Ekintza amaitu aitzin, Mugerreko auzapezari zuzenduriko gutuna utzi dute Biziko kideek, Hirigoyenek hiru hilabeteko epea baitu iritziz aldatzeko.

Bizik, bere aldetik, Mugerreko azken hezeguneetatik 12 hektareen artifizializatzeko proiektu honen kontra saldoan mobilizatzeko deia egin du. Hala, sinadura bilketa martxan eman du helbide honen bidez: bit.ly/barthes-mouguerre