Denbora luzean itzalean egindako lan onak azkenean saria izango du eta Xabi Erostarbek lehen mailako Binakako txapelketan jokatzeko aukera izango du larunbat honetan Bizkaia Pilotalekuan Jose Javier Zabaletaren ordezko gisa. Etxarrendarrak eskuin izterreko minarekin jarraitzen du, aurreko astean partida aparteko arazorik gabe amaitu bazuen ere, ez du bere burua jokatzeko moduan ikusten eta Peña II.a-Albisuren aurkako partida jokatzeari uko egin dio. Nafarren ordez aritzeko aukerak zituen Iñigo Bikuñak ere, eskuko minarekin, Labriten jokatzekoa zuen B serieko bere partida bertan behera utzi behar izan du –Aldabek ordezkatuko du– eta Aspek urretxuarrari aspaldi espero zuen parada eman dio.
Gainera, nolabaiteko lasaitasunarekin ekin ahalko dio Xabi Erostarbek lehen mailako bere lehen partidari, Bilbon gertatzen duenak ez duelako izango aparteko garrantzirik Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurrera egiteko aukeretan. Aspeko nafarrentzat datorren larunbatean Labriten Artola-Imazen aurka jokatu behar duten partida da finalerdietara zuzenean sailkatzeko giltza. Baikoko gipuzkoarrak dira oraintxe bigarren postu horretarako euren arerio bakarrak eta lehen itzulian hauek 22-21 gailendu zirenez, Etxeberria-Zabaletak 22-20 irabazi beharko liekete desiratutako bigarren postu hori eskuratu ahal izateko. Edozein kasutan, hirugarren postua ziurtatuta lukete gertatzen dena gertatzen dela.
Asteburu honi begira, Aspek hirugarren aldaketa bat ere egin behar izan du, Egiguren V.a ere eskuko minez denez, ez du Tafallan jokatuko eta B-serie txapelketan Matak ordezkatuko du Tafallan.
Aranguren eta Mariezkurrena, bueltan
Bien bitartean, azken bi asteetan kantxetatik at izan dituen euren eskuetako minak gaindituta, Jon Mariezkurrena eta Aitor Aranguren kantxetara itzuliko direla baieztatu du Baikok.
Jakak eta Mariezkurrena II.ak Elordi-Rezustaren aurka jokatuko dute astelehenean Tolosan, finalerdietarako sailkapena ziurtatuta dutela. Eta Laso-Arangurenek Ezkurdia-Tolosa izango dituzte aurrez aurre igandean Tafallan, azken postuari ihes egiteko lehian.
Serie B txapelketari dagokionean, Iraitz Zubizarreta ere bueltan da azken jardunaldian eskuko minagatik baja izan ostean. Larunbatean Labriten itzuliko da, Ugartemediarekin batera, De la Fuente-Aldaberen aurka jokatzeko