NAIZ

Iriarte: «Aurrekontuen gerakina zaintzara eta bizitzaren garestitzea etetera bideratu behar da»

Aurrekontuak oraindik onartu ez diren arren, 30 milioi euroko gerakina du Gipuzkoako Foru Aldundiak EH Bilduren arabera. Maddalen Iriartek gerakin hori zaintzarako eta bizitzaren garestitzeari aurre egiteko erabili behar dela iritzi du, eta neurri zehatzak proposatu ditu.

Maddalen Iriarte ostiral goizean bere proposamena azaltzen.
Maddalen Iriarte ostiral goizean bere proposamena azaltzen. (Andoni Canellada | FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiak oraindik ez ditu 2024ko aurrekontuan onartu, egoera horretan, 30 milioi eurotako gerakina dagoela jakinarazi du EH Bilduk. Egungo Foru Gobernuak proposamenik egin ez duela salatu eta gerakin hori zaintza beharrei eta bizitzaren garestitzeari aurre egiteko baliatu behar dela esan du Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak.

«Gipuzkoak ezin du geldirik egon, herritarren beharrek eta lurraldearen erronkek berehalako erantzuna behar baitute, eta ezinbestekoa da epe luzeagoko erronkak finkatzea» argudiatu du Iriartek ostiral goizean egindako agerraldian.

Gipuzkoako aurrekontuan 30 milioi euroko gerakina dago, eta Iriarteren ustez «herrialdeak aurrez aurre dituen erronkei heltzeko» baliatu behar da. Gaineratu du EH Bilduk ez duela ulertzen EAJ eta PSEk gidatzen duen Aldundiak nolatan ez duen aurkeztu oraindik Foru Araurik «aurtengo aurrekonturako zituen 30 milioi euro gehigarriak gaitzeko eta zertarako erabiliko zituen zehazteko».

Atzo aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 2024-2027 urteetarako plana, baina Iriarteren ustez, «konpromiso zehatzak behar ditu: zein oinarri ekonomiko izango duen, nola finantzatuko den, nola bermatuko den eta nola ebaluatuko den».

Negoziaketara eraman ziren lan ildoei jarraiki proposatu ditu Iriartek gerakinaren 30 milioiak baliatuz hartu beharreko neurri zehatzak. «Etorkizuneko zaintza beharrei aurre hartu eta eredu publiko-komunitarioranzko bidea trantsitatzea ezinbestekoa izango da», adierazi du, eta horretarako, lehenik, adinekoen eta menpekoen zaintzarako familiei bideratutako diru laguntzak handitu behar direla.

«Familia bakoitzak zaintzarako kontratatzen dituzten pertsonak ordu gehiagoz kontratatzeko moduan izateko eta langile horiek zaintzaile lan-baldina duinak izateko». Bigarrenik, udalentzat «funts berezi bat» sortzea proposatu du, «etxez etxekoa indartu eta tokian tokiko zaintza ekosistemak martxan jartzeko».

Ehun ekonomikoa indartu

Beste alde batetik, Iriarteren ustez «Gipuzkoako ehun ekonomikoaren ardatza» diren enpresa txiki eta ertainei, zein autonomo eta tokiko merkatariei «akonpainamendu publikoa egingo dien neurrien alde» lan egitea garrantzitsua izango da.

«Zuzeneko diru-laguntzen partida handitzea proposatzen da, bi helbururekin: energiaren garestitzeari aurre egiteko, eta energia, ingurumen zein digitalizazioaren trantsizioak laguntzeko», azaldu du EH Bilduko bozeramaileak.

Garraio publikoa herritar guztien eskura jartzeko maiztasunak areagotzeko, kopurua igotzeko eta elektrifikaziorantz abiatzeko estrategia martxan jartzeko proposamena aipatu du Iriartek. Eta bestalde, herri hezitzaileeen proiektu integrala lurralde osora hedatzeko asmoaren berri eman du, «haur eta nerabeen aisialdian euskararen sustapen osoa bermatzeko».